Bilboko Aste Nagusia. Bego Gonzalez. Keinu hizkuntzako interpretea

«Emozio nahaste itzela izaten da Arriagako balkoian; ikaragarria da»

Orain hamabost urtetik du keinu hizkuntzarekiko interesa. Pregoia interpretatu du aurten, Arriagan.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Gontzal Mendibe Miguel
Bilbo
2023ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Keinu hizkuntzako interpretea da Bego Gonzalez (Zeberio, Bizkaia, 1976), eta lanean aritu da Bilboko Aste Nagusian, antzerkia gorrentzat ulergarri egiten. Aiora Renteria pregoilariaren hitzak ere interpretatu zituen, Arriaga antzokiko balkoian. Lanbidean izan duen une «hunkigarrienetariko» bat izan zen.

Aste Nagusian, keinu hizkuntzako interprete lanetan ibili zara. Zein ekintzatan parte hartu duzu?

Jaiei hasiera ematen zaien egunean, pregoia interpretatzeaz gain, Arriaga barruan izaten diren ekitaldietan parte hartzen dugu. Horrez gain, jaietan, kale antzerkietan izaten gara; umeentzako zein helduentzako antzerkietan egon gara. Hitz edo testu gehien duten antzezlanetan parte hartu dugu.

Arriagako balkoira igo zinen Marijaiarekin, txupinerarekin eta pregoilariarekin batera. Nolakoa da momentu hori balkoian bizitzea?

Ez daukat inongo dudarik lanbide honetan bizi izan dudan momenturik hunkigarriena edo hunkigarrienetako bat izan dela. Nire aurretik beste lankide batek egiten zuen, eta txanda niri pasatzeko proposatu zidanean ez nuen dudarik izan. Arriagatik atera eta jarraian deitu nion, eskertzeko, egin didaten oparirik ederra izan baita. Emozio nahasketa itzela izaten da balkoira igotzean; ikaragarria da.

Zerk eraman zintuen lanbidean trebatzera?

Orain dela hamabost urte, nire bikotekidearen arreba ezagutu nuen, eta gorra zen. Keinu hizkuntzan jarduten zuen, eta jakin-mina piztu zitzaidan. Horrela hasi nintzen ikastaroak egiten. Interprete bat ezagutu nuen, eta, hizkuntzarekin maitemindu nintzenez, goi zikloa egin nuen. Gaur arte.

Zein formakuntza behar da keinu hizkuntzako interprete izateko?

Orain dela urte batzuk arte, goi mailako ziklo baten bidez ikasten zen. Baina, gainontzeko hizkuntzekin berdintzeko asmoz, unibertsitateko gradu bihurtu zuten. Gaur egun, Euskal Herrian ez dago gradu hori ikasteko aukerarik, eta aukera izateko borrokan daramatzagu lau urte, interpreteek eta gorrek. Non ikasi ez dagoenez, ez dago interprete berririk, eta horien beharra handitu egin da.

Nola eramaten da antzerki bat keinu hizkuntzara?

Egia esanda, ez da zerbitzu batere erraza. Testua aurretik jasoz gero, asko errazten da lana. Baina ez da ohikoa. Antzezlanak inprobisazioz beteriko lanak izaten dira, eta oso adi egon behar dugu esaten dutena behar bezala transmititzeko.

Antzerkietan interpretea izateak zerbitzuari ikusgarritasuna ematen dio?

Uste dut gizartea sentsibilizatzen laguntzen duela. Gu agertokian izateak ikusgarritasuna ematen du, eta jendeak balioa ematen dio horri. Hala ere, pertsona gor askok egunerokoan ezin dute gozatu zerbitzuaz, eta hori ikusarazi behar da. Adibidez: medikuarengana jotzean, askok arazoak izaten dituzte. Hala ere, ez diogu garrantzirik kendu behar antzerkietan interprete izateari.

Zertan dago hobetu beharra mundu inklusiboago bat izateko?

Inklusibitatearen ikuspegia arlo guztietan txertatzen saiatu behar dugu. Adibide bat jartzearren, obra bat egiten denean, mugitzeko arazoren bat dutenen kolektiboekin hitz egiten da. Halakoetan, gorrekin hitz egitea izango litzateke inklusibitatearen aldeko apustu bat. Kolektiboari hitza ematean egon daiteke aurrerapauso interesgarri bat.

Eskoletan erakutsi behar da?

Behar-beharrezkoa ikusten ez dudan arren, oso interesgarria izango litzateke. Berez, keinu hizkuntza ofiziala da Espainian. Badakigu ezinezkoa dela gainontzeko hizkuntza ofizialen besteko formakuntza izatea, baina oinarrizko ezagutza izatea ikaragarria litzateke.

Gorren senideek keinu hizkuntza ikasten dute?

Familia asko eta oso ezberdinak daude, baina esango nuke keinu hizkuntza oso familia gutxik dakitela. Gorren familia batean jaiotzen bada, ez da arazorik egoten. Gorrak ez badira, ordea, egoera nahiko zaila izaten da. Gutxik ikasten dute, eta oinarrizkoa baino ez. Ez dira gai elkarrizketa sakon bat izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.