ATZEKOZ AURRERA

Emakumeak, bertikalean ez

Herri musikagintzan emazteek izan duten eginkizunaz aritu zen atzo Joan Mari Beltran, Oiartzungo Soinuenean. Jo, asko jo dutela, baina beti sukaldean, edo senarrak zainduta.

Juan Mari Beltran musikari eta ikertzaileak tresnaz tresna azaldu zuen atzo emakumeen bazterketa musikan. JON URBE / FOKU.
Edu Lartzanguren.
Oiartzun
2018ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Harrituta dago Beñat Ralla musika irakaslea, eta txundituta Vincent Thevenaz Genevako (Suitza) katedraleko organista. Elkarrekin ikasi zuten Genevan duela bost urte, eta, non ikusiko elkar berriz lehen aldiz, eta Oiartzunen (Gipuzkoa). «Hemen entzundakoa gero hezkuntzara eraman nahi dut, musikagintzako ereduen %80 gizonezkoak baitira», esan du Rallak. Beraz, «pertsonalki eta profesionalki» interesatzen zaio Juan Mari Beltranek kontatzeko daukana.

Hiru emakumez eta hiru gizonez osaturiko taldetxoa Beltran musikari eta musikografoaren inguruan jarri da. Haren etxean daude, Beltranek sortutako Soinuenea Herri Musikaren Txokoan, hango musika-tresna museo txiki baina ongi orkestratuan.

Espainiako telebistak eginiko telesail bat salatu du musikologoak, hasteko. Errepublikaren proklamazioa ospatzeko, Madrilen 1931n musika bandek eginiko jaialdia agertu zen telesailean. Musikari guztiak garai hartako uniformeekin agertzen ziren, baina arazo bat zegoen: erdiak emakumezkoak ziren irudietan. «Garai hartan, Madrilen, musika bandetan ez zegoen emakume bakar bat ere», esan du Beltranek. Etxarri Aranatzen (Nafarroa) ere ez, gogoratu du hizlariak. Izan ere, hango bandan ikasi zuen berak txistua eta klarinetea jotzen. Emakumeei musika plazan jotzen ez uztea tradizio luzeko kontua da.

Inexa Gaxenen kasua azaldu du hizlariak: 1611. urtean sorginkeria egotzi zioten Hondarribian (Gipuzkoa), eta Espainiako Inkisizioaren esku utzi zuten herriko agintariek, besteak beste, danbolina eta txirula jotzea leporatuta. «Horrek erakusten du emakumeek ezin zituztela halakoak jo».

Museoko hurrengo bitrinan, 1920ko argazki batean agertzen da emakume bat, Itziarren (Deba, Gipuzkoa) panderoa jotzen. Noski, aldamenean senarra dauka, zeharkako txirularekin. «Mauriziaren [Aldeiturriaga] ondoan ere, hasieran, beti agertzen zen haren senar Karakol», azaldu du Beltranek. Izan ere, izen-abizenekin ezagutzen diren albokari guztiak ere gizonezkoak dira. Emakumeek albokaren errepertorioa abesten zuten, bai, baina senarrak hurbiletik zainduta.

«Galizian berdintsu», erantzun dio Martazul Busto filologo galiziarrak. Os Rosales gaita taldearen istorioa kontatu du: taldeko bat gaixotu, eta familiako emakumezko batek ordezkatu zuen behin. Geroztik, etengabe deitzen zieten herrietatik jotzera joateko, «gaita jotzaile andereinodun» bakarrak zirelakoan. Emakume musikaria plazan, beraz, baina abere exotiko gisa.

Gelatxotarrak dira beste adibide bat. Akordeoi familian emakumezkoek ere bazekiten soinu handia jotzen. Han daude, 1953ko argazki batean, irribarrez. Baina herriz herri gizonezkoak bakarrik ibiltzen ziren.

Munduan oso zabalduriko tabua izan da. Nikole Kidman aktore australiarrak hango aborigen batzuen kritika gogorrak jaso zituen 2008. urtean, telebistan didgeridua jotzen —saiatzen— agertu zelako. Beltranek hodi itxurako tresna luzea seinalatu du bitrinan. Emakumeek hori jotzea debekaturik dutela argudiatu zuten.

Pikabea «gizonjalea»

Emakume izanda plazan musika jotzeko, oso ausarta izan behar zen Euskal Herrian duela gutxi arte. Adoretsu horietako bat Ramoni Pikabea soinu-jotzailea izan zen. «Gizonjale ospea zuen», esan du Beltranek. «Kontatzen dutenez, gizon bat sartzen zuen bere eta akordeoiaren artean, eta dantza egiten zuen harekin, jo bitartean. Baina nik ez dut sinesten».

Kontrako ahots bat altxatu da orduan: «Primi Erostarberen senidea naiz, eta hura bere kasa ibiltzen zen jotzen, senarra aldamenean izan gabe», esan du Mari Paz Perezek. Beltranek ondo ezagutu zuen Erostarbe pandero jotzaile eta irrintzilaria, eta baietz erantzun dio, baina hura «oso kasu berezia» zela. Nortasun handikoa zen, nahiz eta ez zuen lortu Aldeiturriagak adinako osperik. Irrintzia ere hitzekin botatzen zuen Erostarbek. Grabazio zahar batean entzuten zaio irrintzi batean esaten «heldu-gerritik-eta-pixka-bat-beheraxeagotik». Barreak entzun dira museo txikian.

Musika klasikoaren munduan emakumeen bazterketa are larriagoa izan dela salatu du Beltranek Thevenazi begira, eta organistak baieztatu egin du. «Lotsa ematen dit Vienako Urteberri eguneko kontzertuak. Debekatu egin beharko lukete telebistan ematea», esan du Beltranek. Azaldu duenez, pare bat emakume baino ez da egoten orkestran, eta kamerek etengabe enfokatzen dituzte gehiago daudela eman dezan. «Ez dator bat errealitatearekin: emakumeak gehiengoa dira gaur bandetan». Ez, ordea, musikagintzako botereguneetan. «Irabazi dute horizontalean, baina oraindik ez bertikalean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.