Ezarian. Komikigintza

Emakumearen arkatzetik

Emakumeek komikigintzan utzitako arrastoa bildu dute 'Emakume komikigileak. Istoriotxo, komiki eta tebeoen egileak' erakusketaren bidez; 1970eko urteetatik sortutako lanak dira, haietako asko autobiografikoak.

Erakusketan jarri dituzten zintetako bi: Nani Mosquerarena, goikoa, eta Marjane Satrapirena, behekoa. MARJANE SATRAPI / BERRIA.
Donostia
2011ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Komikigintza denetariko mezu eta aldarriak zabaltzeko tresna dela ageriko uzten du Donostiako Aiete auzoko kultur etxean ireki berri duten Emakume komikigileak. Istoriotxo, komiki eta tebeoen egileak erakusketak. 1970eko urteetatik argitaratutako 27 komigileren lanak bildu dituzte erakusketan. Guztiek dute komunean ezaugarri bat: emakumeek egindako komiki eta zintak dira. Emakumearen arkatz arrastoa antzeman daiteke guztietan. Jorratutako istorioak, irudikatutako pertsonaiak eta landutako teknikak, berriz, bederatzigarren artearen aniztasunaren eredua dira. Gizonen esku egon den munduan emakumeak jakin du bidea egiten eta komiki soziala, autobiografikoa eta umorezkoa lantzen.

Komikien galbahe eta aukeraketa egiteaz Elena Vergara komisarioa arduratu da. «Erakusketa tresna bat da emakumeen errealitatea beste interpretazio forma eta ezohiko adierazpide artistikoen bidez gerturatzeko», argitu du Vergarak bilduma antolatzearen zergatia. Bide batez, xumetzat eta txikitzat hartu izan den komigintza kontzeptu eta mezu sakonak transmititzeko tresna badela nabarmendu nahi izan dute. Artea ere badela, alegia: «Seriotasunik ez duen baliabidetzat hartu izan da, baina aldarrikapen politiko eta sozial sakonak adierazteko balio dute komikiek».

1960ko azken urteak ditu abiapuntu erakusketak. Garai hartakoak dira, esaterako, Debbie Dreschlerren (AEB, 1953) aurreneko lanak. Urteen joan-etorriarekin egiten du aurrera erakusketak ere, azken aldiko sormen lanekin bukatzeko. Besteak beste, Phoebe Gloeckner, Jessica Abel, Julie Doucet edo Marijane Satrapiren komikiak ikus daitezke. Hainbat belaunalditako sortzaileak dira, eta belaunaldi aldaketa eta jauzia agerikoa da gaiak aukeratzeko orduan eta komiki-teknikak erabiltzerakoan. «70eko urteetan bizipen propioak eta emakume erreal, sinesgarri eta gertukoen bizipenak kontatzen hasi ziren. Askotan autobiografikoak izaten ziren, eta emakumeok geure burua islatuta ikusi genuen horietan», dio Vergarak.

Autobiografikoa da, esaterako, Alison Bechdelen (1960, AEB) proposamena. Denboran atzera egin eta haurtzaroko drama pertsonalen bilduma egin zuen Bechdelek haren komikietan, eta haietako batzuk daude erakusketan.

Belaunaldi gazteen ekarpena

Azken urteetan joan da emakumeen komikigintza lekua egiten. Generoaren arabera emakumeari egotzi zaizkion rolek sortutako haserrea adierazten dute sortzaile gazteen lanek, eta norbanako bizipenak eta balioen transmisioa uztartzen dituzte. Marjane Satrapi irandarraren Broderies eta Persepolis dira adibide ezagunetako bi. Irudigile trebea bainoago, kontalari fina da Satrapi; Irango neska nerabeek beloa eta zapia jantzi behar izanari erreparatzen dio, besteak beste, komikietan.

Umorea eta ironia uztartzen ditu Nani Mosquerak (1968, Kolonbia). Bere pertsonaia guztiekin pentsamendu femeninoaren transmisioa lantzen du. Erakusketan Kolonbiako El espectador egunkarian argia ikusi zuten zintak bildu dituzte, besteren artean. «Sentimen femeninoa islatzen dut; gizonezkoak gorrotatzen ez dituzten emakumeak, matxisten okerrak errepikatzeko prest ez dauden feministak, elkar harturik hazten diren bikoteak...», idatzi du Mosquerak.

'EMAKUME KOMIKIGILEAK'

Non. Donostiako Aiete kultur etxean.

Noiz. Asteartetik ostiralera, 16:00etatik 20:00etara; larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara; eta igandetan, 10:00etatik 14:00etara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.