Kasik 30 urtez aritua da Michele Solle (Thebe, Okzitania, 1944) langabeek langabezia kutxatik diru ordainak jaso ahal izateko sortu zuten Langabezia Kutxan (Assedic). Hasieran langabeak errezibitzen, eta geroago zuzendari gisa Baionako adarrean. Horrela zen iritsi Euskal Herrira. Baiona, Donibane Lohizune eta Miarritzeko bulegoetako 43 langileen buru izan zen. Paraleloki zinemazale, zinema kritikari eta bidaiari amorratua izan da betidanik. Horregatik iraun du beti xutik. Emazte gisa jasan guztiak jasanagatik ere. Orain, 50 bat bidaia esku izkribu dauzka tiranteetan. Izenburua ere balukete: Les voyages de Pepette (Pepetten bidaiak). Baina ez ditu oraindik argitaratuak. Eta ez daki noiz. Argitaratu, argitaratzen du, baina artikulu eta kritikak, filmei buruz.
Lanak ekarri zintuen, beraz, Euskal Herrira?
Tarben [Okzitania] hasi nintzen lanean, eta ondotik Pauera joan nintzen. Han nardatua nintzen. Lekuz aldatu nahi nuen. Eta Baionako adarreko buru izatea proposatu zidan zuzendariak. Onartu nuen. Aldiz, ez nuen jaso ni aitzin lanpostu berean zegoen gizonaren hilabete saria.
Zergatik?
Emaztea nintzenez, ez nuen gehiago irabazterik, zuzendariaren iritziz. Hori horrela erran zidan, hitzez hitz. 1990a zen. Geroztik, gainera, jakin nuen zergatik bidali ninduen hona. Ez zen ezohiko kalitateak nituelako. Zuzendariarekin oheratu zen Paueko langile batek nire lanpostua nahi zuelako izan zen! [irriak].
Nola funtzionatzen zuen Langabezia Kutxak garai hartan?
Langabeak ordaintzen genituen. Baina biziki konplikatua zen ordainketarako eskubidea lortzea. Milaka irizpide bete behar ziren. Nagusi eta sindikatuen arteko negoziazioen menpe zirelako. Beti horrela da funtsean. Dirua dagoela edo ez dagoela, horren arabera irizpideak aldatzen dira. Etengabe aldatzen dira. Etengabe irizpide berriak ikasi behar dira, gero eta konplikatuagoak direnak. Labirinto bat da.
Nolako gizartea agertzen zitzaizun zure bulegora?
Nihauren esperientzia aipatuko dizut, hasteko. 20 urtetan ezkondu nintzen, eta 30 urtetan eskapatu nintzen, ezin nuelako gehiago. Hilko nintzela iruditzen zitzaidan.
Nola hori?
Ordu arte, aita-amaginarrebentzat lan egiten nuen. Idazkari kudeatzaile nintzen beren enpresa handian. Baina ez ninduten ez deklaratzen, ez ordaintzen. Esplikatu zidaten ezkondua den emazte onesta bat ez dela lan bila joaten etxetik kanpo. Nitaz baliatzera utzi nituen. Baina azkenean erabaki nuen neure burua neure gain hartu behar nuela. Ez nintzela gehiago inoren menpe izanen. Horretarako, lan bat aurkitu behar nuen nahitaez. Konkurtso bat pasatu nuen. Ukan eta segidan sartu nintzen Tarbeko Langabezia Kutxan. Eta hor, ezagutzen ez nuen gizarte bat aurkitu dut, bai. Ez nekien ere horrelakorik existitzen zenik. Nire gurasoak funtzionarioak ziren, nire senar ohiaren familiak ere dirua bazuen.
Zerk harritu zintuen gehien?
