Emakumeen eskuak

XX. eta XXI. mendeetako emakume artisten 50 artelan baino gehiago ikusteko aukera dago ekainaren 12ra arte Gasteizko Caja Vital Kutxa Fundazioan.

Emakume artista esanguratsuen lanak ikusgai daude Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2011ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Azken bi mendeotako emakume artisten begiradaren islabihurtu da Gasteizko Vital Kutxa Fundazioko aretoa. Joan den ostegunetik hasi eta ekainaren 12ra arte, XX. eta XXI. mendeetako hainbat naziotako 38 emakume sortzaileren lanak ikusteko aukera dago, Foru plazako erakusketan.

XX. mendeko lehen abangoardia lanen adierazle diren artelanetatik hasieta gaur egungo artistetarainoko ibilbidea egiteko aukera ematen du erakusleihoak, bideoa, eskultura, olerki, argazki eta margolanen bidez.

Urteetan, ezabatuak izan diren ezkutuko pintzelkada asko eman behar izan dituzte emakume artistek, egindako lanak gizartean begi bistan zintzilikatu arte. Emakumeen lanez soilik osaturiko lehen erakusketa Amsterdamen ipini zuten 1884an. «Orduko artistek familiaren inguruko eszenak irudikatzen zituzten, ordura arteko arteari sentsibilitate desberdin batez begiratuz. XX. mendean, ordea, ikuspegiak zabalduz joan ziren, emakumearen lana artearen munduan garrantzia hartuz joan zen heinean», Marisa Oropesa erakusketako komisarioak azaldu bezala.

Artearen aniztasuna

Era askotako euskarritan irudikatutako berrogeita hamar lan baino gehiago daude Gasteizko aretoan. «Egungo artearen mundua ulertzeko XX. mendean aitzindariak izan ziren artista ezagunen lanak ezinbestekotzat jo dira».

Frida Kalhoren argazkiak edo artistak Rivera margolari mexikarrari eskainitako Mi Diego olerki ezaguna eta Tamara de Lempicka varsoviarraren lanak ikus daitezke. Meret Oppenheimen artelan surrealistak eta Maria Helena Viera da Silvaren txorien kaiolaren inguruko ikuspegia ere ezagut litezke. Olga Sacharoffen ukondoa mahaian jarririk duen emakumearen 1915. urte inguruko artelan esanguratsuez gozatzeko parada eskaintzen du erakusketak.

Horiez gain, Esther Ferrerrek euritako batekin, betaurrekoekin eta hitzez beteriko hostoekin egindako artelana dago. Gainera, Burgosko Paloma Navaresek maitasunarengatik beren buruaz beste egiten duten artisten inguruko gogoeta egiten du. Menchu Gal, Carmen Calvo eta garai hartako beste hainbat emakumeren lanek ere badute beren tokia; azken mende honetan erakusketa, galeria, nazioarteko azoka eta museoetan izan diren artistarekin batera. Victoria Diehliren Itsustasunaren edertasuna-ren inguruko erretratuarekin batera, Naia del Castillo euskal artistak denboraren inguruko gogoeta egiten du.

Artista ugariz osaturiko erakusketa izateaz gain, euskarri, teknika, kontzeptu eta espresio modu anitzak hautatu dituzte lanen egileek. Sussy Gomezen bi metro inguruko larruzko poltsa erraldoia deigarri da aretoaren sarreran. Itziar Barrioren muntaiak egurra eta ikus-entzunezko euskarriak bateratzen ditu.

Artearen historiaren azken mendeotako errealitatea eta aniztasuna ezagutzeko, astegunez 18:30etik 21:00etara zabalik izango da erakusketa; asteburu eta jaiegunetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara irekiko dituzte aretoko ateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.