Entzun, ikusi... itzali

Movistar Plus plataformak 'Apagón' telesail distopikoa plazaratu du. Bost ataleko lana, Espainiako Estatuan iruditara egokituriko lehen podcasta da

MOVISTAR PLUS.
Mikel Yarza Artola.
2022ko urriaren 1a
00:00
Entzun

«2018ko apirilaren 11n X9 mailako eguzki ekaitz bat jazo zen, sekula erregistraturiko bortitzena. Bi egun geroago, erradiazioa Lurreko atmosferara heldu zen, eta satelite guztiak erabilgaitz geratu ziren, baita sistema elektriko gehientsuenak ere. Planeta erabateko iluntasunean geratu zen. Gertakari horri itzalaldi handia deitu zioten».

 

El Gran Apagón podcastaren hasiera da. Jose Antonio Perez Ledo bilbotarrak duela sei urte sortu zuen fikziozko istorio hori Podium Podcast plataformarentzat, eta, orain, Espainiako Estatuan telesail bihurturiko lehen podcasta ere bada. Apagón izenburupean, Movistar Plusek bost zinema zuzendari bildu ditu, entzunezko istorio hori pantailako kodeetara egokitzeko. Gonbidatuak, honako hauek: Rodrigo Sorogoyen, Raul Arevalo, Alberto Rodriguez, Isa Campo eta ahaide gipuzkoarrak dituen Isaki Lacuesta.

Itzalaldi orokor bat izanez gero, nola jokatuko lukete herritar xumeek? Eta agintari publikoek? Aurrez inoiz izan gabeko egoera larri batean, elkartasuna eta lankidetza nagusituko lirateke, ala mesfidantza eta gorrotoa? Galdera horiei tiraka josi zuen Perez Ledok podcasta eta ikus-entzunezko egokitzapenean ere ildo horri eman diote segida. Larrialdi kabineteak, ospitaleak, goseteak, muturreko klima... ikusleek tankera honetako gune edota egoeretan bizi diren pertsonaiak ezagutuko dituzte atal bakoitzean.

Hiru euskal aktore ere batu dira proiektura. Batetik, gizonezko donostiar bat, Ramon Agirre beteranoa. Bestetik, bi emakume gasteiztar, Patricia Lopez Arnaiz Goya sariduna eta Ainhoa Santamaria. Telesailak promozio kanpaina sendoa izan du, eta Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean izan du aurrestreinaldia, lehiaketaz kanpo.

Izen handiak, ordea, ez dira nahikoa telesail gogoangarri bat osatzeko. «Bost atal, bost zuzendari» formulak badu erakarpen komertzialik, baina, independentzia hori baliatuta, zinemagile bakoitzak nahi duena egin du alor formalean eta proiektua maldan behera amildu da. Kontakizunak ez du behar adina batasunik lortu eta ikusleak bere buruari galdetuko dio maiz, ea ikusten ari den hori telesail berbera ote den.

Gidoigileek ere dezente arriskatu dute, eta apustua oker atera zaie. Podcastaren interpretazio libre bat egin nahian, haren pertsonaia eta ildo narratiborik esanguratsuenak zokoratu dituzte. Esaterako, ulertezina da kostaldeko aitaren, alabaren eta militarren arteko tentsiozko uneak kontakizunetik kanpo utzi izana. Are gehiago, kontuan izanik triangelu horrek zuzeneko lotura duela etorkizunean telesailak egokitu litzakeen podcasteko bigarren eta hirugarren denboraldiekin.

Apagón telesailaren enbor berekoak dira 2021eko Alemaniako Blackout eta 2019ko Frantziako L'effondrement. Harribitxi horien aldean, Espainiako ekoizpenak abantaila sonatu bat izan du, aktualitatea. Pandemia, energia krisia... paralelismo beldurgarriak ezar litezke horien eta El Gran Apagón podcastaren duela sei urteko gidoiaren artean. Sortzaileek, ordea, ez dute asmatu, ez kutsu profetiko horri heltzen, ezta jatorrizko materiala zukutzen ere. Akaso hobe izango da pantaila aldi luze baterako itzaltzea.

'APAGÓN'
Sortzailea: Fran Araujo.
Aktoreak: Luis Callejo, Ainhoa Santamaria, Patricia Lopez Arnaiz, Zoe Arnao, Miquel Fernandez.
Herrialdea: Espainia.
Urtea: 2022.
Non ikusi: Movistar Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 45 minutu.
Generoa: Drama. Thrillerra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.