ATZEKOZ AURRERA

Enbatarik gabeko itsasoa

Ababor azoka nautikoa ireki dute Irungo Ficoba erakustazokan. 'Itsasoa gara' lelopean egingo da, lehen aldia du, eta turismo eta aisialdi jarduerak ditu oinarri. Bihar arte egongo da zabalik.

Ababor azoka nautikoak Ficobako hiru pabiloi hartu ditu. JON URBE / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Irun
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Kresal usainik gabeko portu bat, kaiorik gabeko zeru bat, eta enbatarik gabeko itsaso bat. Portu seguru bat, eta itsaso zabal bat, ikusgai eta eskuragai jartzen dituena itsasoarekin lotutako turismoa eta aisialdirako jarduerak. Horixe da Ababor azoka nautikoa. Atzo zabaldu zituen ateak aurreneko aldiz, Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustazokan, eta bihar arte egongo da zabalik.

Hiru pabiloi daude beteta: 43 erakusketari orotara. Ababor aldera: turismo nautikoa, charterrak eta zerbitzuak. Istribor aldera: osagarriak, motorrak eta osagai elektronikoak. Brankan: 30 ontzi, askotariko tamaina eta preziotakoak. Popan: jantzi espezializatuak, kayakak, urpekaritza, klubak eta itsas eskolak. Ez diote alferrik Itsasoa gara leloa jarri azokari —Eñaut Elorrieta abeslariari eta Ken Zazpi taldeari egin diote erreferentzia inaugurazioan, izen bereko abestiagatik—.

«Aukera berriak bilatzen dituen azoka berri bat da», Irungo alkate Jose Antonio Santanok esan duenez, «itsasoratzera doana, eta denbora luzez nabigatuko duena». Eguerdian egin dute inaugurazio ekitaldia. Irungo alkatea ez ezik, han izan dira, besteak beste, Carlos San Lorenzo ANEN Enpresa Nautikoen Elkarteko idazkari nagusia; Iker Goiria Gipuzkoako Aldundiko Turismo zuzendaria; Daniel Solana Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendaria, eta Edurne Egaña EKP Euskadiko Kirol Portua sozietateko zuzendari nagusia ere. Guztiek nabarmendu dute turismo eta jarduera nautikoak azken urteetan hartu duen garrantzia, eta indarra.

Gero eta enpresa gehiago

Badu bilakaera horren guztiaren berri Roberto Santosek, Getxoko (Bizkaia) Arriluze eskola nautikoko arduradunak. Formakuntza profesionala eta amateurra ematen dute, eta aholkularitza eta zerbitzu teknikoa ere bai. 2009an sortu zuen eskola Santosek berak, merkataritza nabigazioa utzi ostean. «Pozarren nago, nire ikasle izandako asko ikusten ari naizelako hemen», azaldu du Santosek. Badu eskarmentua, eta ezagutzen ditu beste hainbat azoka: Pariskoa, Arroxelakoa, Bartzelonakoa, Madrilgoa... «Behar genuen guk ere halako zerbait. Izan ere, gune estrategikoan gaude: Euskal Herria eta Akitania Berria. Angelu perfektua da. Gure negozioa eta gure bezeroak hemen daude», nabarmendu du. Sektorea «boladan» dagoela dio: «Lehen bi katu ginen, eta begira orain zenbait enpresa dauden».

Badaude bai, enpresak eta produktuak. Denetarik dago Ficoban: 150.000 euroko itsasontziak, 25.000 euroko motorrak, herdoila kentzeko olioak, urpean igeri egiteko ibilgailuak, emisiorik gabeko uretako jostailuak, ontziak alokairuan, txangoak, salbamendurako txalupak, arrantzarako kanaberak, Kontxako banderak, eta ontzi museo ekoaktiboak.

Albaola elkarteak Beothuk balea txaluparen erreplika jarri du.Unai Elizasuk, berriz, Arrauning bere proiektua: «Irteerak antolatzen ditut Urumea ibaian, kanoa kanadarrekin. Horren ezezaguna den ibai horri buruzkoak azaltzen saiatzen naiz. Nire txikian nabil ni. Azoka hau beste mundu bat da, itsasoa bera bezain handia, baina oso goxo hartu gaituzte», dio Elizasuk.

Kontzertuz eta hitzaldiz betetako egitarau zabala osatu dute (www.ababor.eus). Besteak beste, Aita Mari dokumentala ere proiektatu zuten atzo iluntzean. Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak horregatik dauka erakusmahai bat azokan. Testuinguru berezi samar batean, luxuzko itsasontzi eta motor artean, Jabi Kerejetak azaldu duenez: «Gonbidatu gisa gaude, jendea sentsibilizatzeko, eta, kontraste gisa, esateko: 'Hau ere bada itsasoa'». Izan ere, ez dago enbatarik gabeko itsasorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.