Txantxangorri bat pausatu da barandan. Pedro Irulegik (Lizarra, Nafarroa, 1969) liluraz begiratu dio, txundituta, eta argazkia atera dio sakelakoarekin, isilean. Txoritxoa hegan atera da, baina laster pausatu da berriz ibaiertzeko eskudelean. Artista miresmenez mintzo da naturaz. Gustavo Maeztu museoko ezkaratzean paratu berri ditu formatu txikiko bere azken obrak, jaioterrian. Formatu handikoak Munichen (Alemania), Parisen eta Madrilen ikusi ahalko dira udan.
Pultsu minimoa. Hori da jaioterrian paratu duzun erakusketaren izenburua.
Hasieran Esentzia izena jarri behar nion. Natura ardatz duen serie batekin nabil, argazkiak eta margoak uztartuz, teknika mistoarekin, baina halako batean zirriborroak egiten hasi nintzen, formatu txikian. Eskema modukoak dira, eta erruz egin nituen, egunean hamar edo hamabi... Estaltzeko zinta itsasgarriaren gainean hasi nintzen margotzen, akrilikoekin eta bernizekin. Ez nuen helburu jakinik, jolasa zen, zerrenda bat eta beste bat... Tira bakoitzari tratamendu bat ematen nion, eta, halako batean, pila bat nituen; 200-300. Horiekin collageak egiten hasi nintzen. Emaitza ikustean ohartu nintzen berez obra bat zela.
Abstrakzioak dira.
Bai, baina zerikusi handia dauka nire obra figuratiboarekin konposizioa eta kolorea aintzat hartuta. Berez obra handiagoentzako zirriborroak dira, baina esentzia hor dago, eta entitate propio bat daukate. Hasierara itzultzea izan da. Erabateko askatasunez egin ditut; asko gozatu dut.
Txikitasuna defendatzen duzu...
Minimoa, esentzia, behaketa, gertutasuna... 8x8 zentimetro baino ez duten obra txikiak dira. Gustavo Maeztu museoaren historian egin den erakusketa txikiena izango da [barrez].

Eskuorrian diozu ez dagoela arrandiarik, ez dagoela inposiziorik...
Figuratiboan ari zarenean, interpretazio jakin bat inposatzen ari zara, zantzuak ematen dituzu behintzat, baina abstrakzioan irekita uzten duzu interpretaziorako bidea, eta hori gustatzen zait. Ikuslea emozionatzea da nire nahia, obra bere barrura irits dadila, uki dezala, bere zerbaitekin konekta dezala, nahiz eta azaltzen ez jakin.
Antonio Oteiza ezagutu nuen iaz. Lagun baten etxean ikusi zuen nire obra, eta ezagutu egin nahi ninduela esan zion. Ederra izan zen berarekin arratsalde batez egotea. Bere lau obra atera, eta bat aukeratzeko esan zidan. Eskaintza eder bat idatzi zidan: «Nire lagunarentzat, infinituaren artistarentzat».
Mundu oniriko bat dago hor, lirikoa, iradokitzailea...
Eta poetikoa. Poesia argitaletxe batentzat ilustrazioak egiten aritu nintzen aldi batez, eta poemak ilustratzeko, poetak esan nahi duen horretan barneratzen saiatzen zara, iradoki nahi duen horretan, eta orduan poesiarekin maitemindu nintzen. Ordura arte ez nuen poesia irakurtzen, baina erabat liluratu nintzen, eta ordutik saiatzen naiz kontrakoa egiten, hau da, saiatzen naiz nire obra izan dadin hitzak iradokitzen dituena, poemak iradokitzen dituena.
Testu txikiak ere paratzen dituzu.
Ez zait gustatzen obrei izenburua jartzea, baina bai testu txikiak idaztea, ikusleari zantzu bat emateko. Ni ez naiz idazlea, baina asko gustatzen zait hitzaren, poesiaren eta arte plastikoen arteko konexio hori, elkarrizketa hori...
Naturari ere erreparatzen diozu...
Pandemiaz geroztik, oso presente dago natura nire obran. Naturaz inguratuta bizi naiz, eta pandemian ohartu nintzen naturak azkar batean berreskuratu zituela bereak diren eta gizakiak kendu dizkion eremuak; bidezidorrak landarez bete ziren, orkatzak gerturatu ziren... Horrek hausnartzera bultzatu ninduen. Naturak sekulako indarra dauka.

