Maria Luisa Irizar

«Entrenatzaileak ez zidan uzten Behobia-Donostia korritzen»

Behobia-Donostia lasterketa gehien irabazi duen korrikalaria da, Espainiako Txapelketa ere sarritan irabazi zuen, baina orain dela hamalau bat urte korri egiteari utzi zion; eta ez da gehiago ibili. Baserrian bizi da orain, beti bezala.

Iñaki Lasa Etura.
2012ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Korrika egiten zuen moduan, bizi-bizi erantzun ditu galderak Maria Luisa Irizarrek (Andoain, Gipuzkoa, 1964). Iraupen luzean baino gehiago, esprintean ia-ia. Beti bezain adeitsu jarraitzen du, eta gustura jardun du iraganeko une gazi zein gozoez berriketan.

Korrika egiten segitzen al duzu?

Ez, ez. Jada hamalau bat urte dira utzi nuenetik. Hogei bat urtez ibili nintzen. Gastua nire kontura, Donostiaraino joan, entrenatzailea bihotzetik gaizki jarri eta bakar-bakarrik nenbilen azkenerako. Horrela, oso zaila da norberak hainbeste kilometro egin beharra.

Telebistatik jarraituko duzu orduan Behobia-Donostia?

Nik ez dut ezer ikusten. Zuek, kazetariek esanda dakit igande honetan [gaur] dela. Ez dut jarraitzen.

Maria Luisa Irizar saria [lasterketa irabazten duen emakumeari ematen diote] nork irabazten duen jakin gabe geratuko zara.

Hara joateko denborarik ez daukat. Aurreneko urtean baietz esan nuen; aparkatzeko lekua izango nuela esan zidaten. Iritsi bezain pronto, ez neukan lekurik. Udaltzainekin hitz egin genuen, agiriak nituela, problemarik ez nuela eduki behar... baina ezetz esan zidaten. Jira eta etxera. Hurrengo urtean joateko asmorik ez nuela esan nien. Gauza naizenean abisatuko diet; egun-pasa joango naiz.

Behobia gehien irabazi duzun korrikalaria zara.

Neronek ere ez nekien. Kazetari batek —uste dut Antxon Blanco zela— galdetu zidan ea zenbat aldiz korritu nuen, eta «pare bat aldiz edo hirutan», erantzun nion. «Sei dituzu irabaziak eta!», erantzun zidan. Bikiak jaio zirenean baserrira etorri zen, eta sei ez, zazpi irabazi nituela esan zidan. Nik ez nekien hainbestetan atera nintzenik ere. Donostiako maratoia urriaren 12an korritzen zen garai hartan, eta hilabete eskasean zen Behobia-Donostia. Txikituta amaitzen nuen. Entrenatzaileak ez zidan ateratzen uzten, kros denboraldia prestatzen hasi behar nuela esaten zidan. Erantzuten nion ziur hamabi-hamalau kilometroko entrenamendua bidaliko zidala egunerako, eta uzteko goxo-goxo lagun artean eta giro onean korritzen.

Aurten 25.500 korrikalarik eman dute izena. Zure garaian, 2.000tik 10.000ra egoten ziren. Errazago zenuen irabaztea?

Bukatu nuenean 11.000ra ailegatu ginen. Marka onena genuenak lehenengo edo bigarren ilaran jartzen ginen. Zortea izan dugu guk. Emakume gutxi ginen garai hartan, eta bazter batean jartzen gintuzten.

Denborarekin kendu al duzu Olinpiar Jokoetara joan ez izanaren arantza?

Orain dena ahaztua dago, baina izugarrizko pena geratu zitzaidan. Mercedes Calleja eta biok punta-puntan ibiltzen ginen maratoian. Seulgo Olinpiar Jokoetara joateko marka nuen, hiru hilabeteko prestakuntza egin nuen, eta bidaiatzeko bi aste falta zirela eman zidaten berria, bidaia oso garestia zela eta askok lortu zutela marka. Ilusio handia nuen. Pentsa, urtebetez utzi nituen entrenamenduak, atsekabetuta. Herritarrek asko lagundu zidaten, eta haiek animatuta hasi nintzen berriro. Bartzelonakoetarako marka ere lortu nuen, baina hilabete lehenago pneumonia harrapatu nuen.

Asko maite zintuzten Andoainen.

Ikaragarri. Ni Tren Txikin korrika, eta baserritarrak belarretan lanean niri builaka: «Andoaindarrek maite zaitugu», «segi!» eta horrelakoak esaten. Bi hitz nahikoa dira zu animatzeko.

Gogoan al zaituzte oraindik?

Aitarekin sarri joaten naiz artategira, eta hari kasu gehiago egiten diote. Harrituta galdetzen didate ea ni nintzen korrikalaria. Kirola amaitu zen, eta orain beste etapa bat ari naiz bizitzen.

Baserrian segitzen duzu, beti bezala.

Ni beti baserrian. Ez dut kalea nahi izan, baina baserriak ez du ezer ematen. Andoainen bizi nintzenean ikusi nuen. Orain, Aian, gizonarekin. Ardi mordoa daukagu. Nire gizona ardi txakurren txapelketetan ibiltzen da. Euskal Herriko txapeldun geratu izan da. Aurki Bartzelonara doa, Espainiakora.

Cola caoa ogi zopekin hartuta dopatzen omen zinen zu.

Espainiako Txapelketetan hiru lehenengoek dopinaren aurkako proba egin behar genuen, medikuen aurrean txiza egitera behartuta geunden. Medikuak zerbait hartu al nuen galdetu zidan behin, eta «cola cao ogi zopetan», erantzun nion. Denak barrezka hasi ziren, eta nik ez nuen ezer ulertzen. Hurrengo kirolaria muskulaturarako bitamina eta abarrez hizketan hasi zenean konprenitu nuen. Badakizu, ni beti la aldeana, baina harro.

Lana izango duzu irabazitako domina guztiak garbitzen.

Urtean behin garbitzen ditut. Espainiako zortzi txapelketa irabazi nituen, eta hor ditut, Espainiako lazo eta guzti, irabazitako txapelen ondoan. Dominak distira galtzen ari dira, baina bandera nahiko gutxi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.