Jateko ere ez dira geratzen lanpetuta daudenean. «Tabernatik bazkaria ordaindu gabe irten izan gara, elurra mara-mara hasi duela ikusita», dio Xabier Garaiarrek. «Tabernariak ezagutzen gaitu, eta gero ordaintzen diogu». Elurraren esperoan bizi dira, atezuan, eta, iritsitakoan, haren aurka ahitzen dituzte indarrak; hark zehazten die lan erritmoa. Elurra kentzeko makinak ezinbesteko bilakatu dira azken egunetako denboralearekin. Etxegarate eta Idiazabal (Gipuzkoa) artean N-1 errepidean ibiltzen da gora eta behera Garaiar makinarekin. Beste lauk egiten dute ibilbide bera.
Bi txanda izaten dituzte elurra kentzen duten langileek. 06:00etatik 18:00etara artekoa egokitu zaio Garaiarri. «Nahiago izaten dut gauekoa. Zirkulazio gutxiago egoten da, eta errepideak garbitzea errazagoa da», azaldu du. «Eta kazetaririk ez da egoten», dio txantxetan. Kamioien eta autoen artean makinarekin lekua egin eta aurrera egitea da nekezena, Garaiarren aburuz. Oro har gidarien jokaera ona izanagatik, beti baitaude salbuespenak. Ezkerretik hasten zaizkie aurreratzen zenbaitetan. «Presaka bizi gara. Batzuek ez dute minutu bat ere galdu nahi, eta aurpegi txarrarekin begiratzen zaituzte, edo ukabila altxatu, baina ez dut inorekin liskarrik izan orain artean».
Bost urte daramatza lan honetan, eta gustuko du. «Elurrik ez dagoenean? Errepideak mantentzen ditugu. Seinaleak aldatu, bazterrak garbitu...».Makina maneiatzea sentsazio polita dela dio, egoera kontrolpean dagoenean betiere. Eta egunak daude. «Mara-mara hasi eta errepidea garbitu ezinik ibiltzen bagara, estresak jota aritzen gara». Herenegun, adibidez. Etxegarate itxi egin behar izan zuten, tarteka. Halakoetan eguraldiaren aurka ezin dela ezer egin gaineratu du.
Gatz biltegiak
Elurra, izotza eta gatza dituzte bidaide. Idiazabal eta Etxegarate arteko bide ertzean gatza kargatzeko hiru leku daude, eta, urrutirago joanda, Beasainen dute aukera. Hango biltegian gatz zaporea iristen da ahora. Elkarrekin berriketan jarduteko baliatzen dute unea gidariek. Ez dago denbora galtzerik, hala ere. Motorra martxan jarri, eta berriz ere gora abiatu da Garaiar.Maniobrak egiten trebea da oso, nabari da aurretik kamioilari izandakoa dela; lankide ugari ditu bera bezalakoak. Musika dauka irratian jarrita. «Ikusten duzu; ongi bizi gara. Entretenigarria da lana; egunero ezberdina». Igorgailutik hitz egiten hasi dira, halako batean. «Itzali egingo dut badaezpada. Astakeriaren bat esango dute-eta akaso», dio umoretsu. Une oro elkarrekin komunikatuta egoteko erabiltzen dute irrati aparailua.
Argazkiak ateratzeko kamioiko kristalak garbitzera irten, eta hoztuta itzuli da. «Eskertzen da barruan goxo eta busti gabe egotea. Elurra leihotik ikusteko da polita, txokolate bero bat alboan duzula».
Etxegarate gaineko tabernan eguraldia da hizketagai bakarra egunotan. Elurrarekin jendea ohi baino gutxiago geratzen da zerbait hartzeko. David Pereira kamioilaria egunkaria irakurtzen ari da. Ponferradatik (Espainia) Frankfurterako (Alemania) bidaia egiten du astebetean. Eredutzat du herrialde hori. «Elurra egiten duenean ez da arazorik izaten Alemanian. Betiko abiaduran gidatzen jarraitzen du mundu guztiak».
Plaza giro
Elurraren atezuan
Etxegarate eta Idiazabal arteko N-1 errepidean, elurra kentzeko bost makina dabiltza egun hauetan gora eta behera; atsedenik gabeko lana dute gidariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu