Antzerkigilea

Maria Goirizelaia Buron: «'Eraldaketa' hitz garrantzitsua da, bai, baina antzerkiak galderak sortzeko ahalmena du»

Bizitzaren, ahotsaren eta askatasun sortzailearen ertzak arakatzen ditu Maria Goirizelaia antzerkigileak. «Gizatasuna, sentiberatasuna eta indarra» oinarri, antzerkia bizitzeko eta birpentsatzeko espazio bihurtzen du oholtza.

Maria Goirizelaia antzerkigilea.  CARLOS VILLAREJO
Maria Goirizelaia antzerkigilea. CARLOS VILLAREJO
unai etxenausia
2025eko maiatzaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Antzerkia ez da soilik oholtza gainean gertatzen den istorio bat kontatzea; gorputza, ahotsa eta gizartearekiko konpromisoa uztartzen dituen artea da. Eta arte horren muinean aritzen da Maria Goirizelaia Buron (Bilbo, 1983), antzerkigile, zuzendari, ahots espezialista eta ikertzaile aparta. La Dramatica Errante konpainiaren sortzaileetako bat da, eta, haren kide gisa, bere lanek estetika zaindua eta eduki zorrotza uztartzen dituzte, betiere gaurkotasunari eta gizarteari begira.

Denetik egin duzu zure ibilbide akademiko eta profesionalean...

Ibilbidea askotarikoa eta aberatsa izan da, eta, egia esan, zaila egiten zait gauza bakarra aukeratzea, etapa bakoitzak eman baitit zerbait baliotsua. Baina, azpimarratzekotan, nire etapa akademikoa azpimarratuko nuke. Izugarri gustatzen zait ikastea, eta ikasteko aukera asko izan ditut, bai hemen eta bai atzerrian. Londresen egin nuen urtebete, eta mugarri bat izan zen niretzat. Mundu bat ireki zitzaidan.

Aktore izanik, zuzendari bilakatu zinen. Zergatik?

Antzerkian hasi nintzen aktore izateko gogoz, hori zen nire motibazio nagusia. Baina bizitzak bide ezberdinetara eramaten zaitu. 2017an hasi nintzen idazten eta zuzentzen; David Pascual eszenografoarekin izandako elkarrizketa batek piztu zuen guztia. Proposatu zidan neuk zerbait idatzi eta zuzendu nezakeela. Hasieran ez nuen oso serio hartu, baina saiatzera animatu nintzen. Eta ordutik...

Prozesu natural bat izan zen?

Ez zen krisi bat izan; ate berri bat ireki nuen. Pascualekin hartu nuen kafe hartan gertatu zen guztia. Une hartan ez nekien ezer, baina barruak baietz esan zidan.

«Gure konpainian, La Dramatica Erranten, sorkuntza prozesuak oso kolektiboak dira. Talde lanean sinesten dugu, eta ahots guztiek dute lekua»

Ahotsa sakon ikertu duzu. Zer garrantzi du zuretzat?

Izugarria. Urteak eman ditut aktorearen ahotsaren entrenamendua aztertzen, eta XX. eta XXI. mendeko maisu ezberdinen lana ikertzen. Oso hizkuntzazalea naiz, eta izugarri gustatzen zaizkit bertso klasikoa eta Urrezko Mendeko antzerkia. Nire antzerkian, hitza da arma. Hitzak duen boterea, emozioak mugitzeko eta irudiak sortzeko gaitasuna, benetan liluragarria egiten zait.

Horretan, beraz, zorrotza zara aktoreekin?

Askatasun handia ematen diet. Egia da normalean testu bat izaten dugula abiapuntuan, baina entseguetan guztia aldatu egiten da. Entseguak espazio irekiak dira guretzat: inprobisatu egiten dugu, probatu, proposatu... Askotan, hasieran ona zirudien ideiak atzera botatzen ditugu, eta ustekabean aurkikuntza interesgarriak agertzen dira. Gure konpainian, La Dramatica Erranten, sorkuntza prozesuak oso kolektiboak dira. Talde lanean sinesten dugu, eta ahots guztiek dute lekua.

Konpainiaren azken lanean —Adiorik ez— heriotza, zaintza eta halako gai zailak jorratzen dituzue.

Beti abiatzen gara gertu ditugun egoeretatik, bizi dugun garaitik. Kasu honetan, senide baten gaixotasunak eta heriotzak zuzenean eragin zigun. Nola bizi momentu horiek? Nola lagundu? Nola irudikatu heriotza duin bat? Mendebaldean heriotzari buruzko tabu handia dago, eta garrantzitsua iruditu zitzaigun gaiari heltzea. Ez erantzunak emateko, baizik eta publikoarekin hausnarketa partekatzeko, beldurrik gabe.

Ane Pikazak eta biok zergatik sortu zenuten konpainia? Askatasun sortzaileagatik edo hutsune bati erantzuteko?

Ez genuen sortu merkatuko hutsune bat betetzeko. Gure istorio propioak kontatzeko beharra sentitzen genuen, gure lengoaia eszenikoa bilatzekoa, geure burua askatasunez adierazteko gune bat sortu nahi genuen. Beste konpainia batzuetan lan egin genuen lehenago, baina momentu bat iritsi zen non guk erabaki nahi genuen zer kontatu eta nola kontatu. Askatasunaren aldeko apustu bat izan zen konpainia sortzea, gure balioekin koherente izateko.

Uste duzu egiten duzuen antzerkiak gizartean eragin eraldatzailea izan dezakeela?

Eraldaketa hitz garrantzitsua da, bai, baina antzerkiak galderak sortzeko ahalmena du, hausnarketarako tartea ematen du, eta ikuslea bere tokitik mugiaraz dezake. Enpatia, kritika eta bestearekiko begirada berri bat pitz dezake. Gure antzerkiak ez du diskurtso moralistarik helarazi nahi; gehiago da galderak partekatzea, kezkak azaleratzea eta, hortik abiatuta, publikoarekin harreman zintzo bat sortzea.

Zuzendari gisa, obra bat sortzean zein da erronkarik handiena?

Erronkarik handiena, agian, zeure buruarekin zintzoa izatea da, benetan kontatu nahi duzun horrekin zintzoa izatea; formula erosoetan ez erortzea, ez pentsatzea zer gustatuko zaion ikusleari, baizik eta mugitzen zaituena sortzea da garrantzitsuena. Nik ez dut idazten jendea ukitzeko, baizik eta nik neuk dudan gatazkaren bat edo galderaren bat partekatzeko. Eta, hortik abiatuta, zerbait eraikitzen da. Bide horretan egia bilatzea da benetako erronka.

'Adiorik ez' antzezlaneko eszena bat. HODEI TORRES
'Adiorik ez' antzezlaneko eszena bat. HODEI TORRES
Zure ustez, zer behar du antzezlan on batek?

Hiru gauza: gizatasuna, sentiberatasuna eta indarra. Eta, batez ere, lanari heltzen dion talde konprometitua. Eszenan ikusten den emaitza, askotan, entseguetan egindako lanaren isla zuzena da. Taldeak ausardia eta konfiantza baditu, eta elkarrenganako errespetua, gauza ederrak sortzen dira. Taldearen entrega funtsezkoa da obra bat egiazkoa eta bizia izateko.

LOTSABAKO

Zuzendari bat?
Rebecca Frecknall.

Aktore bat?
Juan Vinuesa.

Obra bat?
Casting Lear, Andrea Jimenezena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.