Hiriko karriketan eta plazetan banderatxoak, zutoihalak, tortxak eta kandelak, eta herritarren soinean antzinako jantziak, nobleziarenak, dotoreak, belusezko jantzi brodatuak, eta herri xehearenak, xumeagoak. Lizarrak Erdi Aroaren itxura hartu du egunotan. Erdi Aroko 26. Astea joan den astelehenean hasi zen, errege-erreginen gortearen desfilearekin, baina asteburuan izango dira ekitaldi nagusiak; gaur eta bihar, alegia.
Koblakariak, bufoiak eta juglareak kalejiran aterako dira karrikak alaitzera, hala nola iratxoak, saltinbankiak eta trikimakoak. Gaia naturaren jainkosa ere ikusi ahal izango da han eta hemen. Eta Gzarkuk orkestra gizon misteriotsua ere bai, bere musika tresnekin. Bilibium izeneko legenardunentzako ospitale ibiltaria ere hor ibiliko da egun osoan, kalez kale.
Gaur hegazti harraparien bidezko ehiza erakustaldia egingo dute 12:30ean. Santiago plazan izango da falkonero maisuen milaka urteko arteaz gozatzeko aukera. San Nikolas kalean, berriz, herri bazkaria egingo dute. Zikiroa burruntzian, horixe izango da plater nagusia.
Gero, goizean bezala, antzerki ibiltariak aterako dira berriz ere karriketara. Foruen plazan ipuin kontalari berezi bat izango da: Ashdrog. Zuhaitz jakintsu bat dauka ardatz ikuskizunak. Lizarrako Jaurrerriko erraldoiez lagunduta, ipuin kontalari ibiltari bat ere egongo da, baita herensugearen harrapaketa ere, eta, plaza nagusian, elfoak. Bidaiari mitologikoak ere urrititik iritsiko dira Lizarrara. Gaueko hamarretan, berriz, erritu bikingoa izango da: Ragnarok.
Erreginaren gortea
Bihar ere ekitaldi ugari izango da egun osoan. Aurreko egunetan bezala, bufoiak, trobadoreak eta juglareak ibiliko dira kalejiran, eta iratxo bihurriak, ipuin kontalariak... 17:30ean, Joana I.a erreginaren gorteko bufoiak eta musikariak aterako dira kalera, segizioan, eta, ordubete geroago, musika gizon berezi bat: Pico Flauta. Aztiek kalejira egingo dute 18:15ean, eta edabe bat prestatuko dute.
Aurtengo berrikuntzetako batekin amaituko da aste berezia. Erdi Aroko Torneo Handian Errolan eta Ferraguten kondaira izango da zezen plazan, 19:00etan.

Gustavo Maeztu museoan aspalditik egiten duten Erdi Aroko Ikerketen Astearen harira sortu zen aste oparo hau. Ekimena Lizarrako Dendarien Elkartearena izan zen: «Lizarrarat etortzen ziren ikerlari, aditu eta historialariei aukera eman nahi izan genien egun osoko jardunaldiak amaitu eta giro berezi batean murgiltzeko. Aurten ehun ekitaldi baino gehiago antolatu ditugu». Horren harira, denda, taberna eta jatetxe askok itxura berezia hartzen dute, gauean zuziekin argiztatuta baitaude, eta ostatuetan garai hartako plater tipikoak dastatzen ahal baitira.
Antzinako azoka
Erdi Aroko Astean ezin da antzinako azoka falta. Gaur eta bihar, dozenaka artisau ikusi ahal izango dira lanean. Antzinako Zaporeen merkatua hiriko plaza nagusian egingo dute, gaur eta bihar. San Joan auzoan gazta, eztia, sagardoa, gozoak, hestekiak eta bestelakoak egongo dira salgai. San Pedro eta San Migel auzoetan, berriz, lanbideak elkartuko dira; larruaz, paperaz, buztinaz, beiraz, zurez, lorez, eta urrez eta zilarrez egindako gauzak topatu ahal izango dira parte zaharrean.
Urtez urte arrakasta handiagoa du Erdi Aroko Asteak. Turista ugari joaten dira Lizarrara egunotan, baina bertako herritar ugarik ere bat egiten du ekintzekin. Jende anitzek, soineko zaharrak jantzi, eta balkoietan banderatxoak zintzilikatzen dituzte. Txikienek ere asko gozatzen dute aste honetan; izan ere, aukera izaten dute garai hartako jolasetan aritzeko eta zurezko atrakzioetan ibiltzeko.