ATZEKOZ AURRERA. Juhane Dascon. Estia eskolako kidea

«Enpresak sortzen ditugu herrien arazoen arabera»

Dascon 'Africa Basque Challenge' proiektuaren antolatzailea da Estia ingeniari eskolan. Ingurumen eta gizarteko arazoetatik abiatuz, enpresak sortzen laguntzen du.

BOB EDME.
Ainize Madariaga
2021eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Juhane Dasconek (Idauze-Mendi, Zuberoa, 1980), geografia praktikatu ondoren, abentura beraren mentura eskaintzen die orain Estia ingeniari eskolako ikasleei. Euskal Herriko, Afrikako eta diasporako gazteak laguntzen ditu ingurumen eta gizarte arazoak kontuan hartuz enpresa berriak sortzen.

Estia ingeniari eskolak, uzta berria.

Estia berri deitu eraikina gehitu diote; estreinatu berri dugu, ikasle haboro errezibitzeko gisan. Hiru anfitrioi gehitu dizkiote, bulegoak, bilkura gelak, ekipamendu pedagogikoak berritu dituzte, 3D inprimagailuak, laser makina ebakitzaileak eta lantegietako makina-tresneriak ikasleen eskura jarriz.

Zu ere, ikasleen zerbitzuko?

Start-up departamenduan ari naiz, enpresak sortzen laguntzeko, inkubagailua eta bi mintegiei esker.

Estia tech departamenduan ere ari naiz, ikerlarien gaitasunari esker enpresen laguntzeko, plataformen bidez.

Zein dira plataforma horiek?

Gure ikerlarien jakitateari eta goi mailako ekipamenduei esker, tokiko enpresak laguntzen ditugu haien konkurrentzia mantentzen, beraien burua berriztuz. Baina horretarako gaitasunik ez badute, Estiara etortzen dira. Adibidez, Oteizak [zerri ekoizlea] nahi balu urdaiazpikoa automatikoki mozteko makina bat, baina ez balitz existituko, guregana jinen litzateke, eta elkarrekin asmatuko genukeen. Orotara bost plataforma ditugu: konposite materiala eta robotika lantzekoa, industriarentzako gehigarriak fabrikatzekoa, energia berdeen inguruko plataforma, beharrei erantzuten diegun egiaztatzekoa eta matematika simulazioak egitekoa. Laster, seigarrena ukanen dugu: tresna bereziak landuko ditugu oihalen birziklatzea errazteko. Adibidez, zapata bat birziklatzeko, lehenik desegin behar da, material desberdinak baititu; eskuz oso luze denez, makina bat sortuko dugu.

Eta zure hirugarren misioa: Africa basque challenge?

2018an Mondragon Unibertsitateko hiru ikasle ohik sortu zuten Africa basque challenge, Lander Jimenez Ozio irakaslearekin batera. Kenyan landu zuten lehena. Hogeina gazte euskaldun eta kenyarrek lau hilabeteko formakuntza jaso zuten, hamar bat taldetan.

Hain urrunekoak elkarrengana hurbiltzen dituzue.

Euskaldunak Kenyara joan ziren,eta hangoak hona etorri, lurraldea deskubritu, elkar ezagutu eta lanean hasteko; lurraldeko arazoetatik abiatu eta enpresa sortzeko. Norberak bere etxetik segitu zuen gero lanean: ideiatik proiekturaino iristeko. Bukaeran, hamar taldeek beraien proiektua aurkeztu zieten inbertsore bereziei.

Zer dira inbertsiogile berezi horiek?

Errentagarritasun apalagoko enpresen bila doazen inbertsoreak dira, zeintzuek lehentasuna ematen baitiete gizarteari eta ingurumenari lotu proiektuei.

Ondoko urtean sartu zinen zu.

2019an Afrika frankofonora zabaldu nahian, enegana jin ziren. Preseski, gu ere estrategia bat muntatzen ari ginen Afrikarekin lantzeko. Hala, elkarrekin sortu genuen Africa basque challenge senegal. Geroztik Kanariekin eta diasporarekin ere aritu gara. Marka bat ere sortu dugu: Diversity4equality. Funtsean, ingurumenak eta gizarteak inpaktu baikorra jasateko enpresak sortzen laguntzen dut.

Zer fruitu ekarri du proiektuak?

Bi Challenge bukatu ditugu, 2018koa eta 2020koa. Lau adibide emanen ditut. Kenyako Hoco enpresak kokoen hondarkinak birziklatuz etxebizitzetako isolatze materiala ekoizten du. Zoharra proiektuak Kenyako emazte ekintzaileak laguntzen ditu. Euskal Herrian, La vache rose enpresak laktosarik gabeko esne ekoizpenak garatzen ditu, tokiko esne ekoizleekin batera.

Senegaleko Dundaalate enpresa erabilitako plastikoaz baliatzen da produktu berrien sortzeko, plastikoa hondakin arazo handia delako. Demagun, espaloiak egiteko lauzak ekoizten dituzte, Senegaleko arrantzaleentzako saskiak, eta gurpil ohietatik altzariak sortzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.