Erleen

Erleek polinizazio lan handia egiten dute, eta zeregin horrek floraren orekan garrantzi handia du. Horretaz gain, beste hainbat onura dakarzkio gizakiari, hala nola eztia eta propolia.

ANE AZURMENDI DONOSTIA
2008ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jende askok pentsatzen du erleek eztia bakarrik egiten dutela, baina erleek landareen polinizazioan lan handia egiten dute. Ideia horrekin bat datoz Josune Epelde, Aikur Urretxuko erle museoko arduradunetako bat, eta Ainhoa Tolosa, Gipuzkoako erlezainen elkarteko idazkaria. Erleak, beste intsektu askok bezala, lore-polinizatzaileak dira. Funtzio horrek floraren orekan garrantzi handia dauka. Landareek, beren loreen bidez, erleak erakartzen dituzte. Erleari, lorera iristen denean eta nektarra zurrupatu nahian ibiltzen denean, gorputzeko ileetan polena itsasten zaio eta hurrengo lorera doanean aurreko lorearen polena askatzen zaio. Horrela, lorez lore dabilen erleak loreak ernaltzen ditu. «Erleak ateraldi bakoitzean 1.000-1.500 lore inguru bisitatzen ditu», azaldu du Epeldek. Polinizazioaren bidez, erleek inguruko fruitu produkzioa handitzen dute. «Erleen funtzio garrantzitsuena polinizazioa da eta jende askok ez daki. Hori dela eta, esaten da munduan erleak galtzen badira mundua galdu egingo dela», dio Tolosak. Gipuzkoa oso malkartsua denez eta eguraldi hezea egiten duenez, eztia emateko ez da oso leku emankorra. Hori dela eta, Gipuzkoako erlezaintza batez ere polinizazioaren ingurukoa da. Jendeak sagarrondoak baditu eta polinizatu egin nahi baditu pare bat erle jarriko duela azaldu du Tolosak.

Polinizazioaz gain, erleek beste hainbat onura dakarzkie naturari eta gizakiari, ezagunenak eztia, polena, erregeren jelea eta argizaria dira. Baina erleen pozoia ere oso lagungarria izan daiteke, nahiz eta jendartean ez duen ospe onik. Erleen pozoia gaixota- sun askoren aurka egiteko oso lagungarria dela ziurtatu du Epeldek. Esaterako, erreuma edo esklerosi kasuetan. Izan ere, erleen pozoia hanturaren eta minaren kontra ere ona da. «Egokiena erlea min duzun lekuan jartzea da, hala erleak eztena zuzenean sar dezan». Izan ere, beste era batzuk erabiliz gero eta eztena zuzenean sartuz beharrean pilula bidez- edo hartuz gero, erleen pozoiak dituen propietate asko galdu egiten dira.



ENERGIA ITURRI. Eztia gizakientzat energia iturri bat da, mineralak eta bitaminak ditu eta gibelari ez dio kalterik egiten. Azukrea saihestuz eta eztia erabiliz gibelari mesede handia egiten zaiola azaldu du Epeldek. Izan ere, erleek eztia digeritu egiten dute eta gizakien gibelari lan hori aurrezten diote. Erleek loreetatik jasotzen duten nektarrarekin egiten dute eztia.

Erleek eztia jan eta argizaria sortzen dute eta abaraskak egiteko erabiltzen dute. Gizakiek, berriz, batez ere kandelak egiteko erabili izan dute argizaria, baina gaur egun ez da horretarako erabiltzen. Ukenduak egiteko ere asko erabili izan da Euskal Herrian, eta gaur egun oraindik ere erabiltzen da horretarako.

Propolia erleek zuhaitz begietatik jasotzen duten erretxin moduko gaia da. Erleek erlauntzeko zirrikituak ixteko erabiltzen dute. «Guk, berriz, propolia antibiotiko natural gisa erabiltzen dugu. Batez ere, azalerako da oso ona. Baina eztarriko minari aurre egiteko ere egokia da», argitu du Epeldek. Polenak, berriz, proteina eta zuntz asko ditu. Azkenik, erregeren jelea erleak buruan duen guruin batek jariatzen duen substantzia da. Hain zuzen ere, larbei hiru egunetan ematen zaie jaten erregeren jelea, eta erreginari, bizi guztian. Gizakien artean ere oso preziatua da osagaia, eta indarberritzeko aproposa da. Erleek sortu eta gaixotasunen aurka laguntzen duen terapiari apiterapia deitzen zaio eta gero eta ezagunagoa da gizartean.



