Julen Castellano. EHUko doktore eta ikertzailea

«Emakumeen futbolak ez du gizonenaren ispilu izan behar»

Andreen futbolak bere bidea egiteko beharra defendatu du Julen Castellanok. Haren arabera, bi futbolen artean dagoen aldea ez da horren handia; ez, behintzat, teknikoki. Gainera, emakume gehiagok futbolean jokatu ahala alde hori txikitu egingo dela dio.

EHU.
ainara arratibel gascon
Donostia
2014ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Emakume eta gizon futbolarien errendimenduan aldea gehiago da fisikoa teknikoa baino». EHUEuskal Herriko Unibertsitateko Jarduera Fisikoen eta Kirolaren Zientzien Fakultateko doktore Julen Castellanoren (Donostia, 1969) hitzak dira. Europa osoan emakumezko eta gizonezko futbolaren inguruan egin den ikerketa zientifiko batean parte hartu du Castellanok. Lortutako emaitzak kontuan hartuta, ondorengo hausnarketa egin du: «Emakumeen futbolaren helburuak ez du izan behar gizonenarenak duen azkartasuna eta intentsitatea. Bere ezaugarri propioak ditu, eta horren arabera egin behar du aurrera».

Zertan datza jokalarien jarduna aztertzeko erabili duzuen teknika?

Video tracking du izena, eta Europan hiru enpresek eskaintzen dute. Futbol Liga garrantzitsuenetan erabiltzen da: Espainiakoan, Calcioan, Bundesligan. Hamasei bideo kamera finkoren bidez, jokalariei jarraipena egiten zaie: segundoro, 25 aldiz. Logaritmo eta pixelen bidez egiten da. Dena den, oraindik ere goi mailako futbol taldeek ez dituzte asko erabiltzen. Izan ere, goi mailako futbolean datuak oso azkar behar dituzte, berehalako emaitzak lortzeko. Errendimendua ahalik eta azkarrena hobetu nahi dute. Baina halako sistemen bidez jasotzen diren datuak prozesatzeak eta aztertzeak denbora eskatzen du. Datu horiekin artikulu bat egiteko urtebete inguru behar da. Gainera, goi mailako futbolean lanean ari direnak ez dute behar besteko formakuntza horiek erabiltzeko. Kasu askotan, ez dira errazak eskuratzen, oso aldizkari espezializatutan agertzen baitira. Bi aldeetatik egin behar da lana. Ikertzaileek ahalegina egin behar dute datu horiek eskuragarriago egiteko, eta goi mailako futbol taldeetan lanean ari direnak prestakuntza bat egin behar dute datu horiei behar besteko balioa eta erabilgarritasuna ateratzeko. Izan ere, prestakuntza fisikoa antolatzeko oso erabilgarriak izan daitezke.

Emakumeen eta gizonen Txapeldunen Ligan parte hartu duten ehun futbolariren jardun fisikoa eta teknikoa aztertu duzue. Zein da atera duzuen ondorio nagusia?

Futbolari horien errendimendu fisikoa eta teknikoa ikertu ditugu. Esperotako emaitzak lortu ditugu. Atera dugun ondorioa da gizon eta emakume futbolarien errendimenduan dagoen aldea gehiago dela fisikoa teknikoa baino. Fisikoki, emakumeek partida osoan korritzen duten distantzia txikiagoa da. Kilometro gutxiago egiten dituzte. Baina intentsitate handian egiten dute. Hori dela eta, gehiago nabaritzen dute nekea bigarren zatian. Gizonak, berriz, azkarragoak dira, eta erresistentzia handiagoa dute. Andreen eta gizonen artean dauden desberdintasun fisikoek eta biologikoek eragiten dituzte desberdintasun horiek. Teknikoki, berriz, aldea ez da horren handia. Ez, behintzat, guk ikertu ditugun parametro teknikoetan: baloiaren jabetza, ukitutako baloiak, pase kopurua, irabazitako lehiak...

Gaur egun, ordea, oso uste zabaldua da teknikoki alde handia dagoela bien artean.

