Eskulangintza

Erraldoiak pasio eta bizibide

Ruben Platero duela zortzi urte hasi zen gomazko erraldoiak egiten. Enkarguz egiten ditu, eta 46 bikoteko bilduma bat du. Iruñeko erraldoiak dira gehien saltzen direnak.

Ruben Platero Iruñeko bere tailerrean, erraldoi bat zaharberritzen. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pintura usain sarkorra dago Ruben Platerok Iruñeko Arrotxapea auzoan duen tailerrean. Berogailu txiki bat du bazter batean, eta ondoan lehortzen ari da bukatu berri duen erraldoi buru bat. Gomazko buruhandiez eta erraldoiez beteta daude apalategiak, eta berak egindako kolaren pote bat du mahai gainean: «Guk egiten dugu kola hau, irina eta beste erabiliz». Pasioz mintzo da; nabari da egiten duena gustuko duela. Gomazko erraldoiak egiten ditu nagusiki Platerok. Azkenaldian, gomazko erraldoiak egiteaz gain, ohiko erraldoiak zaharberritzen ditu, eta berriak ere egiten ditu enkarguz.

Aspaldikoa du erraldoien munduarekiko pasioa Platerok. Haren jaioterri Faltzesko (Nafarroa) erraldoien konpartsako kide da, eta bertan sortu zitzaion gomazko erraldoiak egiteko aukera: «Haur txikiak ditugu, eta Iruñeko konpartsako erraldoiak gomaz eginda zeudela ikusi nuen. Orduan, nire emazteari proposatu nion: zergatik ez egin Faltzeskoak?». Arrakasta izan zuten, eta bertze herrietako udalak ere deika hasi zitzaizkion: «Bertze negozioa uztea eta honekin buru-belarri hastea erabaki nuen».

Hasieratik izan zuten arrakasta Plateroren gomazko buruhandiek. «Jendeari gustatzen zaizkio; gomazko erraldoiak diren bezalakoak egiten ditugula erraten dute», esan du. Errealismo hori lortzeko, hiru hilabeteko prozesua izaten da. Hasteko, erraldoi originalaren lau argazki ateratzen dituzte, alde bietatik, aurretik eta atzetik, eta piezaren lehen modeloa egiten dute. Lehen modeloa eginda, eta eskatzailearen oniritziaren ondotik, modeloa gomaz betetzen dute. Erraldoia eginda, originalaren osagarriak gehitzen dizkiote. Pintatzea izaten da azken urratsa. Erraldoi originala aztertu eta gomazko bat pintatzen dute, proba gisan. Gero, gainerakoak pintatzen dituzte, makina bidez. Normalean, 300-400 erraldoi bikote egiten dituzte aldi oro. Duela zortzi urte ekin zion Platerok gomazko erraldoiak egiteari, eta geroztik 46 erraldoi bikote sortu ditu: 92 denera. Erraldoiez landa, gomazko hamabortz kiliki ere egin ditu. Haurrak izaten dira gomazko erraldoien maitalerik handienak; ez, ordea, bakarrak. «Bildumak egiten dituen jende heldu anitz dago», erran du. Nafarroan saltzen du gehien Platerok: «Nafarroa erraldoien erresuma da». Alta, erraldoien kultura Nafarroatik kanpo ere badela uste du Platerok, eta azkenaldian Gipuzkoan-eta ezagun egin direla. Horren erakusgarri dira salmenta puntuak. 70 salmenta puntu baino gehiago dituzte. Atzerrira ere bidaltzen dituzte erraldoiak, hala nola Alemaniara eta Txinara.

Iruñeko konpartsa, izarra

Nagusiki enkarguz egiten ditu erraldoiak Platerok. Normalean udalak izaten dira beren herriko konpartsako erraldoien gomazko bertsioa eskatzen diotenak. Gomazko erraldoi pertsonalizatu bat egiteak 8.000 euroko kostua du, eta Platerok argi dio hori pertsona batek ezin duela bere gain hartu: «Udal batek badu ahalmena horrelako inbertsio bat egiteko, baina norbanako bat horrelako prozesu batean sartzea ez da bideragarria». Esklusiban egiten dute lan, eta, behin erraldoi baten moldea eginda, xehatu egiten dute.

46 bikoteen artean, Platerok argi du zein diren erraldoi izarrak: Iruñeko konpartsakoak. Gomazko erraldoiek sekulako arrakasta dute Iruñean; azken urteetan moda ere bihurtu da haurrei oparitzea. Erraldoiak erosterakoan, ordena bat izaten da. «Normalean, erosten dituzten lehenengoak europarrak izaten dira; gero, amerikarrak; ondoren, afrikarrak; eta, azkenik, asiarrak». Kilikietan, berriz, izarra Caravinagre da, «argi eta garbi». Sanferminetan saltzen ditu gehienbat erraldoiak, baina baita Gabonetan ere. Gomazko erraldoiez gain, azkenaldian ohiko konpartsako erraldoiak egiten hasi da, tamaina txikian, gazteek dantza ditzaten: «Konpartsen harrobia sustatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.