Erlezain berrien abaraskak

Hamalau baserrik ateak ireki dituzte 'Ongi etorri baserrira' egitasmoaren barruan, herritarrak baserrietara gerturatzeko. Balerdipeko baserriko erleak ezagutu dituzte zenbait bisitarik.

Inaxio Arin, Balerdipeko erleetako erlezaina, bisitariei erlauntzak erakusten. BERRIA
Inaxio Arin, Balerdipeko erleetako erlezaina, bisitariei erlauntzak erakusten. BERRIA
ane insausti barandiaran
Bedaio
2025eko uztailaren 5a
17:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Hexagono formako egitura bat atera du Inaxio Arinek erlauntz zahar batetik. «Horrelako txantiloi batzuk jartzen dizkiegu, eta erleek argizaria egiten dute. Bertan jartzen dituzte erle erreginek arrautzak, eta biltzen dituzte polena edo eztia». Abaraska deitzen zaio hexagono horietako bakoitzari; erle bakoitza abaraska batean jaiotzen da.

Erleek jaiotzeko abaraskak behar dituzten bezala, behar dituzte erlezainak ere. Eta erlezainen lana ere ezagutarazi behar da, erlezain belaunaldi berriak jaiotzeko. Enba euskal nekazarien batasunak urtero antolatzen du Ongi etorri baserrira egitasmoa, geroz eta urbanoagoa den gizarte bat baserrietara gerturatzeko. Guztira, hamasei baserritan bisitak egin dituzte, atzo eta gaur. Bedaiora (Gipuzkoa) joan dira batzuk, Balerdipeko Erleak ezagutzera. 

Erlauntz zahar batzuetan eserita entzun dituzte Arinen azalpenak. Erle beltzekin lan egiten dute Balerdipekon. Bertako arraza bat da erle beltza, baina ez ezti gehien ekoizten duena; ondorioz, kanpotik beste arraza batzuk ekarriz joan dira Euskal Herrira. «Ekoizpenera begira hobexeagoak direnez, bertako espeziea galduz eta nahastuz joan da. Gu proiektu honetan sartu gara erle beltza babesteko eta, ahal bada, berriz ere zabaltzeko».

BALDERDIPEKO ERLEAK
Inaxio Arin, erleei buruz azalpenak ematen. AITOR KARASATORRE / FOKU

Erle erreginaren, erlamandoen eta erle langileen irudia duten afixak atera ditu erlezainak, eta bakoitzaren azalpenak eman. Ikasi dute erlauntz baten barruan erregina bakarra dagoela, eta haren funtzio nagusia arrautzak jartzea dela, erle belaunaldi berriak sortzeko. Erlamandoak, berriz, erlauntzeko ar bakarrak dira, eta erle erregina ernaltzea eta erlauntzeko tenperatura erregulatzea dira haien funtzio bakarrak. Azkenik, erle langileak daude, erlauntzaren %95 baino gehiago osatzen dutenak; goiz eta gau lanean egoten dira horiek. «Horregatik da garrantzitsua erle langilea, azken finean naturan dagoen prozesurik garrantzitsuena horrek egiten duelako: polinizazioa. Hori gabe, loreak ez dira ernaltzen, eta fruiturik ere ez dago».

Erle artera

Erlezain arropak soinean, erlauntzetara gerturatzeko aukera izan dute bisitariek. Hauspoarekin haizea emanez hurbildu da Arin, erleak lasaitzeko. Gora eta behera ari dira erleak erlauntzaren inguruan. «Hori da oraintxe bertan lanean ari direlako: polena biltzen, nektarra biltzen... 40.000-60.000 erle egoten badira erlauntz batean, oraintxe bertan erdiak egongo dira, bakoitza bere kasa dabil eta», esplikatu du.

Lasaitasun mezua ere zabaldu du gerturatu aurretik: «Gu ez gara interesgarriak haientzat; gerturatzen badira, izango da gure lurrinagatik, xanpuagatik, gure ondoan dagoen likido azukredunen batengatik... Geldirik geratuz gero, erleak ez du ezer ere egiten. Aldiz, astintzen-eta hasiz gero, beren defentsa mekanismoa aktiba dezakete».

«Gu proiektu honetan sartu gara erle beltza babesteko, eta, ahal bada, berriz ere zabaltzeko»

INAXIO ARIN Balerdipeko Erleak proiektuko erlezaina

Erle erregina topatu bitartean, pertsonen elikagaien %75 erleen polinizazioari esker sortzen dela azaldu du Arinek: «Horregatik da garrantzitsua erleak babestea». Denborak esango du gaurko bisitako abaraska horietatik erlezain berriak jaioko ote diren ala ez. Lehen hazia bota dute behintzat, Ongi etorri baserrira egitasmoari esker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.