DESAGERTZEA. Gero eta erle gehiago hiltzen dira. Hori erleak ahultzen ari direlako izan daitekeela uste dute Epeldek eta Tolosak. «Erlea ahul dago eta gaixotasunak errazago hartzen ditu», azaldu du Epeldek. «Arazo asko daude eta guztiek bat egin dute», gaineratu du. Esaterako, varroa izeneko akaroak erleei kalte handia egiten die. Tolosak azaldu duenez, varroa-rekin erleak deformatu egiten dira. Erlauntzak urtean behin tratatzen dituzte varroa-ren aurka. «Baina dagoeneko erresistentzi mekanismo bat sortzen ari ote diren pentsatzen dute». Erlea da intsektuen artean polinizatzaile nagusia, %80az bera arduratzen da. «Beraz, erlea galduko balitz, naturatik jasotzen duguna asko jaitsiko litzateke». Erleak galtzeko beste arrazoietako bat loreetan erabiltzen diren pestizidak izan daitezkeela uste dute adituek. Izan ere, loreetan erabiltzen diren pestizida askok erleei ere kalteak eragiten dizkiete. Horretaz gain, klima aldaketak ere erleen galeran zerikusia duela diote zientzialari askok. Horien iritziz, klima aldaketa dela eta, lore mota batzuk ez dira loratzen eta erleak elikagai gabe geratzen dira. Hala ere, erleak galtzea oro har arazo guztien ondorioa dela uste dute gehienek.



ERLEEN ETSAI NATURALAK.Erleak, gainera, aipatutako etsaiez gain, baditu beste etsai natural batzuk ere; erleei xomorroek eta ornodunek ere kalte egiten diete. Liz-torrek erlea hegan doala harra-patzen dute, zorriek ahotik janaria kentzen diote, tximeleta piratek eztia jaten diote, armiarmek beren sarean harrapatzen dute... Horietaz gain, erlatxoriak, enarek, okilek eta beste txori intsektujaleek ere milaka erle jaten dituzte. Igel, musker eta sugandilek ere gustukoak dituzte, eta saguek, arratoiek eta azkonarrek eztia jaten diete.



Erleak eta Euskal Herriko tradizioa

Urteetan erlea Euskal Herriko baserrietan beste azienda bat izan da, azienda berezi eta misteriotsu bat. «Erlea barruan eta ilunpean egoten da, horregatik izan da beti misteriotsua», azaldu du Epeldek. Erlearen inguruan sineste asko topatzen dira Euskal Herrian. Esaterako, erleak hiltzeak kalte handiak sor ditzakeela; erle bat sukaldeko kristalera gerturatuz gero, zerbait txarra gertatuko delako seinale omen da. Horietaz gain, garai batean etxeko gizona edo etxeko andrea hiltzen zenean erleei abisatu egiten zitzaiela dio Epeldek, horrela, argizari gehiago egin zezaten.

Gainera, erleak erosi eta saltzeak ere zorte txarra ekartzen omen zuen, baina, nahi izanez gero, beste zerbaitengatik trukatu egin zitezkeen.





Erleen mundua ezagutzeko aukera

A.a.

Donostia

Aikur Urretxuko (Gipuzkoa) erle museoa erleak eta erlezaintza ezagutzeko aukera ona da. Josune Epelde eta Elias Otegi dira museoko arduradunak. Museoa 2007ko irailean ireki zuten, baina aurretik ere taldeekin lan egiten zuten. Orain aurrerapauso bat eman dute eta asteburuetan taldean ez doan jendeari erleen mundura sartzeko aukera ematen diete. Museoko lehenengo solairuan erlezaintzaren inguruko informazioa ematen dute; hala, garai bateko enborrak eta egungo erlauntzak ikus eta konpara daitezke. Gainera, euskal mitologiaren eta erlearen inguruko panelak ere badaude. Polinizazioan erleak duen eragina, apiterapiarako produktuak eta eztia nola ateratzen den ikusteko eta hainbat ezti mota probatzeko aukera ere badago. Gainera, erromatarren garaian asko edaten zen ezti ardoaren upeltxo bat ere badago.

