Letxugak, zerbak, ilarrak, espinakak, marrubiak, sendabelarrak, garaian garaikoa topa liteke Gasteizko Lakua auzoko Ibaiondo ikastetxeko baratze ekologikoan. Duela hiru urtetik, Lehen Hezkuntzako ikasleak lurra lantzen aritzen dira jolas orduan. «Oso gustura etortzen naiz baratzera, lurra lantzera; barazkiak landatu eta hazten direnean, jasotzea atsegin dut», dio espinakak biltzen ari den 8 urteko mutikoak.
Ereindakoa fruitua ematen hasia da Ibaiondon. Eusko Jaurlaritzak plazaratzen duen Karmele Altzueta Hezkuntza Berriztapen lehiaketan proiektu onenaren saria jaso berri baitu Gasteizko ikastetxeak. «Azaroan eman ziguten izendapenaren berri, baina joan den astean jaso genuen saria. Pozgarria izan da guztiontzat, eta honaino iristen lagundu diguten guztiei eskerrak eman beharrean gara», esan du Koro Martinez proiektuko arduradunak.
Ikasleak nekazaritza eta landareen mundura gerturatzeko asmoz sortu zuten baratzearen proiektua, «naturarekin harreman zuzena izan eta beste hainbat ezagutza bereganatu zitzaten», dio Martinezek. Izan ere, lurra landu ez ezik, balio pedagogiko garrantzitsua ere ematen diote Ibaiondon baratzeari. «Ikasgeletan ere curriculumari lotutako lanketa egiten dugu baratzearekin. Matematikan, hizkuntzan, laguntza berezietan eta beste hainbat arlotarako baliagarria izaten da», Martinezen arabera. Naturaren ezagutza egunerokoan islatzen dute. «Baratzea liburu bat bezala erabili nahi izan dugu, ikasleentzat askoz ere entretenigarriagoa baitaikasketa prozesua modu horretara», azaldu du Puy Marin ikastetxeko zuzendariak.
Elkarlanean
Ibaiondo ikastetxea duela bost urte zabaldu zuten, eta zerbait berezia egiteko grinez ziren guraso eta irakasleak. Baratzea lantzeko asmoak indarra hartuta, gaiarekiko jakintzak eureganatzeko asmoz Areitz Soroa Baserri eskolarekin jarri ziren harremanetan. «Laguntza handia jaso dugu baserri eskolaren aldetik. Ikaragarrizko borondatea azaldu izan dute beti. Guraso eta irakasleoi formazioa eskaintzeaz arduratzen dira; baratzea planifikatu eta egiten lagundu ziguten, eta garaian garaiko produktuen berri eman izan digute une oro», adierazi du Martinezek.
Baserri eskolaz gain, Guraso Elkartearen eta Zadorra Fundazioaren laguntza ere izan dute. «Guztien arteko elkarlanean atera dugu aurrera baratzea; guk bakarrik ezin izango genuen», azpimarratu du Marinek.
Karmele Altzueta saria jasotzeak bultzada handia eman dio Lakua auzoko ikastetxeari. Haurrek zein irakasleek gero eta interes handiagoa dute baratzean, eta «sariak proiektua animo handiagoz hartzeko motibazioa sortu digu», esan du zuzendariak.
Lortutako diruarekin baratzea hobetzen jarraituko dute. «Uda garaian haurrek zenbait tailer lantzeko eta lanean aritu ondoren lanabesak gorde ahal izateko egurrezko etxola eder bat eraikiko dugu», jakinarazi du Martinezek.
Ereindako fruitua biltzen
Gasteizko Ibaiondo ikastetxea saritua izan da Karmele Altzueta lehiaketan, lantzen duten baratzeagatik. Hiru urteko lanaren ordaina pozik eta esker onez hartu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu