Mari Jose Valencia eta Sara Merchan. Gurutze Gorriko boluntarioak

«Entzierroak adrenalina injekzioak dira guretzat»

Goiz jaiki behar dute goizero Gurutze Gorriko boluntarioek entzierroan laguntzeko. 120-150 mediku eta erizain inguru aritzen dira lanean entzierroan; Telefonica aldean, 40 langile dira.

LOHIZUNE AMATRIA.
Lohizune Amatria.
Iruñea
2014ko uztailaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Larrialdi zerbitzuak prest dituzte goizero Gurutze Gorriko langileek. Egunero, sanferminetako zortzi entzierroetan egondako zaurituei laguntzeko prest dira Mari Jose Valencia (Iruñea, 1961) eta Sara Merchan (Altsasu, 1981). Gurutze Gorriko boluntarioak dira. Valenciak 37 urte daramatza entzierroan lan egiten. Merchanek, berriz, hamazazpi.

Entzierroaren zein zatitan egiten duzue lan?

Mari Jose Valencia. Kukuxumusu dendatik kailejoira doan tartean gaude, hau da, Telefonica aldean. Bi taldetan banatzen gara: erdia, ezkerraldeko hesian, eta, beste erdia, eskuinaldekoan. Ezkerraldean Sara da arduraduna, eta eskuinaldean, ni neu. Lantaldekoak sakabanatu egiten ditugu lehenengo; hesi guztia kontrolatzen dute, kailejoiraino.

Zenbat pertsona aritzen zarete lanean entzierroan?

Sara Merchan. Gehienetan 40 pertsona inguruk egiten dugu lan Telefonica aldean. Entzierroaren ibilbide guztia kontuan izanda, egunero 120-150 pertsona aritzen gara. Boluntarioak denak; musu truk egiten dugu lan. Boluntariotza egiten dugu: gizartearentzat egiten dugu lan, trukean ezer irabazi gabe.

Nola koordinatzen duzue zuen zatia?

S.M. Hesiaren bi aldeetan dugu jendea; bakoitzak hogei pertsona kontrolatzen ditu. Orokorrean, hesiaren bi zutabeko pertsona bat jartzen dugu. Hesiaren gainean egoten dira, hesiaren bi aldeetan. Dena ongi bistaratzeaz arduratzen dira. Garrantzitsuena hori baita, ibilbidearen bistaratze egokia izatea. Zerbait gertatuz gero erantzuna ahal dugun bezain azkarra emateko egiten dugu hori.

M.J.V. Gurutze Gorriarekin kolaboratzen duten mediku eta erizainak ditugu ibilbide guztian zehar. Baina Telefonicako zatian dauden mediku eta erizainak Nafarroako Osasun Zerbitzukoak dira. Gu, berriz, osasun garraio teknikoak gara. Egun Lanbide Heziketa eskatzen dute guk egiten dugun lana egin ahal izateko.

Nolakoa izaten da zezenak pasatzen diren momentu hori?

S.M. Zirraragarria da oso. Urduri egoten gara, baina horrek adi egoteko eta azkar erantzuteko ahalmena ematen digu. Gertatzen den guztia kontrolatu behar dugu, eta adi egon.

M.J.V. Jende guztiak bere lekuan egon behar du, dena ongi joatea nahi badugu. Zezenak pasatzen diren ala ez begiratu behar dugu, baten bat falta den edo ez jakin. Entzierroa adrenalina injekzio bat da guretzat ere, nahiz eta ez dugun zezenen aurretik korrika egiten.

Honako hau esaten da askotan: «Ez zaitzala zezenak harrapatu, eta, gertatzen bada, hobe Iruñean izatea». Zer uste duzue?

M.J.V. Berdina esan zidan lankide batek. Joan den urtean kailejoian egondako pertsona batek honako hau esan omen zion: «Eskerrak Iruñean nengoela eta ez zitzaidala beste toki batean gertatu».

S.M. Mota honetako gertaeratan osasun laguntzetan parte hartzen duen jendea oso ongi prestatuta dago, edozein tokian dela gertaera. Hala ere, egia da urte asko direla Iruñean entzierroa egiten dela. Oso jendetsuak dira, eta sorosle eta erantzun azkar bat emateko tekniko ugari daude. Ondorioz, erantzuna oso azkarra da.

Zer egiten duzue entzierroa amaituta?

S.M. Lanera joaten naiz, eta lanetik ateratzean bueltatxo bat ematen dut. Sanfermin neurtuak igarotzen ditut. Goizean goiz jaikita ezin da bestela izan. Atseden hartuta etorri behar dugu entzierrora.

M.J.V. Nire senarrak ere Gurutze Gorrian egiten du lan, eta ezin gara festan atera. Entzierroa amaitu, eta lanera joaten naiz ni ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.