Bigarren solairuan, erlea da protagonista. Erlearen anatomia eta morfologia aztertzeko aukera dago. Bideo batean, erleek nola ikusten duten azaltzen dute. Gizakiek zuria ikusten dutena haiek more argia ikusten dute. Euren begiek izpi ultramoreak jasotzen dituztelako. Bi begi handi konposatu dituztenez eta milaka hexagono dituztenez, irudia mosaiko batean bezala ikusten dute, begi horiek urrutira ikusteko erabiltzen dituzte. Horietaz gain, beste hiru begi txiki-txiki dituzte eta horiekin gertura ikusten dute. Erleak nola komunikatzen diren ere oso ondo azaltzen dute museoan; nahiko bitxia da, izan ere. Erleak dantzaren bidez komunikatzen dira. Erle batek polena aurkitzen badu, erlauntzera itzultzen da eta dantza baten bitartez adierazten die gainontzekoei nora joan behar duten polen bila. Museoan, erleak naturan bizi direnean nolako abaraskak egiten dituzten ere ikus daiteke.

Epeldek dioenez, gizakiek erabiltzen dituzten produktuak erleek nola egiten dituzten ikustea gustatzen zaio jendeari.





Udaberria, akazia eztiaren garaia

Gipuzkoako Erlezainen Elkartea erlauntzen datuak biltzen ari da, erle kopurua egokia den neurtzeko.
a.azurmendi

Donostia

Gipuzkoako Erlezainen Elkartea duela urte batzuk hasi zen panel didaktiko batzuen bidez jendea informatzen. «Jendeak ez daki benetan erleek zenbat onura ekartzen dituen», dio Ainhoa Tolosa Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko idazkariak. Hori dela eta, jendea informatzeko hainbat lan egiten dituzte. «Erleen inguruko informazio dezente dute panelek». Horretaz gain, ikastetxeetan hitzaldiak ematen dituzte. Elkarteak 548 bazkide ditu eta guztira 6.000 erlauntza inguru dituzte bazkide guztien artean.

Elkartean materiala bazkideek bakarrik eros dezakete, baina botikak erlauntza duten guztiek eros ditzakete. Horretaz gain, elkartea erlauntza jarri behar dutenen zalantzak argitzen saiatzen da. «Ikastaroak antolatzen ditugu, aldizkari bat kaleratzen dugu, erlauntzak aseguratzen ditugu...». Tolosak dioenez, Gipuzkoan gero eta gazte gehiago etortzen dira erleen mundura.



POLINIZAZIO ESTALDURA NEURTZEN. Elkarteak duela gutxi martxan jarri zuen Gipuzkoako polinizazio estaldura neurtzeko proiektua. Horretarako, Gipuzkoako erlauntza guztien datuak jasotzen ari dira. Hala, eremu bakoitzean dagoen landarediarekiko zenbat erle dauden, gutxiegi, nahikoa edo gehiegi, kalkulatzen ari dira. Horretaz gain, erleen gaixotasunak tratatzeko ere erraztasunak izango dituzte azterketa horrekin. Hori dela eta, Gipuzkoan erlauntzak dituztenak eta oraindik daturik eman ez dutenak beraiekin harremanetan jartzera deitu dituzte.

Gipuzkoako Erlezainen Elkartekoek tarteka azoketara beste ezti mota batzuk eramaten dituzte, jendeak proba ditzan. Mila lorea da ezti motetako bat. Erlea eztia biltzen hasten denetik sanmigelak arte ez bada eztia jasotzen, azkenean, erlauntza askotariko eztiz betetzen da. «Nahiz eta abaraska bakoitzean ezti mota bat izan, erlauntza osoan hainbat ezti mota daude». Hain zuzen ere, horregatik deitzen zaio mila lore.

Udaberri hasieran, berriz, akaziaren eztia jaso ohi da. Akazia oso landare emankorra baina ahula dela azaldu du Tolosak. Hori dela eta, euri pixka bat egiten duenean landarea hil egiten da berehala. «Akaziaren eztiak ez du kristalik, oso kolore argia du eta oso egokia da jogurtarekin jateko».

Tolosaren arabera, jendeak eztia kristalizatua ikusten badu, txarra dagoela pentsatzen du. «Baina ez da txarra, kristala duelako kristalizatzen da». Horretaz gain, kristalizatutako eztia ez berotzea gomendatzen du Tolosak. «Berotuz gero propietate ugari galtzen baititu».

Irun aldean gaztainaren ezti asko egiten dute. «Gaztainarena eztarritik pasatzean garratz samarra da», azaldu du. Txilarraren eztia, esaterako, oso kristalizatua da. Askotan prentsa batetik pasatzen dute kristalak puskatu eta kremosoagoa geratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.