Gerizpean

Erraldoiak kaleen jabe

Duela 200 urte erre zuten Donostia, eta, hori gogoratzeko, erraldoien topaketa egingo dute larunbatean

Iazko Donostiako Aste Nagusian ere protagonismo berezia izan zuten erraldoiek. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko ekainaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Donostia erre zutela berrehun urte betetzen dira aurten, eta, gertakari hori gogoratzeko, hainbat ekitaldi egiten ari dira urte osoan. Larunbatean, Donostiako Udalak, Itzurun erraldoi eta buruhandi konpartsarekin batera, lehenengo buruhandi eta erraldoien topaketa antolatu du. Euskal Herriko hainbat herritako konpartsak bilduko dira, eta, guztira, berrehun laguneko taldea osatuko dute. Donostiako Kultura zinegotzi Naiara Sampedrok azaldu duenez, «1813tik pasatutako urte bakoitzeko, bat». Gainera, konpartsa bakoitzak bere txaranga eramango du, kaleak musika eta dantzaz alaitzeko.

Kaleetan zehar giroa alaituz

Hiru zutabetan banatuko dira erraldoi eta buruhandiak,11:30ean hasita. Talde bat Bilbo plazatik irtengo da; bigarren taldea Santa Katalina plazatik, eta azkeneko taldea, berriz, Loiola plazatik.

Taldeek ibilbide ezberdina egingo dute, kaleak alaitasunez betez. 12:45 aldera, hiru taldeak Bulebarrean elkartuko dira, Artillero dale fuego herri kanta elkarrekin kantatu eta dantzatzeko. Ondoren, Parte Zaharretik abiatuko dira Abuztuaren 31 kaleraino; hain justu, duela bi mendeko sutean zutik geratu zen kale bakarra da, eta hala, omendu egingo dute.

Ospakizunari bukaera emateko, konpartsek herri bazkaria izango dute Zuloaga plazan. Bitartean, pertsonaiak ikusgai izango dira plazan. Bertaratzen diren guztiek konpartsa ezberdinen kolore eta bereizgarriak ikusi ahal izango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.