Komunikazioa. Ekografiak

Errealitatea vs interpretazioa

Jokin Labaien.
2011ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Ez da berria gertuan gertatutakoak pantaila aurrera eramateko joera. Beti egin izan da. Zenbait adituren ustez, errealitatean oinarritutako gertakarien kontakizunek indar berezia dute, bestelakoekin alderatuz gero. Espainian, baina, azken urte gutxiotan, aldaketa bat egon da. Oso tarte txikian, halako ekoizpenak asko ugaritu dira. Gizartea hunkitzen duen gertakari bakoitzeko, lan berri bat sortzen da. Garai batean, gainera, denbora tarte bat uzten zen, egoera lasaitu eta ekoizpena ontzeko. Orain, erlojuaren aurka egin behar izaten dute lan film edo telesailen sortzaileek. Berriki, Alakrana izeneko itsasontziaren bahiketari buruzko kontakizuna eskaini du Tele5 kateak, berak ekoitzia, epaiketa burutu eta hilabete batzuen buruan.

Lan berriak ez du, ikus-entzule datuei dagokienez behinik behin, sekulako arrakasta lortu. Hala ere, ez da hondoratu ere egin. Oharkabean pasa da. Ez naiz horren zergatiak zein diren baieztatzen ausartzen. Nik ez ditut-eta egungo kateetako arduradunak gehiegi ulertzen. Eta ikus-entzuleak ere ez, seguruenik. Badaude, ordea, begien bistan ikusi orduko deigarri diren xehetasun batzuk.

Errealitatean oinarritzen den egoera fikzioa bailitzan islatzea da horietako bat. Film itxura ematea. Irudiaren testura, kolore bizia, istorioaren lokalizazioak eta protagonisten hautaketa. Egoki landuak ziren, emaitza bisual txukuna lortzeko modukoak. Arinak, ikuserrazak eta, nahi bada, gozagarriak. Miguel Angel Silvestre zen protagonistetako bat, zer nahi duzue esatea...

Baina, beti bezala, baina batzuk ageri ziren itzaletan. Ez baitira gauza bera errealitatean oinarritutakoa eta errealitatetik abiatutakoa. Lan batzuek gertakariekiko fideltasunari eustea baitute helburu. Beste batzuk interpretazioari emanak dira. Interpretazio soziala, politikoa, ekonomikoa edo dena delakoa. Horretarako, berrogeita zazpi egunez, bahituek, haien senideek, bahitzaileek, negoziatzaileek edo dena delakoek izandako elkarrizketa eta sufrimendu pribatuak asmatu egin behar badira ere. Dena dela, okerra ez da bidearen hautaketa, ezpada bide bat hautatu eta ez dagokion izena ematea. Emaitza eta arrakasta handitu ditzakeen izena ematea. Jakin nahi nuke zein izan den gertakarietan murgilduta izan ziren horien irakurketa. Ea bat datorren interpretatu nahi izan digutenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.