Futbola beti izan da oso kirol matxista. Aldea badago, baina ez horrenbeste. Gizonak hobeak badira, jokatzen denbora gehiago daramatelako da. Ameriketako Estatu Batuetan, adibidez, futbola emakumeen kirola da. Arrakasta handiagoa du emakumeen artean. Beraz, teknikoki aldea txikiagoa da. Pixkanaka emakumeek gero eta gehiago jokatzen dute futbolean. Azken urteetan urrats handiak egin dituzte bide horretan. Gero eta emakume gehiagok jokatzen dute futbolean, txikitatik, gainera. Horri esker, teknikokiegon daitezkeen aldeak murriztuz joango dira. Eskola kirolean badira talde mistoak, eta kasu askotan neskak mutilak baino hobeak dira.

Desberdintasunak fisikoak izanda, emakumezko futbol talde baten prestaketak eta gizonezko batenak desberdinak izan behar al du?

Prestakuntza fisikoa jokoaren ezaugarrietara moldatu behar da, eta kasu honetan emakumeen futbolak eta gizonezkoenak beren ezaugarriak dituzte. Dena den, nik uste dut sexuen arteko desberdintasunetik harago joan behar dela. Izan ere, gaur egun beheko mailetatik egiten dira okerrak. Ispilua goi mailako taldeak dira, eta umeen taldeen prestakuntzan ere haien ereduak jarraitzen dira, kontuan hartu gabe haien gaitasunak, ezaugarriak eta abar. Ez du zentzurik. Lehiaketa eredua aldatzetik hasi behar da. Behin baino gehiagotan ikusten dira gaztetxoak zelai handietan jokatzen, adibidez. Nahiz eta haien ezaugarri teknikoentzat eta fisikoentzat egokiagoak diren zelai txikiagoak. Eskola kiroletik hasi behar da hori aldatzen.

Dauden aldeak kontuan hartuta, zuen ondorioa argia da: bakoitzak bere modura jokatzen du, eta ez du zentzurik alderatzeak.

Bai. Sexuari erreparatuz, gaur egun arazoa da bi futbolak alderatzen direnean gizonen futbolaren ikuspegitik egiten dela. Haren ezaugarriak hartzen dira kontuan: azkartasuna, intentsitatea...Hori dela eta, uste da emakumeen futbola okerragoa dela. Baina okerra da bi futbolak alderatzea. Emakumeen futbolak ez du izan behar gizonenaren ispilua. Emakumeen futbolaren helburuak ez du izan behar gizonenarenak dituen azkartasuna eta intentsitatea. Bere ezaugarri propioak ditu, eta horren arabera aztertu behar da. Hori kontuan hartuta egin behar du bere bidea.

Gaur egun garrantzi handia ematen al zaio arlo fisikoari futbolean?

Bai. Nik uste dut behar baino garrantzi handiagoa ematen zaiola. Fisiko on bat izatea oso garrantzitsua da, baina futbolean ondo jokatzeko gauza gehiago landu behar dira: alor teknikoa eta estrategikoa, esaterako. Gaur egun, ordea, goi mailako talde askoren kezka arlo fisikoa da. Beti hitz egiten da taldeen egoera fisikoaz. Arlo fisikoan ondo egoteak laguntzen du, baina horrekin bakarrik ez da ezer lortzen.

Zergatik ematen zaio, orduan, horrenbesteko garrantzia?

Azken urteetan nagusitu den joera da. Baina, esan bezala, fisikoa baino gehiago teknika da garrantzitsuena. Adibidez, partidetan ahalegin fisiko handiena egiten dutenak erdilariak eta atzealdeko hegaletan jokatzen dutenak dira. Kilometro gehien egiten dutenak dira. Erritmo eta intentsitate aldaketa gehien egiten dutenak aurrelariak dira; gutxien, berriz, atzeko erdilariak. Zelaian teknika eta posizio onena duten jokalariak dira fisikoki ahalegin txikiena egin behar dutenak. Horregatik landu behar dira bereziki alor horiek. Posizioari dagokionez, jokatu ahala asko ikasten da. Adin gehien duten jokalariak dira, hala, gehienetan, kilometro gutxien egiten dutenak. Esperientziak erakutsi die egoki kokatzen eta mugitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.