Gurutzegramen zale amorratua da Iñaki Agirresarobe (1962, Irun). Luma hitz-jokoen hilabetekarian egiten du lan, eta, hala ere, ez da hizkuntzarekin jostatzeaz nekatzen. «Igandeetan ere, denbora librean, gurutzegramak egiten ditut». Larunbatean, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa antolatu du Lumak; Agirresarobe eguna heltzeko irrikan dago.
Jende askok esaten du gurutzegramak aspergarriak direla...
Denei ez zaizkie gustatu behar, ulertzen dut. Baina bizigarriak diren hitz gurutzatuak ere badira!
Zergatik dira, bada, bizigarriak?
Gurutzegramak egitea hizkuntzarekin jolastea delako; eta hori oso polita da.
Bestelako uste bat ere zabalduta dago: euskarazko gurutzegramak zailak dira.
Hori ez da egia. Are gehiago, erdaraz baino hobeak dira gurutzegramak euskaraz, dibertigarriagoak dira. Ongi eginda baldin badaude, ez da inor aspertuko. Jolasa dira. Ez ditzagun intelektualismotik aztertu. Denbora-pasa bat dira, baina denbora pasatzen ere jakin behar da.
Nola sortzen da gurutzegrama bat?
Lehenengo, laukiak egiten dira, eta gero, hitzak sartzen ditugu. Batzuetan, berriz, hitz jakin batzuk azpimarratu nahi ditugu. Halakoetan, hitzak kokatzen ditugu; eta, ondoren, horren arabera egituratzen dugu jolasa.
Larunbatean egingo duzue Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa. Nolakoa izango da?
Aurreko urteetakoen antzekoa; 40 pertsona inguruk eman du izena. Hiru fase egongo dira: kanporaketa, finalaurrekoa eta finala. Finalaurrekora hamasei pasatuko dira, eta finalera, lau. Gero, txapeldun bakarra egongo da.
Eta zer egin beharko dute parte hartzaileek?
Gurutzegramak bete beharko dituzte; guk kontuan izango ditugu zuzentasuna eta azkartasuna .
Nolakoa da gurutzegrama zalea? Ba al dago profilik?
Ez, denetarik dago. Zaharrak, gazteak; emakumeak, gizonak... Batzuek egunero egiten dituzte gurutzegramak; beste batzuek, noizean behin baino ez.
Gaitasun bereziren bat behar da?
Ez, edonork egin ditzake.
Zer eskaintzen diote denbora-pasek zaleari?
Momentua bizitzeko aukera. Gainera, euskara ikasleentzat ere oso erabilgarriak dira hiztegia aberasteko.
Ohikoak al dira gurutzegrama lehiaketak?
Euskal Herrian, guk antolatutakoa da bakarra, baina, Frantzian eta Ingalaterran, ohitura handia dago.
Euskal Herrian, zale asko al daude?
Uste baino gehiago. Ehunkak baino gehiago, nik esango nuke milaka pertsonak egiten dituztela gurutzegramak. Ez egunero, baina askok badute ohitura batzuetan egiteko.
Azken urteetan, gurutzegrama ohiko bihurtu da, baina, berez, ez da horren zaharra.
Nahiko berria da. 1913an, lehenengo gurutzegrama argitaratu zuten, AEBetako egunkari batean. Segituan izan zuen arrakasta. 80ko hamarkadan, ohiko bihurtu zen egunkarietan.
Eta, zuri, nola sartu zitzaizun gurutzegramen arra?
Orain dela 25 urte-edo. Zalea nintzen, eta Egin egunkarirako hasi nintzen .
Geroztik, urteak pasatu dira... Oraindik ilusioz aritzen zara?
Batzuetan aspertu ere egiten naiz gurutzegramekin... [barrez], baina asko gustatzen zait; gainera, ofizio ere badut, beraz, moldatu beharko.
Lanean ez zaudenean, egiten dituzu?
Bai, gaztelerazkoak. Euskarazkoak guk egiten ditugu, eta definizio guztien erantzunak dakizkit!
ATZEKOZ AURRERA. Iñaki Agirresarobe. Lumako kidea
«Erdaraz baino hobeak dira gurutzegramak euskaraz»
Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketaren zortzigarren aldia antolatu du Lumak, datorren astebururako, 'Hizkiz hizki, lauki lauki' lelopean; berrogei parte hartzaile daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu