Aspaldi nerabilkien buruan El conquistador del fin del mundo saioari beste tartetxo bat eskaintzea. Hainbat saiotan sumatutako ñabardurek kezkatuta, adi nintzen gaia nola landuko. Eta, hara non, igande batean huts egin eta joan den igandean izan behar. Mugen mugak hautsi zituen emanaldia izan zen. Geroztik, bila aritu naiz, eta ikusi ahal izan dut. Eta, hemen nago, hitzak nola neurtu erabakitzen.
Izan ere, ez dakit nola azaldu ikusitakoa. Ez baitakit nola ulertu behar dudan, behar dugun. Bai baitakit jendeak sorbaldan kolpetxoa eman ziola saioari, beste behin, ikusle kuotari dagokionez. Zalantza dut konkistatzailearen figuraren inguruan. Zalantzak konkistatzaileek historian erakutsitako jokabideaz. Eta are zalantza handiagoa, kasu honetan, konkistatzaile bihurtu nahi duenari ezartzen dizkioten pausoekin.
Duela emanaldi batzuk, Juanito Oiartzabali kosta egin zitzaion tamaina ezberdineko hiru ontzi baliatuta lau litro ur bereizten. Niri ere bai. Gainezka egin dit urak. Ulergaitza egin baitzitzaidan Julian Iantzi tanke baten gainean, gerrako garaileak nola, proba batera iristen ikustea. Eta ulertzeko zailtasuna amorru bihurtu da asteon. Azaldu da, bat-batean, jantzi militarrez, aurrerantzean kapitainen lekua hartuko duen gizona. Jantziei, noski, keinukera, terminologia eta prepotentzia gehituz. Haren mende daude lehiakideak, zaharrak eta berria, haren mende jokagunea. Leku hila, mortua, hesitua, gogorra da aurrerantzean partaideen bizilekua. Kontzentrazio eremua irudikatzen du. Kontzentrazio eremua da. Nonbait, ziur asko hiztegia xamurtzeko, soldaduskan zerabilten guneen antzekoa hots egiten zioten. Niretzat, kontzentrazio eremua da, hala ere. Eta bertan, militarrak agindu. Haren galoiak erakusteko, lehengo kapitainetako bat lurrera botako du indarrez, mehatxuz. Beste kapitainetako bat, ordea, arropatik tiraka ibiliko du, hark agintzen ez badio urrunduko ez dela jakin dezan. Hirugarren kapitaina, irudiei dagokienez behintzat, ez du hain bortizki hartuko. Horra hor, aspaldi buruan nerabilkien ñabarduretako baten beste adibide bat.
Emango dituzte, edo ez, azken erabakia azaltzeko arrazoiak. Nik argi dut zein den herri honetan zabaltzen ari diren mezua. Zein den haien konkistatzailearen eredua. Laster, agian, ilea zeharo moztuko diete denei.
Komunikazioa. Ekografiak
Eredua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu