Festak Lizarran. Sergio Azpilikueta. Erraldoien konpartsako lehendakaria

«Erraldoien irudia lotuta izan ohi dugu jaiarekin eta ongi pasatzearekin»

Erraldoi eta buruhandien konpartsak emango die hasiera Lizarrako jaiei, gaur. Aurreko urteetako ereduari jarraituz, alkateak herriko kolektibo baten esku utzi du suziria botatzeko ardura.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Lizarra
2017ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lizarrako erraldoi eta buruhandien konpartsako kideek «poztasun handiz» jaso zuten aurreko astean jaietako txupinazoa botatzeko proposamena. Sergio Azpilikueta (Lizarra, Nafarroa, 1973) konpartsako lehendakaria izango da udaletxeko balkoira igota suziriari su ematearen arduraduna, Erraldoien ostirala egunean.

Nola erabaki duzue nor izango den suziria jaurtitzearen arduraduna?

Kolektibo bat garen heinean, erabaki genuen lehenengo gauza izan zen batzar bat egitea, txupinazoa nork botako zuen aukeratzeko. Antzinatasunagatik, biltzarrean egondako urteengatik edo beste mila istoriogatik suziria botatzeko jende apropos ugari zegoen, baina, azkenean, batzarrean erabaki zen lehendakariak botatzea. Hala ere, txupinazoan garrantzitsuena ez da izango nork botako duen. Konpartsa osoa ordezkatuko duen txupinazoa izango da.

Pentsatua duzu txupinazoa botatzean, eta horrekin batera, zer mezu adieraziko duzun?

Pentsatuta daukat, bai. Hala ere, galdezka ari zareten guztiei esaten dizuet hori azken orduko sorpresarako gordeko dudala.

Zenbat urte daramatzazu konpartsan, eta zer esan nahi du horrek zuretzat?

Nik hamahiru edo hamalau urte daramatzat, 2004. urtetik gutxi gorabehera. Konpartsan egotea, niretzat, jaiak pasatzeko modu ezberdin bat da. Nik nire gazte garaia izan nuen, eta, orduan, gauez parte hartu eta disfrutatzen nuen jaiaz. Baina iritsi zen garai bat zeinetan gauza ezberdin bat egiteko gogoa nuen. Konpartsako jendea ezagutzen nuenez, sartu egin nintzen, eta, orain, dantzan aritzen gara; jaiak pasatzeko oso modu dibertigarria da.

Erraldoi eta buruhandiak herri askotako jaietako elementu garrantzitsuak izaten dira. Zergatik?

Erraldoiak, eta esperientziagatik diot, norberarentzat bere herrikoak izaten dira politenak. Erraldoien irudia, txikitatik, lotuta izan ohi dugu jaiarekin eta ongi pasatzearekin. Txikitan buruhandiekin gozatzen dugu, gero erraldoiekin, eta, heldu garenean, guraso izatean, haurrekin ere ikusten ditugu erraldoiak. Konpartsan sartuta gaudenok are gehiago. Guretzat, jaiak erraldoien inguruan gertatzen dira.

Lizarrako jaietan, zein egunetan dago erraldoi eta buruhandiak ikusteko aukera?

Egunero ateratzen dira. Ostiralean, arratsaldean, eta gainontzeko egun guztietan, goizean.

Konpartsan, zenbat jende zaudete? Nola antolatzen zarete zuen artean?

Erraldoiak eramateko 25 pertsona inguru gaude. Jaien aurretik zerrenda bat egiten dugu, eta bakoitzak ahal duen egunerako izena ematen du. Egunero gutxienez hamabi pertsona egotearekin, erraldoi bakoitzeko hiru, nahikoa izaten da. Ez da beharrezkoa festetako egun guztietan konpartsarekin egotea.

Azken egunean, 1905eko erraldoiak aterako dira. Zergatik dira bereziak?

Erraldoi hauek Zaragozan [Espainia] egin ziren, 1905ean, udalaren enkarguz, eta bereziki pisutsuak dira. Harri-kartoiz eginak dira, eta, urteak joan ahala, jaiekin eta kolpeekin, nahiko zaharkituak zeuden. Beraz, 1988an, konpartsa berritzea erabaki zen. Hala ere, 2005eko mendeurrenerako zaharberritu egin ziren zaharrak, eta, ordutik, egunero ateratzeko azpiegiturarik ez dugunez eta dantzatzeko nahiko zailak direnez, azken eguneko agurrerako prestatzen ditugu. Agurrean, bai: konpartsa osoa elkartzen gara, eta aurten, adibidez, bederatzi dantza prestatu ditugu.

Zer dute berezia Lizarrako erraldoiek?

Nafarroako politenak direla [barrezka]. Lehen esan dudan bezala, norberarentzat bere herrikoak dira politenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.