Haurrak bakarrik hezten dituzten emazteek naute gehien hunki. Ez zuten gehiago diru iturri izpirik. Prostituzioa bakarrik gelditzen zitzaiela irtenbide bezala, hori pentsatu izan dut behin baino gehiagotan. Usu beren bizia bakarrik kudeatzeko hautua egiten zuten emazteak ziren, anitzetan haurrak berant ukan zituztenak, eta, halako batean, beren lana galtzen zuten... Gero, oro har, egoera guztiek hunkitzen ninduten. Behin aljeriar batek ez zuen aski sos sorterrira sartzeko. Diru bilketa bat antolatu genuen bulegoan, txartela ordaintzeko. Baina ezin duzu hori egunero egin! Ez gara ohartzen zer galtzen dugun estatutu sozial bat galtzen dugunean. Lana estatus sozial bat da.
Eta zu lotzen zinen zure bulegoan agertzen zirenei.
Gauza izugarri beldurgarriak ikusi ditut. Behin, biziki polita zen neska gazte bat ezagutu nuen. 25 urte zituen, eta bi haur. Usu heldu zen dirua eskatzera. Egun batez, bere maitaleak bere haurretako bat hil zuela jakin nuen. Haurrak lotuak zituela sukaldeko jarlekuetan, bat hainbeste jo zuen non azkenean hil baitzen. Negar gehiegi egiten zuelakoan jo zuen. Egunero ikusten nuen emazte hori. Bazen beste bat, biziki gustukoa nuena. Jostuna zen, eta ez zuen lanik aurkitzen. Ez nuen ulertzen zergatik ez zuen aurkitzen. Usu heldu zen enegana. Eta egun batez lan eskaintzen zerbitzura [ANPE] deitu nuen. Hangoak honela ihardetsi zidan: «A! Zuregana heldu delarik ez ditaike mozkorra?». Hor ere ikasi nuen. Zer den alkoholismoa. Miseria. Bazen ere beste zerbait ez nuena jasaten ahal. 520 orenez lan eginez geroz, langabezia jasotzeko eskubidea bazenuen. 519 oren eginez geroz, ez. Hori onartzea zaila egin zait. Erran beharra dut aita komunista nuela. L'Humanité egunkariarekin ikasi dut irakurtzen. Eta horrek aztarnak uzten ditu. Ideal bat badut.
Bihotz onegia duzu horrelako egitura batean lan egiteko? Atxiki duzu, halere?
Atxiki dut, atxiki behar nuelako. Nire askatasuna zelako. Ez nintzen beti uros lan horretan. Baina lana galtzeaz beldur nintzen. Dirurik ez duen emazte baten gainbehera ikusia nuen. Banekien zer erran nahi zuen. Kakan ziren hainbeste emazte ikusten nituela, neure buruari usu erraten nion: «Atxik ezan hire lana, atxik ezan hire lana». Nire haurrak hezi behar nituen. Senar ohiaren partetik ez nuen laguntza anitz, ni bainintzen joan. Eta hilabete saria ona nuen. Hortik joanez ez nuen beharbada hain ona aurkituko.
Hasi zinenetik aldaketak ikus dituzkezu sektore horretan, ezta?
Justu 1973ko petrolio krisia baino lehenago hasi nintzen, 1972an. Ez zen arrangura izpirik. Kutxak beteak ziren. Arauak biziki malguak ziren. Dena ezin hobeki zihoan. Ez genuen hainbeste lanik ere. Gero, berriz, petrolio krisia agertu zen. Eta hor, Frantziako presidente Valery Giscard d'Estaingek erabaki zuen kanporatuak izanen ziren guztiek beren hilabete sari gordinaren %90 hunkiko zutela. Lanean baino gehiago irabaziko zuten! Kanporatze uholde bat izan zen. Langabeak uros ziren. Gainera, prestakuntza luze eta garestiak ordaintzen ahal zizkien kutxak. Hain ongi ziren, non kanporatuak zirenak, ondotik, isilean, berriz lanean hasten baitziren, langabezia saria soldatari metatuz, nagusien oniritziarekin. Nagusiak ere, pozik. Baina, halako batean, kutxa hustu zen.
Kontatzen duzuna gaurko begietatik ezin sinetsia dirudi, geroztik hutsik segitzen baitu kutxak.
Argi dena da ni Baionara iristean, eta geroztik ere berdin segitzen du, ez zegoela aski langilerik langabeak behar den bezala errezibitzeko. Txostenen lantzeko ere ez. Kuotak jarri zizkiguten. Langabeekin genituen solasak mugatzeko. Epe zehatz bat ez zen gainditu behar, eta eguna bururatzerakoan begiztatzen zutena. Zuzendari gisa, gertatzen zitzaidan langabe batzuen errezibitzea. Ez nuen horrelakorik egin behar, normalki. Baina lankideen solas epeen banaz bestekoa ez gainditzeko egiten nuen. Ez da amets egin behar. Denbora kalkulatua delarik ezin da behar den bezala lan egin, nahiz eta munduko pertsonarik onena izan. Horregatik, jendeak frustratuak dira. Abandonatuak direla sentitzen dute. Eta hala da.
Burua galtzen zuten batzuk ukan dituzu parean?
Baionan nintzelarik, bazeuden bi. Bat, ilargi betea zen aldi bakoitz etortzen zen. Gutunetan nire izena agertzen zenez, akabatu behar nindutela erabakia zuten. Pentsatzen baitzuten niregatik zela. Oinarrizkora jotzen baduzu, dirua bizia da. Beraz, ni nintzen bizia debekatzen ziena, nire izena agertzen baitzen gutunetan.
Zuk nola bizi zenuen hori?
Araua araua da. Ez duzu zuk erabakitzen. Arauak du erabakitzen. Baina ez zen beti erraz, ez. Behin, burutik ongi ez zen beste bat etorri zen. Harrera gunean zegoen. Xehatu nahi ninduela abisatu zuen. Bulegotik atera nintzen, eta beregana joan. Argi nuen kaskoa arrailduko zidala. Eta horrek poztu ninduen! Horri esker sei hilabeteko lanuztea lortuko nuela pentsatzen hasi nintzen. Sei hilabetez nahi nuen guztia egiten ahalko nuela. Pertsona horren aitzinera iritsi nintzen halako batean. Beldurrik ez nuela sentitu zuen. Eroago, eta parean duzuna sentitzeko gaitasun gehiago. Begiratu ninduen, eta oihukatu: «Ikusi duzue puta hau! Plazer luke bere kaskoa arrail baneza!». Eta ez ninduen jo! Lasaitu zen, hitz egiten hasi ginen, eta joan zen. Eta denak penatuak! Nihaur eta baita nire lankideak ere. Zain baitziren noiz joko ninduen. Animazio pixka bat izateko. Ez zen bat bera ere jin nire defendatzera.
Erretretaren ordua ere iritsi zen noizbait.
Erretreta baino lau urte lehenago utzi ahal izan nuen lana. Biziki pozik. Laneko arrangura guztiaksegituan ahantzi nituen. Azkenean nahi nuen bizia izateko aukera ukanen nuen!
Paraleloki zinemazale amorratua zara; Baionako Atalante zinema gelako elkarteko presidentea izana zara, eta film kritikak idazten dituzu.
Parisen bizi ginela, nire osabak zinemara eramaten ninduen. 2 urte nituen, eta gogoan dut oraindik. Oroitzen naiz nola beldurtzen nintzen jarleku handi horretan bakarrik jarria izateagatik, oinek ez zutela lurra hunkitzen. Amarekin ere joaten nintzen. Eta 10 urteak bete bezain laster ere ahal nuen aldi bakoitz banindoan. Zinemak bizia salbatu dit. Ez banu zinemarik izan, neure buruaz beste egina ukanen nuen. Nuen bizia zinez tristea zen noiztenka.
Ezkondua zinen orduan?
Hor ezin nintzen ezta joan ere zinemara. Preso bezala nintzen.
Baionara heltzean, nola iritsi zinen Atalantera?
Ez nuen nehor ezagutzen. Biltzar nagusi batera joan nintzen. Neure burua aurkeztu nuen, eta horrela sartu nintzen administrazio kontseilura. Eta hor, lan anitz egin dut! Langileak, proiektuak eta gela kudeatzen genituen.
Bidaia goseaz orain, hori ere betidanik?
Bai. Eta 42 urtetan, semea etxetik joan zelarik, berriz lotu naiz horri. Mendi ibilaldiak egitea gustuko nuen. Nepalera joan nintzen, ondotik Tajikistanera ere. Han kasik hil ninduten... eta geroztik beti ari naiz.
Nondik gustu hori?
Ez dakit. Amak errana izan dit: «Ez bazinen sortu nire aitaren etxean, pentsatuko nuen amategian niniz nahasi zirela». Ez genuen batere karaktere bera. Nire gurasoak guztiaz beldurtzen ziren. Eta ni ez, batere.
Beharbada haien beldurraren aurka egiteko?
Baliteke. Nire gurasoen etxean preso sentitzen nuen nire burua. Ustez eta libratuko nintzela, azkenean, beste presondegi bat aurkitu nuen nire senarrarekin. Geroztik, zinezkontziente naiz mundua zabala dela. Nahi duzun lekura joan zaitezke. Mundu osoan badirela gure eite dutenak, nahiz ez duten bizi bera. Eta horregatik mundu osoa zeharkatu dut, AEB salbu. Kasik nihon ez dut arazorik izan. Ez dut konprenitzen zergatik jendea beldur den. Egoistak dira beldur dutelako. Arrazistak dira beldur dutelako. Pentsatzen dut beren baitan dutenaz direla beldur. Iduri du ohartu berri direla hil daitezkeela. Baina aspalditik horretaz jabetuak izan beharko lukete! Hil aitzin dagoena emana da, opari bat da. Zergatik hain triste bizi hil aitzin. Hobe biziaz gozatzea.
Emaztea izateagatik arazoak izan badituzu ere, iduri du hori motor bezala ere erabili duzula, beti aitzinatzeko, injustizien gainetik.
Emaztea izatea ez da madarikazioa. Humano bakoitzak bere bizi propioa bizi behar du. Baina emazteek ere beren burua inarrosi behar dute! Nire senarraren familian nintzela oraino, liburu bat irakurtzen ari nintzela, amaginarrebak hau botatzen dit: «Emazte onesta batek ez du gehiago irakurtzen, behin ezkondu eta». Hori entzun dut! Irakurtzen nekienetik egunero liburu bat irakurtzen nuela!
Irakurketa aipatzen duzu, baina idazten duzu ere baita.
Bai, betidanik idatzi dut.
Baina ez duzu behin ere publikatu.
Ez, pixka bat alferra bainaiz, agian. Eta menturaz, ez baitut nire buruarengan aski sinesten. Akuilatzaile bat eskas dut. Baina egia da bidaietan ere gero eta gehiago idazten dudala. Biziki gustukoa dut txoko batean jarri eta idaztea. Bereziki ostatuetan. Horrela, tokiko herritarrek ez zaituzte bitxiki begiratzen. Funtzio bat daukazu haien begietan. Eta azkenean, ikusten ditut gauza batzuk nehork ikusten ez dituenak. Margolari bat bezala naiz.
Michele Solle. Langabezia Kutxako zuzendari ohia, idazle eta bidaiaria
«Emaztea nintzenez, ez nuen gehiago irabazterik, zuzendariaren iritziz»
Langabeziak zein gainbehera ekar dezakeen ikusi du Sollek Langabezia Kutxan; guztiak ezin zituela lagundu ere damutu da. Bizi pertsonala ere ez du beti erraza izan, baina beti segitu du bizia alde onetik begiratzen, liburuak, zinema eta bidaiak motor.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu