«Ezin dugu jarraitu hain ondo bizitzen», esan zuen Juan Luis Cebrianek (Madril, 1944), 2012an erregulazio txosten batek El País-eko 129 langile kalean utzi zituenean. Ondo bizi zen Cebrian —2011n 13 milioi euroko soldata jaso zuen—. Ondo biziko da datorren urtetik aurrera ere, azkeneko hamarkadetan bildutako dirutzarekin; 2000ko hamarkadan, Bilderberg klubean sartu zen, munduko 130 pertsona boteretsuenak biltzen dituen klubean. Prisa taldeko presidente kargua utziko du Cebrianek abenduaren 31n, baina El País-eko presidente izango da aurrerantzean ere, eta egunkariaren izen bereko fundazio bateko presidente. Edonola ere, 1978ko erregimenaren sinboloetako bat izan dena itzaletik ariko da gehiago, aurrerantzean.
Itzalean, Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohiaren aldamenean. Gonzalezen lagun mina baita Cebrian. Negozioak, jaiak, luxuzko itsasontziak eta boterea partekatu dituzte biek. Politikan eragiten ahalegindu den kazetaria izan da Cebrian azkeneko hamarkadetan, jendaurrean kontrakoa esan arren.
El País egunkaritik kaleratu zituztenek ez dute hitz gozorik harentzat. Maruja Torresek 2012n horrela definitu zuen: «Pijo kaiku bat da, gorrotoduna eta kontzientziarik gabekoa». Prisako egungo akziodun batzuek ere gogor kritikatu dute Cebrianek egindako kudeaketa; hala esan berri du Amber ezarpen funtseko Joseph Oughourlianek: «Konpainia honen minbizia gehiegizko pertsonalismoa izan da».
Francoren diktadura garaitik egon da kazetaria botereari lotua. Haren aita, Vicente Cebrian, Falangearen Arriba egunkariko kazetaria eta zuzendaria izan zen, Pyresa agentzia zuzendu zuen, eta Mugimenduaren prentsaren idazkari nagusia izan zen. Semea Pueblo egunkari frankistan hasi zen kazetari —zuzendaria aitaren lagun mina zen—, eta zuzendariorde izan zen. Informaciones egunkarira pasatu zen gero, eta 1974an RTVEko albistegietako zuzendari izendatu zuten.
1976an, El País egunkariko sortzaileetako bat izan zen Cebrian, eta zuzendari kargua bete zuen, 1988ra arte. Urte horretan egunkariko editore eta Prisa taldeko kontseilari ordezkari izendatu zuten. 1989tik 1999ra Sogecableko —Prisaren telebistako adarra— kontseilari ordezkaria izan zen. Sogecable auzian, Javier Gomez de Liaño epaileak diligentziak ireki zituen, Cebriani eta Prisako beste zuzendari batzuei Canal Pluseko harpidedunen gordailuetan iruzurra egitea leporatuz. 1997ko maiatzan deitu zuten deklaratzera Cebrian; Rebeca Quintansek Juan Carlos I La biografía sin silencios liburuan kontatzen duenez, Espainiako erregearen eta gobernuko agintari batzuen deiek ezerezean utzi zuten auzia.
Ezerezean gelditu zen, halaber,Cebrian eta haren emaztea Panamako paperetan agertu izana. Aipatutako paperetan, Massuod Zandi enpresariarekin egin zituen negozioak ageri dira. Hego Sudanen petrolioa ustiatzeko negozio baten bitartez, 5.500 milioi euro lortu zituzten Cebrianek eta beste bazkide batzuek —tartean Polanco familiak—. La Sextako Salvados saioan hala erantzun zuen gaiaz: «Panamako paperena kalumnia bat da, La Sextak eta Carolina Bescansak [Podemoseko diputatua] zabaldutako gezur bat». Iazko apirilean, Prisa taldeak bere kazetariei La Sextako saiotara joatea debekatu zien, Cebrian Panamako paperekin lotzeagatik.
Manuel Polanco, ordezko
Madrilen sortu zuten Prisa taldea, baina urteekin mundu zabalean hedatu da: Venezuelara, Mexikora, Argentinara, Brasilera, orotara 22 herrialdetara. Ibex35eko enpresen eskutik egin du hori: Santander bankua, BBVA eta Telefonica. Baina zor handiak ere pilatu ditu. Azaroaren 15ean, Cebrianek kargua utziko zuela onartzearekin batera, administrazio kontseiluak Media Capital taldearen akzioak saltzea eta 450 milioi euroko kapital handitzea onartu zuen. Handitze hori kontuan hartuta, Prisaren zorrak 1.500 milioi euro ingururenak dira. Zor horretatik 956 milioi kitatu behar ditu 2018. urte amaierarako. Cebrianek iradoki du haren erreleboak inbertsiogile berriak ekar ditzakeela: «Konpainiaren etorkizun sendoa bermatzeari erantzuten dio kargua uzteak». Hedabide digital batzuen arabera, ordea, karguari eusteko ahaleginetan aritu da azken unera arte, akziodun nagusiek kito esan duten arte.
Manuel Polanco proposatu du Cebrianek haren kargua betetzeko. Prisaren eta El País-en sortzaile Jesus Polancoren semeak 25 urte daramatza taldean. Amerikan eta Portugalen kargu izan ostean, 2009an Prisako zuzendari nagusi izendatu zuten. Egun, taldeko presidenteordea da. Gerora ere, Cebrian ez du oso urruti izango.
Juan Luis Cebrian
Endekatze baten sinboloa
Juan Luis Cebrianek Prisa taldeko presidente kargua utziko du abenduaren 31n, baina 'El País'-eko presidente izango da aurrerantzean ere. 450 milioi euroko kapital handitzea onartu berri du taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu