Joshepamunda, Toko-Toko, Peio eta Isabelita, Erromualdo, Doña Tomasa, Doña Sancha, Katximorro... Euskal Herriko erraldoien izenak dira. Kalejiran ateratzen dira, han eta hemen, dantzan, jirabiraka, haurren zoramenerako. Handiak dira, itzelezkoak, ia lau metrokoak, eta txikienek miresmenez eta beldurrez begiratzen diete neurri berean. Azken urteotan, esku artean heltzen dituzte: izan ere, ia hiri, herri eta herrixka guztiek dituzte erraldoien erreplika txikiak. Gomazko erraldoiek benetakoek bezainbesteko lilura sortzen dute umeengan.
«Haur batzuk friki hutsak dira. Gomazko erraldoiak ez zaizkie denei gustatzen, baina gustatzen zaizkienei asko gustatzen zaizkie. Zale amorratuak dira». Beatriz Lopez (Iruñea, 1972) Olentzero dendaren jabeetako bat da. Ama eta ahizpen artean daramaten negozioa aitzindaria izan zen gomazko erraldoiak egiten: «1998 urtea zen. Ama hasi zen honetan. Iruñeko erraldoien bikote bat egin zuen, europarra. Caravinagre kilikia ere egin zuen. Ez zekien zer-nolako harrera izango zuen, baina orain boom bat da».

Estafeta kaleko dendan dozenaka erraldoi dituzte. «Gure produktu nagusia dira, gure kuttunak. Aurrenekoak izan ginen hau egiten, eta oso bereziak dira guretzat. Ez dakit esaten zenbat egin ditugun; 150 inguru?». Lopezek katalogoa zabaldu du: «Iruñeko erraldoi guztiak egin genituen gero, eta baita kiliki guztiak ere. Ondoren, Txantreakoak, eta, ostean, hainbat herritakoak: Lizarra, Burlata, Barañain...».
Olentzero dendara etengabe sartzen dira bezeroak. Iruñekoak dira gehien saltzen direnak, bereziki bikote europarra eta amerikarra. Haurtxoentzat, berriz, zaldikoak. Lopezek dioenez, milaka saldu dituzte: «Urtean lau mila inguru saltzen ditugu. Txantreako Tartalo eta Altsasuko Momotxorroa ere asko saltzen dira». Haurrek kontrol kalitate zorrotza pasatzen dutela dio: «Askotan esan izan digute batek jantzia aldatu duela eta gomazko erraldoiak daramana zaharra dela». Anekdotak ere baditu kontatzeko: «Sanfermin batzuetan, erregina afrikarra erori egin zen, eta urte hartan ume guztiek nahi zuten Larancha-La. Beste urte batean, Brauliari burua askatu zitzaion ia, eta, orduan, denek Braulia nahi zuten».
Katalunian ere bai
Enkarguak ere jasotzen dituzte. Bereziki Nafarroatik eta Gipuzkoatik, baina baita Kataluniatik ere. «Han ere oso zabalduta dago fenomenoa. Colla-k daude, peñen moduko taldeak, eta azken urteetan erraldoi ugari egin dituzte han ere. Europan ere badaude. Dendan Europako erraldoien inguruko liburu bat daukagu salgai. Iruñeko erraldoien abenturak kontatzen dituzten ipuinak ere egin dituzte».
Kataluniako eta Espainiako hainbat herritan ere tradizio handia izan dute erraldoi eta buruhandien konpartsek. Kondairetako edo historiako pertsonaiak irudikatzen dituzte eta festaren parte dira. Sinbolo bihurtu dira. Euskal Herrian, pertsonaia mitologikoak ere irudikatzen dituzte. Txantreako Tartalo, Sorgiñe, Basajaun eta Mari oso arrakastatsuak dira. «Ene Kantak-en ateratzen dira, eta haurrei asko gustatzen zaizkie».

Gomazko erraldoiak egiteko prozesua, baina, luzea eta nekeza da. Lopezen hitzetan, jendeak ez daki zenbat lan dagoen atzean. «Mimo handiz egiten dugu, baina fabrikazioa garestia da». Argizarizko molde bat egin behar da lehenik; nikelezkoa ateratzen da gero, eta gomazkoa azkenik. Piezak margotzeko, kobrezko matrizeak erabiltzen dira. «Tolosako [Gipuzkoa] erraldoiak egiteko pila bat egin behar dira. Igual bi aste behar dira margotzeko. Ondoren, Alacantera [Herrialde Katalanak] eramaten dugu prozesua, han seriean egiten baitituzte».
Ruben Platerok (Iruñea, 1980) Olentzero dendatik metro gutxira dauka negozioa: Gigantes Platero. Erraldoi handiak ere egiten ditu, baina gomazko ia 60-70 bikote egin ditu jada. Pasioz mintzo da erraldoiez: «Faltzesko [Nafarroa] konpartsan dantzatzen naiz, aitonak eskutik eramaten ninduen txikitatik erraldoiak ikustera. Ulertzen dut umeak hain zale izatea. Kalean ikusten duten erraldoiarekin jolasten dira, harekin jaten dute, lotara ere joaten dira erraldoi txikiarekin».
Handitzen ari den fenomenoa dela dio. «Ni duela 16-17 urte hasi nintzen. Iruñeko gomazko erraldoiak ikusten nituen, eta nire bigarren etxea den herriarenak egin nahi nituen. Faltzesek 2.300 biztanle baino ez ditu, baina animatu nintzen hango erraldoiak egitera, eta oso harrera ona izan zuten. Funes, Murchante... Erriberako hainbat herritakoak egiten genituen gero. Ondoren, Iruñekoak. Eta, gero, Gipuzkoakoak: Donostia, Zarautz, Andoain...».

Euskal Herria erraldoien lurraldea dela azpimarratu du: «Herri guztiek nahi dituzte gomazko erraldoiak. Bakoitzarentzat bere herrikoa da politena, bereziena... Hipnotikoa da. Niretzat ez dago erregina zaharra bezalakorik. Zuria Nafarroakoa du izena, baina herrian erregina polita deitzen diogu».
Caravinagre kilikia
Sanferminetan arrakasta itzela daukate, baina baita udan eta Eguberrietan ere. «Sanferminetan Caravinagren jarri nuen arreta. Aurten kiliki horren hirurehun ale inguru saldu ditugu. Jainkoen jainkoa da. Haurrek beldur adina maitasun diote».
Bildumazaletasuna ere aipatu du Platerok. Ezagutzen ditu etxeko gelan bere dendan adina gomazko erraldoi dituzten haurrak: «Faltzesko haur batek gomazko hirurehun erraldoi ditu bere etxean. Itzela da». Bakoitzaren prezioa 18 euroren bueltan dago, baina, dendariaren hitzetan, prozesua garestia da. Gomazko erraldoiek 23 zentimetro inguru dituzte, eta kilikiek, 17 zentimetro. Moldeak egiteak 3.000 eta 5.000 euro arteko kostua dauka. «Materialak asko garestitzen ari dira; plastisola, margoak, nikela... Dena garestitzen ari da. Dena den, playmobil batek hogei euro balio du, eta hau gure-gurea da, bertakoa».
Ino Illanesen (Lizarra, Nafarroa, 1965) dendako erakusleihoko apalak ere erraldoiz beteta daude. Bakoitzaren azpian nongoa den zehazten da: Arrotxapea, Erriberri, Buñuel, Irun, Iruñea, Aoitz, Andoain, Azpeitia, Deba, Leitza... Haurrak pega-pega eginda geratzen dira kristalean. «Denbora luzez egoten dira begira, baita denda itxita dagoenean ere. Gurasoek esaten didate etxetik atera eta berehala eskatzen dietela erraldoiak ikustera etortzea...».

Gomazko erraldoiak dendaren marka bihurtu dira neurri handi batean. Dendariak aitortu du denak ez zaizkiola erakusleihoan kabitzen: «Askoz gehiago ditut. Dendaren erreferenteetako bat dira. Azken hogei urteetan goranzko joeran doan fenomenoa da. Norberak bere herrikoak nahi ditu. Lizarran lizarrakoak saltzen dira bereziki, baina kanpotik jende asko dator, udan bereziki. Gipuzkoatik jende asko dator».
Illanesek Juan de Labrit erraldoia du kutunetakoa: «Lizarran lau erraldoi historiko daude: bi bikote, zuriak batzuk eta beltzak besteak. Joanes Labritekoa eta Zuria Nafarroakoa dira zuriak; beltzei mairuak deitzen diete, baina hauen erreplikarik ez dute egin. Gizonezkoa Abderraman dela esaten dute, baina erregina beltzak ez dauka izenik». Dendariak zehaztu du herri askotan dituztela erraldoi beltzak: «Iruñean, Zangozan, Tuteran, Cintruenigon, Lerinen...».

Badu bitxikeriaren bat ere aipatzeko. «Behin, Hernanitik deitu ninduten. Asteburuan Lizarran egon zen familia bat zen. Semea erraldoien bilduma egiten ari zen, eta falta zitzaionetako bat ikusi zuen. Hurrengo asteburuan espresuki etorri ziren erraldoi haren bila. Berrehun erraldoi baino gehiago izango zituen, bakoitza bere izenarekin...».
Illanesek libretak, pitxerrak eta kamisetak ere egin izan ditu erraldoien irudiekin. «Dena agortu egin da. Lizarrako erraldoi eta buruhandiak egin nituen zeramikan, eta dena saldu zen». Lizarrako festetako egun handiak erraldoien izena daramala ere kontatu du: «Erraldoien ostiralean hasten dira festak, eta arratsaldeko kalejiran atera arte ez da janzten zuriz. Ume asko ateratzen dira erraldoi handiak ikustera eskuetan gomazkoak dituztela».