Uda giroarekin batera, festa giroa ere badator hiri eta herri askotara. Hala gertatzen da Bilbon ere; zerk baitu erraldoiek baino festa itxura handiagoa? Izan ere, Bilboko erraldoiak beren gordelekutik atera dira, eta ikusgai izango dira, azken urteetan bezala, Mariaren Bihotza Plazako aztarnategian, Bilboko erraldoiak izeneko erakusketan. Asteartetik zabalik da, eta hala egongo da irailaren 14ra arte; uztailaren 25ean, 31n eta abuztuaren 15ean zarratuta egongo da, jaiegunak baitira. «Arrakasta handiko» erakusketa izaten da, Itziar Martija Bilboko Berreginen Museoko aldi baterako erakusketen arduradunaren arabera —museo horrek kudeatzen du aztarnategia—.
Aste Nagusiarekin batera sortu ziren erraldoiak. Beraz, honezkero berrogei urte baino gehiago daramatzate kalera ateratzen, eta ez hori soilik, baita kaleak betetzen ere. Hala ere, tradizioa «oso zaharra» dela esan du Martijak. «Hemen topatu diren lehenengo dokumentuak XVI. mendekoak dira». Jaietan, Bilboko kaleetan zehar egiten dituzte saioak, umeen eta ez hain umeen entretenigarri. Horren aurretik, ordea, lurpean egoten dira, kristalezko sabai baten azpian. Bertatik sartzen den argiak argiztatzen ditu hamasei erraldoiak. Horietatik hamar lehen belaunaldikoak dira, eta gainontzeko seiak, bigarrenekoak —1980 eta 1988 urteetan sortu zituzten, hurrenez hurren—.
Euskal kulturaren eta Bilboko giroaren parte diren pertsonaia ezagunak irudikatzen dituzte erraldoiek. Aztarnategiaren historiarekin ere lotura zuzena du erakusketak, Martijaren esanetan. «Adibidez, Zumalakarregi beti jartzen dugu hirugarren aretoan. Izan ere, XIX. mendeko albiste batzuek ziotenez, karlistentzako balak egiten zituzten San Frantziskoko komentuan, eta, indusketak egin zirenean, metala urtzeko eta balak egiteko arragoa bat topatu zen. Orduan, arragoa hori topatu zen lekuan jartzen dugu Zumalakarregi». Halaber, beste pertsonaien inguruko azalpen sakonak ere ematen dituzte bisitetan: Indautxuko Zigarrogilea, San Frantziskoko Olagizona...
Erakusketarako sarrerak Berreginen Museoan eta aztarnategian daude eskuragarri: museora sartzeko ere balioko du, eta, era berean, museoko sarrerarekin erraldoien erakusketa ere ikusi ahalko da. Prezio orokorra hiru eurokoa da, eta taldeentzat, lagun bakoitzeko 1,5 eurokoa. Pentsiodunek, desgaitasunen bat dutenek, 12 urtetik beherakoek eta irakasleek doan izango dute sarrera.
Erraldoien inguruan, baina, ez dute erakusketa bat soilik antolatu. Izan ere, bertara doanak beste jarduera batzuk ere egin ahalko ditu: Iman erraldoia tailerraeta Erraldoien dantza. Tailerrean, 6 urtetik gorakoek gogoko duten erraldoia sor dezakete, eta pisla deituriko ale batzuekin erraldoi itxurako imanak sortu. Irudi tradizionaletan oinarritu beharko dute horretarako. Museoan bertan egingo da, euro bateko prezioan. Tailerra uztaileko ostegun guztietan egingo da, 12:00etan. Talde bakoitzean, asko jota, hamabost haur onartuko dira, eta izen ematea aldez aurretik egin daiteke, museoaren webgunean (www.bilbokoberreginenmuseoa.eus).
Imanak egiteaz gain, erraldoien dantzaz gozatzeko aukera ere badago. Ondalan konpartsak dantza tradizionala egingo du uztailaren 11n eta 18an, 11:30ean. Aztarnategiaren kanpoan egingo da, eta sarrera librea izango da, lekua bete arte. Jarduerak harrera «oso ona» izan ohi duela esan du Martijak, eta ume pila bat «oso interesatuta» dagoela erraldoietan, haien gomazko erraldoiekin agertzen baitira.
Horrez gain, erakusketa bisitatzen dutenek gomazko erraldoi baten zozketan parte hartu ahalko dute, erakusketari buruzko galdera bati erantzun eta sarrerako kutxan utziz gero. Zozketan parte hartzeko aukera egongo da asteartetik abuztuaren 31ra arte, eta irailaren 3an egingo da zozketa.