'Erraiak' dokumentala munduko 40 tokiko telebistatan emango dute

Irrintziari buruzko lanak hogei sari jaso ditu. Filmin plataforman ikus daiteke, euskaraz

Ekai Martinez de Lizardui antropologo eta Erraiak dokumentalaren zuzendaria. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko martxoaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskal Herriko irrintziari buruzko dokumental bat da Erraiak: arbasoen oihartzuna, ordu erdikoa, Ekain Martinez de Lizardui irakasle eta antropologoak sortua. Hark zuzendua eta ekoitzia, Arteman agentziaren laguntzarekin. Euskal Herrian proiekzio bira bat egin zuen, 40-50 herritan eman, eta iazko martxoko konfinamendua baino bi egun lehenago egin zuten azkena. «Pentsatu nuen hor amaituko zela lanaren bidea. Baina jaialdien bidea hasi zen, Filmin plataforman jarri zuten, eta orain bizi-bizi dago», esan du Martinez de Lizarduik. Nazioarteko jaialdietan hogei sari irabazi ditu. Eta azken sariak, World Distribution Award lehiaketakoak, aukera emango die mundu zabaleko berrogei telebista kateri filma emateko.

Lehiaketa horretako antolatzaileek eskatu zioten zuzendariari lana bidaltzeko. «Sariarekin, ezustekoa hartu dut. Telebista sare batean zabaltzen dituzte lan sarituak, eta tokian tokiko hizkuntzetara egokitu beharko dute lana. Sekulako aukera da euskal irrintzia mundu zabalean zabaltzeko». Sare horretan daude herrialde hauetako telebistak: Alemania, Txekiako Errepublika, Eslovakia (hamabi kate), Serbia, Italia, Ingalaterra, Eskozia, Gales, Ipar Irlanda eta Hego Afrika.

Dokumentalaren zuzendariak aitortzen du ez dela ikus-entzunezkoen munduan aditua, ez aritua. «Ez dakit dokumentalen bizitza zenbatekoa den. Baina nazioarteko bidea Montevideoko jaialdiarekin hasi zen, han aurkeztu eta saria irabazi nuenean». Gero, beste plataforma batzuk ezagutu zituen jaialdietan lanak bidaltzeko. Erraiak sariak pilatzen joan da orduz geroztik. «Iritsi zen une bat non jaialdietatik zuzenean deitzen ninduten filma bidaltzeko eskatzeko», esan du Martinez de Lizarduik. Indiatik eskatu diote azkenekoa.

Azkeneko urtean, harremana izan du zuzendariak makina bat jaialditako epaimahaietako kideekin. «New Yorkeko epaimahaiko kideek esan zidaten negarrez amaitu zutela lana ikusten. Esango nuke irrintziak uste dugun baino gehiago komunikatzen duela. Bidaia bat egiten du gure sustraira, gure animalia izaerara. Ukitzen du zerbait».

Gaur, Arrasaten

Hego Euskal Herrian, Filmin ordainpeko plataforman ikus daiteke egun Erraiak lana, euskarazko audioarekin. Proiekzioak ez dira amaitu, bidenabar: gaur, Arrasateko Kulturaten (Gipuzkoa) emango dute, 19:00etan, eta solasaldia egingo dute zuzendariarekin. Laster, Mañarian (Bizkaia) ere enago dute. Zuzendaria deiak jaso eta jaso ari da oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.