Zuhaitza agertzen da askotan zure obran.
Zuhaitzak beste ezerk baino hobeto ordezkatzen du bizitzeko indarra. Geldirik dago leku batean, baina lurrari itsasten da hazteko. Zuhaitza bizitza sinbolo bat da, eta asko gustatzen zait arbola biluziaren irudia. Ekialdeko artearen eragin handia daukat. Kaligrafia izugarri gustatzen zait, tinta beltzaren kontrastea paper zuriaren gainean... Adarrek ekialdeko artea gogorarazten didate. Asko gustatzen zait adarrei eta enborrei argazkiak ateratzea eta grafia horrekin jolastea. Naturak oparitzen badit, zertarako egin behar dut nik?
Nolakoa da prozesua?
Alde batetik, euskarri ezberdinen gainean margotzen dut, ehuna, kartoia, eta existitzen ez diren paisaiak iradokitzen ditut, eta, bestetik, argazkiak egiten ditut. Ondoren, eskuz margotutakoa digitalizatzen dut, eta argazkiekin elkartzen dut. Ez dut obra bakar bat egiten. Hamar edo hamabi obra egiten ditut aldi berean, eta bakoitzak kontatzen didana ikusten dut. Elkarrizketa bat sortzen da. Obra bakoitzak bide batetik eramaten nau. Batzuetan oso argi ikusten dut bidea, eta bestetan ez; orduan bere horretan uzten dut, eta, gero, berriz hartzean, beste bide bat erakusten dit. Nahiko modu anarkikoa da, irekia... Horregatik esaten dut ez naizela ez margolaria eta ez argazkilaria. Nik neuk ere definitzen ez dakidan lur lohitsu batean mugitzen naiz. Bi bokazio horiek uztartu, eta poema bisual bihurtzen saiatzen naiz. Azken emaitza asmatutako paisaiak dira. Errealitatetik abiatuta, existitzen ez diren munduak sortzen ditut.
Esan izan duzu sortzea arnastea behar beste behar duzula...
Bizitzeko behar dut sormena. Eguneroko praktika bat da, astelehenetik igandera, gutxienez ordu eta erdiz edo bi orduz. Etengabeko harremanean egon behar dut sormenarekin. Eten bat egiten badut, asko kostatzen zait berriz ere bidea aurkitzea...
Txikitatik izan al da horrela?
Bai. Niretzako ihesbide bat da. Beste ume batzuek lego-ak egiten zituzten moduan, nik hiru ordu eman nitzakeen margotzen. Orain gauza bera gertatzen zait, ihesbidea da, plazera. Beti galdetu diot neure buruari nondik zetorkidan trebetasun edo abilezia hau, eta kontua da orain aitak alzheimerra duela, eta eguneko zentroan eta zahar etxean margotzen hasi zela. Zaindariek esaten zidaten nire aitak oso ondo margotzen zuela eta nik sekula ez nuen ikusi margotzen. Kepak ere, nire 12 urteko semeak, oso ondo margotzen du. Urtebete zuenetik margotzen du.
Gustavo Maeztu museoan ikusi ahal izango da zure obra uda honetan. Zer esanahi dauka zuretzat obra jaioterrian erakusteak?
Luxua da, bereziki museoan erakustea, oso leku inspiratzailea baita niretzat. Camino Paredes zuzendariak oso irizpide ona dauka, museoaren bere kontzeptuarekiko oso zintzoa da, eta uste dut ez zaiola behar bezala aitortu bere lana, oso aurrekontu txikiarekin kalitate handiko gauzak ekartzeko trebezia baitu. Aurten ditudan erakusketen artean hau da gehien hunkitzen nauena, oso berezia da niretzako museoarekin eta hiriarekin daukadan loturarengatik, eta plazera da beti zure obra zure jendeari erakustea.

Munich, Paris eta Madrilen ere ikusi ahalko da zure obra, ezta?
Madrilgo Gaudi galeriaren bidez sortu da aukera hori. Duela zenbait urte harremana izan nuen beraiekin, baina gero harremana galdu genuen, eta duela gutxi, nire web ataria sortu nuenean, zuzendariak galeriako artista iraunkorra izatea proposatu zidan. Munichera eta Parisera eraman dute orain nire obra, feria batera, eta irailean galerian bertan bakarkako erakusketa jarriko dut.
lotsabako
Artista bat? Joan Hermandez Pijuan. Museoan egon zen eta zuzendariak bazekien niretzako jainkoa zela. Elkarrekin afaltzera gonbidatu gintuen, eta bai nire emazteak eta bai haren emazteak antza genuela esan ziguten. Nik harengan ikusten nuen neure burua. Horren eragin handia zuen nigan, dibortziatu egin behar izan bainuen, egiten ari nintzenak berak egiten zuenaren antz handia baitzuen, eta ez nuen haren erreplika izan nahi. Sentiberatasun berezia zuen, oso poetikoa zen.
Leku bat? Baigorriko herri hustua. Asko joaten naiz hara. Argazki asko atera ditut han. Harrapatu egiten nau joaten naizenean. Han herrixka bat zegoela eta orain abandonatuta dagoela jakiteak... Argazkiak ateratzean leku horrek arima duela uste dut.