Datorren asteko estreinaldiak

Eremu ilunetara itzuli da David Fincher

Ikusmin handia sortu du zuzendari estatubatuarraren 'Gone Girl' film berriak New Yorkeko estreinaldian

Ben Affleck aktorea da filmeko pertsonaia garrantzitsuenetako bat. BERRIA.
Gontzal Agote.
2014ko urriaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azken urteotan zinema estatubatuarrak eman duen zinemagilerik interesgarrienetakoa eta trebeenetakoa da David Fincher. Industriaren inguruan mugitu izan da beti, eta horren barruan jakin izan du behar zuen askatasuna eskuratzen proiektu pertsonalak aurrera eraman ahal izateko. Horren ondorioa da urtetan ondu duen filmografia aberats eta erakargarria.

Gone Girl-ekin thriller-era itzuli da zinemagilea. Gillian Flynnek 2012an argitaratu zuen eleberria da istorioaren oinarria, eta idazlea bera arduratu da pantailarako moldaketa egiteaz. Rol nagusia sekula Fincherekin lan egin gabeko aktore eta zuzendari garrantzitsu batek jokatu du, Ben Affleckek. Harekin batera, Rosamund Pikek eta Tyler Perryk ere parte hartu dute pelikulan.

Nick eta Amy senar-emazteek bosgarren ezkontza urteurrena ospatu behar dutenean, Amy batere arrastorik utzi gabe desagertuko da. Desagerpenaren berri emanen du senarrak, argibide zehatzik eman gabe. Poliziaren eta hedabideen presiopean, agerian gelditzen hasiko dira Nicken zenbait gezur eta kontraesan, eta desagerpenaren susmagarri nagusi bihurtuko da.

Filma joan den astean estreinatu zuten jendaurrean, New Yorkeko zinemaldiaren irekiera ekitaldian. Oso harrera ona izan zuen bertan, eta munduko hainbat herrialdetan eginen den aldibereko estreinaldiak ikusmin handia eragin du.

Klasiko garaikideak

Gone Girl David Fincheren hamaikagarren film luzea da. Dokumental musikal bitxi batekin hasi zuen ibilbide artistikoa 1985. urtean, Rick Springfielden biografia bat eginez.

Zazpi urte igaro ziren bere lehen fikziozko lana egin ahal izan zuen arte; enkargu bat izan zen. Alien sailaren hirugarren partea egitea egokitu zitzaion. Nolanahi ere, filmak kritika onak jaso zituen, eta horrek aukera eman zion zuzendari gazteari bere lehen proiektu pertsonalari ekiteko.

1995ean ailegatuko zen Seven, thriller garaikideetan molde berria ezarri zuen filma. Brad Pitt eta Morgan Freemanekin egindako pelikulak izugarrizko arrakasta ezagutu zuen, eta, horren ondorioz, Fincher modako zuzendaria bihurtu zen.

Dena den, zinemagileak nahiago izan zuen bere intereseko proiektuekin lanean segitu. The Game izan zen hurrengo apustua, Michael Douglas eta Sean Pennekin eginiko misteriozko pelikula.

1999an beste kultu film bat ekarri zuen Fincherek, berriro ere Brad Pitt ondoan zuela. Chuck Palahniuken The Fight Club liburuaren egokitzapena prestatu zuen pantaila handirako, eta berehala belaunaldi gazteen ikono bihurtuko zen gizartea nola hondoratu erakusten zuen istorioak. 2002ko Panic Room pelikulak, ordea, nahiko harrera hotza izan zuen. Horren ostean, bost urteko atsedenaldia hartu zuen zuzendariak, eta, 2007an, indarberrituta itzuli zen bere orain arteko pelikularik onena egiteko, Zodiac. Izen bereko hiltzailea harrapatzeko ikerketa prozesuan oinarrituta, thriller ilun eta magnetikoa egin zuen, eta generoaren maisulan garaikidea da.

Hortik aurrera, Oscar sariei begira zeuden bi film etorriko ziren, The Curious Case of Benjamin Button eta The Social Network. Hiruna Oscar sari jaso zituzten pelikula horiek, baina bigarren mailakoak, batean zein bestean ez baitzuten ez pelikula ezta zuzendaria ere saritu.

Orain arteko Fincheren azken film luzea beste liburu arrakastatsu baten bertsio berria izan da, Stieg Larssonen Millenium sailaren lehena, The Girl With The Dragon Tatoo; Daniel Craig eta Rooney Mararekin.

'GONE GIRL'

Zuzendaria: David Fincher.

Aktoreak: Ben Affleck, Rosamund Pike, Neil Patrick Harris,Tyler Perry, Kim Dickens, Patrick Fugit, Carrie Coon.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2014.

Iraupena: 145 minutu.

Generoa: Thriller.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.