Arantza del Puerto. Futbol jokalari ohia

«Emakumeen futbola dagoen bezala egoteko, gure garaikoek egon behar zuten»

Del Puertok dio egun emakumeen futbolak ikusgarritasuna lortu baldin badu, hedabideen arreta bereganatu dutelako izan dela. Euren garaian ez zieten jaramonik egiten.

Arantza del Puerto, Carmen Adarraga saria jaso berritan. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arantza del Puerto (Donostia, 1971) aitzindaria izan da emakumezkoen futbolean. 9 urte zituela hasi zen Añorgako futbol taldean jokatzen, eta 34rekin utzi zuen. 26 denboraldi egin zituen talde berean, eta denbora tarte horretan Espainiako hiru erreginaren kopa irabazi ditu (1990, 1991 eta 1993) eta beste hiru liga titulu (1991-92, 1994-95 eta 1995-96). Lorpen horien oihartzunik apenas izan zuten bere garaian, baina martxo hasieran espero ez zuen aitorpena jaso zuen: Carmen Adarraga saria eman zioten. «Hunkituta eta oso eskertuta nago; ez nuen halakorik espero».

Zein da zure lehen oroitzapena baloi batekin?

Zaila da esatea, baina lagunekin izango zen. Gogoan dut hondartzan jokatzen genueneko Errege egun bat: goizeko zortzietan, sekulako hotza, eta oinetako lokarriak lotzeko gai ere ez ginela partidak jokatzen.

Nola hasi zinen futbolean?

Futbola betidanik gustatu zait; tira, kirolak oro har. Ez zitzaidan gustatzen panpinekin aritzea, eta klasetik ateratzen ginenean zegoenean jokatzen genuen: pilotan, saskibaloian edo futbolean. Gerora jakin nuen Añorgak futbol talde bat izan behar zuela, eta apuntatu egin nintzen. 1980. urtean hasi nintzen, 9 urterekin.

Neskak futbolean apenas aritzen ziren garaian hasi zineten jokatzen...

Hala da, baina emakumezkoen futbola apurka joan da garatzen. Hondartzako txapelketetan parte hartzen hasi ginenean, lau talde besterik ez geunden, eta gerora talde gehiago sortuz joan ziren. Horrela joan ziren sortzen Gipuzkoako liga, euskal federazioa, euskal liga, euskal kopa... Ondoren Espainiako liga sortu zen. Taldeetan, gainera, tarte handia egoten zen jokalarien artean. Esaterako, nagusien taldean jokatzeko, 15 urtekoak 30 urtekoekin aritzen ziren, ez zegoelako jokalaririk, eta hori gorpuzkeran sumatu egiten zen. Egia da ez zegoela egiteko beste modurik, neska gutxi aritzen baikinen futbolean. Lizentzia gehiago izan ahala, orduan hasi zaitezke jende gehiagorekin jokatzen. Urteak itxaron behar izan dira horretarako.

Gaur egun ohikoagoa da neskatilak futbolean ikustea, ala?

Onartuago dagoelako. Gu jokatzen hasi ginenean, lekuz kanpo zeuden aipamen asko entzun behar izan genituen. Gustatzen zitzaigun zerbait egiten genuenez, hitz horiei ez genien jaramonik egiten. Inork ez zituen behartzen futbol partidak ikustera joatea, eta horregatik ez genuen ulertzen zergatik esaten zizkiguten halakoak; bazirudien emakumeak sukaldean egon behar zuela. Orain badirudi gizarteak onartua daukala emakumeek futbolean joka dezaketela; ez dakit zer beldur zegoen futbolean egin genezan.

Espainiako ligan ere jokatu zenuten. Ez da marka makala auzo bateko talde batentzat, ala?

Talde gutxi zeuden, ordea. Hondartzako txapelketen ondoren, Gipuzkoakoa sortu zen, eta hortik joan ziren sortzen Espainiako ohorezko maila. Baina hor ere hamar talde geunden; ez zen erraza emakumezko taldeak topatzea. Espainian jokatzeak, gainera, gastu ekonomiko handia zekarren berekin. Jokatzera joan behar zenez, autobusean ordu asko ematen genituen. Asteburu osoa ematen genuen kanpoan. Klubak une oro lagundu zigun; ez genuen ezer ordaindu beharrik izan. Eta hori diot bazeudelako taldeak non jokalariek zerbait ordaindu behar zuten.

1990eko hamarkada urrezko garaia izan zen Añorgarentzat. Sei urtean jarraian tituluren bat irabazi zenuten.

Belaunaldi on bat izan zen, bai. Guretzat, lehenengo gauza taldea zen, eta gainerakoa ez zen hain garrantzitsua. Askok lan egiten genuen, eta asteburuetan partidak genituen, eta horrek lehentasuna zeukan beti. Etxean aritzen ginenean, esaterako, bagenekien zer geneukan: igandeetan partida. Beraz, larunbatetan goiz erretiratzen zinen. Zaintzen saiatzen zinen ahal zenuen beste, eta, denboraldia amaitutakoan, udan ateratzea tokatzen zen. Horrez gainera, Espainiako selekzioarekin aritu nintzen urte luzez, eta oporrak kontzentrazioetarako eta partidetarako erabiltzen nituen. Uda iristen zenean, ez nuen oporrik izaten. Futbola utzi dudanean izan ditut oporrak lehenengo aldiz. Sakrifizio asko egin ditut, baina gustatzen zitzaidalako egin ditut; badakizu, gustuko lekuan aldaparik ez.

Titulu horiek garrantzitsuak izango ziren auzorako.

Añorga ezaguna egin bazen Espainian, hori nesken taldeagatik izan zen. Ohore bat izan da.

Espainiako selekzioarekin gehien jokatu duten jokalarietako bat ere bazara: 80 partida denera.

Guk gutxi jokatzen genuen, asko jota urtean hiru edo lau partida. Orain gehiago jokatzen dituzte, eta selekzioa ere hazi egin da gure garaitik hona. Futbolak aukera eman dit bidaiatzeko eta jende asko ezagutzeko. Oroitzapen bereziki onak ditut 1997an Suediako munduko txapelketan hirugarren geratu ginenekoak.

26 denboraldi egin dituzu talde berean. Denbora tarte horretan asko aldatu da egoera?

Ibilbide guztia klub berean egin dut, gainera; hori ez da oso ohikoa orain. Baina bai, denbora tarte horretan asko aldatu da dena. Emakumeen futbola hazten ari da, eta horretarako beharrezkoa da [gizonezkoen] lehen mailako taldeek emakumezko taldeak ere izatea. Asko laguntzen du ikusgarritasuna lortzen. Orain, partidak telebistaz ematen dituzte; jokalariei elkarrizketak egiten zaizkie... Gu ezezagunak ginen, eta gure inguruak bakarrik ezagutzen gintuen. Tira, egia da Oiartzunen aurkako derbietan zelaia bete egiten zela; partida berezia izaten zen...

Partida horiek jendea mugitzen zuten?

Bai. Kopako partidetan, eta Oiartzunen aurkakoetan, jendea inguratzen zen, eta zelaia bete egiten zen. Ohituta ikuslerik gabeko partidak jokatzera...

Orain ikusgarritasun handiagoa lortu du emakumezkoen futbolak. Zergatik dela uste duzu?

Prentsak emakumezkoen futbolaz hitz egiten duelako. Gure partidez ez zen ezer ateratzen, asko jota herrietako kroniketan aipamenen bat, baina, bestela, ligako emaitzak ez ziren inon agertzen.

Ligak eta kopak irabazi zenituztenean ere ez?

Ezta ere. Akaso, irratitik deituko gintuzten, baina gauza puntuala zen hori. Urtean zehar, existituko ez bagina bezala zen.

Kontrastea dago horren eta iaz Realeko emakumeek irabazitako koparekin lortu zuten oihartzunaren artean...

Ez dauka zerikusirik, garai ezberdinak baitira.

Pena ematen dizu zuei jaramonik egin ez, eta orain alde hori ikusteak?

Nik ez nuke aldatuko bizi izan dudana. Emakumeen futbola dagoen bezala egoteko, gure garaikoek egon behar zuten. Oraingo futbolariak baloratuago daudela? Akaso, baina nik ez nuke aldatuko bizitakoa. Gure garaia gogorra izan zen, baina familia moduko bat ginen.

Kirol ibilbidea amaitu ondoren, entrenatzaile titulua atera zenuen, eta ardura horretan zabiltza orain. Naturalena izan da entrenatzaile gisa hastea?

Niretzako bazen beste modu bat futbolarekin lotuta egoteko, eta niri futbolean erakutsi zidatena transmititzeko balio izan dit. Futbolarekin lotuta egoten jarraitu nahi nuen, eta horregatik atera nuen titulua. Añorgan hasi nintzen entrenatzen, Zumaiara eta Real Unionera joan nintzen gero, eta orain Martuteneko taldean dihardut. Haurren mailan hasi nintzen, eta orain kadeteekin nabil.

Ibilbide horren guztiaren aitorpena jaso berri duzu: emakume kirolarien jarduna nabarmentzen duen Carmen Adarraga saria eman dizute martxo hasieran. Nola hartu zenuen saria?

Hunkituta, ez bainuen espero. Beste kirolari bati ematen diotenean saria, esaten duzu: «Oso ondo, merezi zuen». Baina sekula ez duzu espero zu izatea omenduko dutena. Jokatu izan dut hainbat urtez futbolean, eta orain jarraitzen dut entrenatzaile moduan... Deitu nindutenean, lehen erantzuna izan zen: «Nik ez nuen ezer egin eta!». Jabetu naiz, ordea, egin nuela gustatzen zitzaidana, eta zerbaitetarako balio izan duela.

Jakitun zeunden egiten ari zinenaz?

Ez nintzen jabetzen. Batez ere ibilbidearen hasieran, ez baikinen existitzen. Gustuko genuena egin genuen, baina gero ikusten duzu atzetik datorrenari bidea erraztu diozula. Saria jasotzean izugarri urduri nengoen; hil ala biziko penalti bat botatzerakoan ere ez nintzen sekula urduri jartzen, baina orduan bai. Ez zait sekula gustatu arreta neureganatzea, eta horregatik nengoenurduri. Baina eskertuta eta hunkituta nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.