Gabon jaien atariko azoka eta festen artean lekua egina du Usurbilgo Erle Egunak (Gipuzkoa). Zortzigarren urtez antolatu dute, eta erleen nahiz eztiaren inguruan jakin beharrekoak jakin eta bertatik bertara ikusteko modua izaten da. Goiz osoan azoka, erakusmahaiak, musika eta bertsolariak izango dira herriko plaza nagusian, baita Erleen Egunean ezinbestekoak diren lehiaketak ere: Euskal Herriko Ezti Lehiaketa, herri izaerako gozogintza lehiaketa eta umeen marrazki lehiaketa antolatu dituzte iganderako.
Ezti eta gozogintza lehiaketetan parte hartu nahi dutenek 09:00etatik 10:00etara bitartean aurkeztu behar dituzte haien produktuak. Horiek bildu, dastatu eta epaituko dituen epaimahaia sukaldariek, gastronomia kritikariek, kirolariek eta kantariek osatuko dute. Irabazleen berri 13:30ean jakinaraziko dute, eta ezti sarituen enkantea egingo dute ondoren. Ordu berean banatuko dituzte gozogintza lehiaketako eta Usurbilgo haurren marrazki lehiaketako sariak ere.
Eztia izaten da erle eguneko jaki preziatuena, eta Askatasunaren plazan Irrien Lagunak elkartekoek eztia jogurtarekin banatuko dute bertaratzen direnen artean. Eguna amaitzeko, bazkaria egingo dute, Aginaga sagardotegian, 14:30ean. Menua sagardotegi garaikoa izango da: bakailao tortilla, bakailaoa piperrekin, idi txuleta, intxaurrak, gazta eta irasagarra. Txiriboga eta Irrati tabernetan eros daitezke txartelak (24,50 euro), eta igandean bertan ere izango da erosteko modua.
ERLE EGUNA
Zer. Azoka, lehiaketak, musika, bertsolariak...
Non. Usurbilen (Gipuzkoa).
Noiz. Igandean.
Ordutegia. Goizez.
Asteburuko proposamenak
Erlea eta eztia ardatz dituen eguna
Usurbil. Ekitaldiz gainezka dator igandeko Erle Eguna: azoka, enkantea, ezti eta gozogintza lehiaketak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu