Emozioa ez da falta izan

Cebada Gagoko entzierroan lehen adarkada izan zen, baina zaurituari senda-agiria eman zioten atzo bertan

Alberto Barandiaran.
Iruñea
2009ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Herenegungoa baino azkarragoa izan zen atzoko entzierroa, baina ez herenegungoa baino errazagoa. Esan izan ohi da beti zenbat eta denbora gehiago iraun orduan eta arriskutsuagoa dela entzierroa, baina atzokoa azkarra eta arriskutsua izan zen. Ez Cebada Gagoren zezenek berez arriskua sortu zutelako. Ganadutegi horretakoak ez dira berez gaiztoak korrikalarientzat, bidea erraz egin ohi dute. Baina eroriko asko izan ziren, lasterketa egiteko toki gutxi egon zen hesien artean, eta horrek arrisku uneak utzi zituen bidean. Azkenean, garbia izan zen.

Aurtengo lehen adarkada, baina, entzierro garbi horretan izan zen, Estafetan. Zezen beltzak adarra sartu zion korrikalari bati, ipur masailean. Erietxera eraman behar izan zuten, baina ez du zauri larririk. Senda-agiria eman zioten atzo bertan. Lehen entzierroan zauritutako besteei bezala.

Joaldunen zalantza

Adardunak goizeko zortzietan puntuan atera ziren zezentokietatik, baina, bitxia bada ere, lehen joalduna zalantza une bat izan eta suziriarekin batera zabaltzen den langaren atarian geratu zen, aurrera egin edo ez erabaki nahian. Atzeko unaiek xaxatuta, azkenean asfaltora atera eta, haren atzetik, tropeleko gainontzeko animalia guztiak.

Bizkor atera ziren denak, joaldunak buruan zirela. Aldaparen erdian, baina, bi zezen eta joaldun bat irristatu eta atzeratuta geratu ziren. Lasterketa politak egin ahal izan zituzten korrikalariek zati horretan, eta Udaletxeko plazan sartzearekin batera,atzeko hiru zezenek bat egin zuten aurreko taldearekin. Behin baino gehiagotan irristatu ziren denak, eta ohi baino motelago iritsi ziren bihurgunera, baina Estafeta kalean tropela batuta sartu zen.

Hor izan zen atzoko entzierroaren une arriskutsuenetako bat, Mercadereseko bihurgunean, korrikalari bat, hain zuzen ere, zezenek beti hartzen duten izkinan geratu zelako oso toki txarrean. Horrek salbatu zuen, geldi geratu zela. Besoak zabalik, animaliek ez zioten begiratu ere egin, eta aurrera jarraitu zuten.

Estafetan, zezen bat aurreratu zen, eta berak bakarrik egin zuen bidea hortik aurrera, plazaraino. Atzerago, beste hiru zezen, eta, azkenik, beste bi, bakarrik.

Animaliek lasai egin zuten bide osoa, bazterrera egin gabe, nahiz eta aukera ez zuten falta izan. Telefonicako zatian, bianimalia berriro erori ziren,eta zezen-plazara sartzeko kaletxoan hesietatik oso gertu pasatubaziren ere, ez zen inolako zauriturik izan. Adarrek hainbat korrikalariren izterrak ferekatu zituzten, hala ere. Azkenean, hiru zatitan bereizita sartu ziren animaliak.

Ibilbide osoan izaniko kolpeen ondorioz, bi gazte erietxeetara bidali zituzten. Batek aupegian kolpe ugari zituen, eta beste batek, berriz, zauriak orkatilan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.