Errealitate berrira ohitzeko tenorea

Euskal Herriko eskolek zabalduak edo zabaltzear dituzte ateak. Haur askorentzat lehenbiziko urtea izanen da, eta, trantsizioa ahalik eta xamurrena izateko, eskola askotan egokitzapen aldia egiten dute.

Iker Tubia.
Iruñea
2014ko irailaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Negarrak, haserrealdiak, kasketak. Horrelakoak ohikoak izaten dira ikastetxeetako jolastokietan ikasturte hasieran. Haur askok ez dute eskolara joan nahi, ez daude prest bidaia berri bati ekiteko. Hezkuntzaren alorrean ez dago formula jakinik; norberak bere metodoari jarraikiz hezten ditu haurrak. Dena dela, nahiko zabaldua dago eskolaratutako haur berrientzako egokitzapen aldia. Euskal Herriko eskola gehienetan horren alde egiten dute, txikientzat hobea delakoan hezkuntzaren munduan urratsez urrats sartzea. Egokitzapenerako erabiltzen diren bideak, baina, ezberdinak dira eskolaren arabera.

Hego Euskal Herrian gehien zabaldutako egokitzapen prozesuak hiru aste inguru irauten du. Haurra pixkanaka-pixkanaka errealitate berrira ohitzea da helburua, leun, xamur, antsietatea sor dezaketen egoerak saihestu nahian. Haur bakoitza ezberdina denez, egokitze hori ere ez da bera kasuan-kasuan. Arreta handia eskaintzen diete eskoletan haurrei, eta, horregatik, kopuruak ere baldintzatu egiten du egokitzapen prozesua egitea, baita haren luzera ere.

Antsoaingo Ezkaba ikastetxean (Nafarroa), adibidez, hiru aste irauten du egokitze prozesuak. Are, ekainean egiten dute lehenbiziko bilera: tutoreak gurasoekin elkartzen dira eskolara sartzea nolakoa izanen den zehazteko eta haien zalantzak argitzeko. Irailak hiru aste ditu ikastetxearentzat. Lehenbizikoan, talde berria bi multzotan banatzen dute, eta bi txandatan joaten dira eskolara. Tutoreaz gainera, laguntzailea ere han izaten da; beraz, bi langile daude hamabi haurrentzat. Goiz erdia egiten dute aste horretan: ordu eta erdiko saioa, gutxi gorabehera. Fernando Gorriz ikastetxeko orientatzaileak azaldu duenez, haurrei luzeegi ez zaien egin.

Bigarren astean, talde osoa batu egiten dute, eta denbora luzatu egiten da: bi ordu eta erdiz egoten dira bi irakasleekin. Haien aburuz, hori da egokiena, baina, legez, haurra goiz osoa egon daiteke eskolan, gurasoak hala nahi badu. «Legez hala da, baina hala ez izatea aholkatzen dugu». Hirugarrengoan, goiz osoa ematen dute eskolan, baina hiru irakaslerekin, arreta handiagoa izan dezaten.

Orereta ikastolan ere (Errenteria, Gipuzkoa) antzekoa izaten da egokitze prozesua, Egoitz Verdugo zuzendari pedagogikoak azaldu duenez. Urtez urte egokitzen dute, hezitzaile eta gurasoen egoera kontuan izanda, baina azken urteetan hiru astekoa egin dute. Ez, ordea, Hendaiako ikastolan (Lapurdi): han, egokitze prozesuak astebete baizik ez du irauten. Hala, 2-3 urteko haurrek sartze mailakatua egiten dute han; «harrera indibidualizatuagoa», Arantxa Elizalde hango zuzendariaren esanetan. Beraz, lehenbiziko astean talde txikietan hartzen dituzte: «Hasieran launaka egiten genuen, baina orain bost edo seinaka hartuko ditugu egunero». Hala, ostiralean denak batu arte. «Nik uste dut haurrentzat ongarria dela, lehen egunetan negar asko izaten baitira, eta gurasoengandik bereiztea oso zaila da». Duela urte batzuk hasi ziren sartze mailakatuarekin, eta, emaitzak ikusirik, aurrera egitea deliberatu dute.

Verdugo ere egokitzearen alde agertu da. «Umeak bi edo hiru urte darama egoera jakin batean, familian, bere arau eta rolekin. Bat-batean beste mundu batean sartzen da, beste arau eta rol batzuekin, eta horrek segurtasunik eza sortzen dio. Hobe da pixkanaka-pixkanaka egokitzea». Onartu du haurra beti egokituko dela modu batera zein bestera, baina modu leunagoan eta haurraren beharrei erreparatuta egin behar dela uste du. «Lehen egunetik zortzi ordu badago, egokituko da, noski, baina egokitze hori nolakoa izango da? Umeak ze sufrimendu izango du? Guretzat garrantzitsua da egokitze hori ondo egitea, gustura egin dezala».

Baina, haurrak bezala, ikastetxeak ez dira berdinak tokian-tokian. Miarritzeko ikastolan (Lapurdi), adibidez, ez dago halako prozesurik; ez dute behar. Kriztina Etxeleku dute zuzendari, eta, haren aburuz, haurrak ongi egokitzen dira haien eskolan lehen egunetik goiza han emanda. Onartu du, halaber, talde txikiak izaten dituztela; beraz, haurrak erraz egokitzen dira. «Batzuentzat, haurtzaindegian egon direnentzat, nahiko erraza da; zailago da haurrak beti gurasoekin egon badira. Pixka bat zaila zaie lehen bi asteetan, baina gero laster hartzen dute, besteek bezala, eta ez da gehiegizkoa goiza han ematea». Gainera, azaldu du haurrak bi urte eta erdirekin hartzen dituztela eta orduan erritmoa hartzea errazago dutela. «Ez dakit modurik egokiena den, baina guk horrela egiten dugu, eta ongi pasatzen da».

Etxelekuk badaki beste toki batzuetan egokitze prozesuak martxan dituztela. Ez ditu gaizki ikusten: «Hala egiten badute, beharrezkoa dela uste dutelako izanen da». Gorrizek bi ereduak ezagutu ditu, hainbat ikastetxetan aritua baita. Ez du dudarik: egokitze prozesuaren alde eginen luke. Azaldu duenez, haurrek bi arazo nagusi dituzte eskolara lehenbizikoz ailegatzean: alde batetik, adin horretan haurrek harreman berezia dute gurasoekin, atxikitasun harremana, gurasoek babesa eta segurtasuna ematen dietelako. «Denbora behar da tutorearekin harreman hori sortzeko; ezin da bat-batean lortu, eta landu egin behar da. Ezezagunekin geratzeak antsietatea sor diezaioke haurrari». Horregatik, haren aburuz, hobea da denbora gutxi baina esperientzia positiboagoa eskaintzea lehenbiziko astean. Bigarren arazoa aldaketaren dimentsioa da. «Aldaketa oso handia da: eraikuntzak oso handiak dira haientzat, gelakideak berriak, gauzak konpartitu egin behar dituzte... Beraz, testuinguru berri batera egokitu behar dute».

Egokitzapen horretan, hainbat teknika erabili ohi dituzte irakasleek. Gorrizen arabera, gurasoen agurra funtsezkoa da. «Muxu handi bat emanez, irribarretsu begiratuz eta 'gero etorriko gara' esanez» alde egin behar dutela azaldu du. «Haurrei ezin zaie transmititu ezinegona, eta irribarrea da armarik onena». Familiako argazkiek ere laguntzen dute egokitzapenean; hala egiten dute Ezkaban eta Hendaiako ikastolan, besteak beste. «Album bat eskatzen diegu haurrei, eta familiari buruz mintzatzen denbora ematen dugu, bereizketa goxoagoa izateko», azaldu du Elizaldek.

Gurasoentzat ere aldaketak

Baina aldaketa ez da soilik haurrentzat; gurasoek ere egokitu behar dute egoera berrira. Are, egokitze prozesuak irauten duen bitartean denbora ongi antolatu behar dutela uste dute irakasle gehienek. Gurasoak ez badira, amatxi eta aitatxi ere izan daitezke, baina lehen egunetan gertukoenek eraman behar dute haurra eskolara, egokitze prozesuaren arabera. Hala, eskola gehienetan gurasoak gelan sartzen dira lehenbiziko egunetan. Miarritzen ere ez dute arazorik gurasoak gelan sartzeko. «Pixka bat egoten dira gurasoak; hamar minutuz egotea ez da arazoa, baina gurasoek erakutsi behar dute haurra konfiantzan uzten dutela irakaslearekin», dio zuzendariak. Elizaldek ere antzera uste du: «Ez dut arazorik lehen hamabost egunetan gurasoen presentzia onartzeko. Baina egia da ez duela merezi gehiegi luzatzea, bereizketa zaila baita».

Orereta ikastolan, berriz, gurasoek egiteko garrantzitsua dute gelaren barnean ere. Lehenbiziko astean gurasoak han geratzen dira, albo batera bada ere. «Hezitzaileak ikusten badu umea ondo egokitzen hasi dela, aita edo amari esaten dio gelatik ateratzeko. Ikusten bada momentu horretan umeak gaizki pasatzen duela, berriro sartzen da», azaldu du Verdugok. Aurrerago bai, aurrerago gurasoek haurrak eraman eta eskolatik alde egin behar dute. «Umeek ez dute denboraren zantzurik; ez dakite eguerdian itzuliko direla. Sentitzen dute abandonatuak izan direla, eta horrek sufrimendu handia eragiten die».

Gelatik kanpo ere, gurasoek ardura handia dute haurraren egokitze prozesuan. Gorrizen arabera, Ezkaba ikastetxean udarako lanak ematen dizkiete. Ekainean egiten dute lehenbiziko bilera, eta udan autonomia landu behar dutela esaten diete: txupetea eta biberoia kendu, haur kotxea gutxiago erabili, esfinterraren kontrola landu, ordutegiak eskolaren arabera egokitu, eskolari buruzko mezu positiboak eman...

Denbora falta

Hiru asteko epea luze egiten zaie guraso batzuei. Batzuek opor egunak hartzen dituzte; beste batzuek aitatxi eta amatxiren esku uzten dute egokitze prozesua. Hala ere, antolaketa ezinbestekoa da, eta batzuei buruhausteak sortzen dizkie. Gorrizek onartu du presioa izaten dela bai guraso batzuen aldetik bai administrazioaren aldetik, egokitze prozesua ahalik eta laburrena izan dadin. «Presioa egoten da ikasturtea normal lehenbailehen hasteko, baina guk ikusten dugu umeek egokitu egin behar dutela». Hala ere, guraso gehienek begi onez ikusten dute prozesua. Verdugoren ustez ere, jarrera baikorra nagusitzen da gurasoen aldetik. «Batzuk kexu badira ere, gero jasotzen ditugun balorazioetan pozik geratzen dira».

Denbora ongi antolatzea da gakoa, beraz. Gainera, eskoletako egokitze prozesuak ez dira zurrunak, eta malgu jokatzeak aukera ematen du haur eta gurasoen errealitatera egokitzeko. Elizaldek, baina, ez du uste egokitzapenaren denbora tartea denik garrantzitsuena. «Irakaslearen harrerari lotua da, eta oso irekia egon behar du. Denbora kontua baino gehiago, goxotasunez eta maitasunez jokatzea da gakoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.