Bilboko Aste Nagusia. Virginia Berasategi. Pregoilaria

«Emakume kirolariak normaltasunez ikustea nahi nuke»

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Aste Nagusi oso berezia biziko du pregoilari lanetan Virginia Berasategi triatletak (Bilbo, 1975). Udak lehiatzen igarotzen ditu, eta uste du jaietan dena «berria» izango dela beretzat. «Berritasunak gogoko ditut, aberasten nauten esperientziak».

Europako txapelketan bigarrena izan zinen; Gasteizen jokatutako munduko txapelketan, berriz,laugarren. Lehiaketaz betetakouda bat pasatu duzu. Aste Nagu-sirako prestatzeko astirik eduki duzu?

Egia esan, ez. Jende guztiak galdetzen dit ea urduri nagoen. Orain arte elkarrizketetan aipatu nauzuenean baino ez naiz urduri jarri. Hor hasten da estualdia, lehiaketa baten aurretik sentitzen dudan urduritasun bera. Orain, pregoilari jantzi naizenean eta Nerea ere jantzita ikusi dudanean, galdetu diot: «Zu ez zaude pixka bat urduri?».

Oso nekatuta nago. Udan lan pilo bat egin dut, eta egun bat behar dut lasai egoteko eta pregoia bukatzeko. Jesartzeko eta gelditzeko gogoa daukat. Fisikoki eta mentalki hutsik nago. Hortaz, lasaitu beharra daukat, aurretik dauzkadan egunetarako prestatzeko.

Orduan, pregoia bukatzeke daukazu? Ideia, behintzat, buruan izango duzu, ezta?

Bai, noski, ideia badaukat, baina ez naiz oso ona letretan! [Barrezka]. Gainera, laburra egiten saiatu behar naiz; euskarara itzultzeko laguntza eskatu behar dut... Xehetasunak zehaztea falta zait.

Pregoilari izendatu zintuzten, eta hori zure kirol ibilbidea saritzeko modu bat da. Hunkituta al zaude?

Oso. Ez dakit nola azaldu niretzat honek zer esan nahi duen. Hamalau edo hamabost urte nituenean, nire lagun guztiak Aste Nagusira joaten ziren, eta ni Plentzian geratzen nintzen, entrenatzen, etxera goiz heltzen. Arraro samarra nintzen, imajina ezazu: 1990 inguruan, trialtloia egin nahi zuen neskatila bat... Orain nahiko kirol ezaguna da, baina orduan oso gutxi ginen. Hemen, nire aita izan zen aitzindaria.

Oso polita da hainbeste borrokatu eta lan egin ostean nire jendearen ezagutza jasotzea. Gainera, nahiz eta ez zaidan etiketa hori erabiltzea gustatzen, emakumea naiz. Niretzat hau sinestezina da; eskerrak eman beharra daukat.

Emakumeek protagonismo berezia izango duzue aurtengo jaietan. Zer deritzozu?

Ez dut bereizketa egiterik gustuko. Emakume kirolariak normaltasunez ikustea nahiko nuke. Gutxika, erakutsi dugu emakumeok edozein arlotan maila gorenean aritu gaitezkeela. Egia da une hauek onak direla jendeak gogoeta egin dezan, eta komunikabideek kasu pittin bat gehiago egin diezaguzuen, baina egunero egin beharreko lana da hau.

Jaietako egitarautik, zein ekintzatan parte hartzeko gogoz zaude?

Denerako irrikan nago, goizetako lehiaketa gastronomikoetatik eta Txikigunetik hasita. Txosnetan egoteko gogoa ere badaukat. Bestalde, kirol arloko ekintzei heltzeko gogoekin nago. Aerobitonean parte hartu nahiko nuke, eta hiri krosean korrika egingo dut, baina beste bat gehiago izango banintz bezala.

Pregoilari jantzita?

Jakina! Hori bai: gona kenduko dut, eta prakak eta kirol oinetakoak jantziko ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.