Komunikazioa. Ekografiak

Emaberekundekoiak

Aritz Galarraga.
2011ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Azpidatziekin edo bikoiztuta? Nola nahiago dituzue pelikulak? Eta telesailak? Eztabaida mahai gainean dago beti, ez da sartu berria. Azpidatzien aldekoa naiz ni, oso. Ez dakit, gustuko ditut aktoreen purrustadak hizkuntza arrotzetan entzutea. Gero arrazoi objektiboagoak daude: belarria egiteko besterik ez bada ere, abantaila da jatorriko hizkuntza. Merkeagoa da azpidatzia eta, ondorioz, pelikula gehiago jar liteke euskaraz. Ez ahantzi Espainiaren beste herentzia bat gehiago dela bikoizketa. Eta, batez ere, azpidatziekin ez duzu pelikula guztietan Goenkale-ko Tximas ikusten.

Horregatik poztu nintzen asko azpitituluak.com webgunea aurkitu nuenean. Pelikula mordo bat aurki daiteke bertan euskarazko azpidatziekin, telesailak ere bai. Canal+ katean egunotan estreinatu dutena, Mildred Pierce, esaterako (dei nazazu melenga, baina ikusiko nuke). Lan izugarria egiten ari direla iruditzen zait, tap eta tap, hainbat lagun bakoitza bere aldetik itzultzen. Baina gauza bat ez zait kaskoan sartzen: azpidatzi egile aktiboenetako batek —sekulako film saldoa itzultzen ari da— zenbait erabaki ulertzen zail hartzen dituela. Socialist party eta lesbian ez ditu ematen, adibidez, Alderdi sozialista eta lesbiana gisa, baizik eta Gizarte alderdia eta emaberekundekoia. Eta doiketak onartu ez, eta ez ote den, neurri batean, alferreko lana.

Emaberekundekoiez ari garela, telebistak eskaini digu egunotan momentu izar bat: bi behin-behineko emaberekundekoi (telebistak abiada biziz mugiarazten ditu sexualitateak), elkarri deklaratzen betiereko maitasuna (hots, hilabete pare batekoa edo, gehien jota, saioak iraun artekoa). Baina ez didazue esango polita izan ez denik. Imajinatu Acorralados izeneko reality-a, platoarekin zuzeneko konexioa ez dakit non dauden lehiakideek.

Lehen planoan maitasuna deklaratzera doana, platoan bigarrena; planoa pixka bat ireki, eta platoan dagoenaren ama, lehenaren alboan eserita. Inor gutxik espero duenean maitasun deklarazioa, transgresio uste eta askatasun sexual dosiarekin. Ama mainaka, alaba beti izango baita alaba, unerik zailenetan ere. Ez dakit zergatik, halere, kosta zait eszena sinestea, dena hain xuxen, dena hain neurtu. Kosta zait sinestea, Mildred Pierce zuzenketa ortografikorik gabe eta aukera lexiko jakin batzuekin ikusten ariko banintz bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.