ATZEKOZ AURRERA. Asier Garcia. Dokumental egilea

«Errefuxiatuek gure antzeko bizimodua zuten lehen»

Greziako errefuxiatuei buruzko'Refugiados, camino a ninguna parte' dokumentalaren egileetako bat da Garcia. Asylum egitasmoa jarri dute martxan orain, haien egoera ez ahazteko.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2016ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Eibarren (Gipuzkoa) abiatu da Greziako errefuxiatuen egoera ikusaraztea helburu duen Asylum proiektua. Bertan, besteak beste, Josu Peña argazkilariaren Lotsa argazki erakusketa eta Unax Blanco eta Asier Garciaren Refugiados, camino a ninguna parte dokumentala ikusi ahal dira. Garciak (Irun, Gipuzkoa, 1975) grabaketan bizi izandako momentu gogorrak ekarri ditu gogora:«Egoera horiek ikusita, are ulertezinagoa da Europako Batasunaren jarrera».

Refugiados, camino a ninguna parte dokumentalarekin, Greziako errefuxiatuen egoeran jarri zenuten fokua. Hori itzal ez dadin sortu duzue Asylum proiektua?

Halako zerbait. Dokumentala grabatzera joan ginenean, Josu Peña argazkilariak argazki pila atera zituen. Ikaragarriak ziren irudiak, eta, dokumentaletik harago, oso ondo erakusten zuten han gertatzen ari zena. Hala, iruditu zitzaigun egokia izan zitekeela erakusketa bat antolatzea, gaia are ikusgarriago egin, eta jendearen kontzientzian eragiten jarraitzeko. Biak batu, eta han izandako jendearen zuzeneko testigantza emanez, iruditu zitzaigun proiektu polit bat jar zitekeela martxan. Eibarkoa da lehen saioa. Espero dugu beste herri askotan egitea.

Zergatik desagertzen dira fokuetatik halako gertaera latzak?

Orain, errefuxiatuen gaia zertxobait itzalpean geratu da hedabideetan. Gainera, arreta ez dago Grezian. Gehiago bideratu da Italiara eta Libiara. Baina Grezian egoerak berdin edo okerrago jarraitzen du; hala esan digu ezagutzen dugun hango jendeak. Iruditzen zait hori estaltzeko ezkutuko interesak daudela.

Arteak zertan lagundu dezake errefuxiatuen gaia ikusarazten?

Josu Peñaren erakusketa ikustea besterik ez dago, egoera zein larria den ikusi eta buruan iltzatzeko.

Hango esperientziatik zein irudirekin geratzen zara?

Umeen irudiarekin. TheBoy in the Striped Pyjamas filma ekartzen zidaten gogora. Denbora guztian pozik eta jolasean zeuden. Gurasoak beti saiatzen ziren haiek goiz oheratzen. Ama batek esaten zigun: «Oheratzea beste egun bat pasatu den seinale da». Ez dut ahaztuko ere hotza ez edukitzeko nola joaten ziren inguruko basoetara. Egurra ekarri, eta erregaiarekin pizten zuten sua. Kea itogarria zen. Umeek helduen pareko eztula zuten horregatik. Etxera itzultzean, oraindik ere eztula eta ke usaina genituen.

Errefuxiatuekin nolako harremana zenuten?

Siriakoekin oso gertukoa. Jendeak zer gertatzen zen jakitea nahi zuten. Afganiarrak eta irakiarrak, berriz, beldurtu egiten ziren kamera ikusten bazuten. Asko muturreko egoeran zeuden. Hain zeuden desesperatuta, ezen askok beren sorterrira itzultzea baitzuten buruan, eta esaten ziguten: «Nazkatuta gaude ogitarteko bat jateko ordu luzez ilara batean egon behar izateaz».

Errefuxiatuekin harremana egiten laguntzen zizuen jendea zenuten, edo zuen kabuz aritzen zineten testigantzak biltzen?

Lagundu egiten ziguten. Batez ere mutil gazte bat aritzen zen horretan. Oso istorio berezia du, gainera. Siriarra da, eta Damaskoko arropa denda batean egiten zuen lan. Aitak esan zion gaztea zela, eta, harrapatzen bazuten, gerrara eramango zutela. Hala, Jordaniara ihes egin zuen. Hiru aldiz saiatu zen Greziara iristen. Lortu zuenean, jakin zuen bere anaia txikia jaio zela. Haren senide eta lagun minak Alemanian daude, baina hura ezin da hara joan. Hango kazetari batek etxea utzi dio, eta, horri esker, bizimodu berri bat hasi ahal izan du, dena den. Greziarrak asko ari dira laguntzen.

Han bizi izandakoa eta gero nola muntatzen da dokumentala?

Emozioei eustea zaila zen, baina aldi berean horrek sartu beharreko irudiak aukeratzea errazten zuen.

Aipatu izan duzu jendeak errefuxiatuen inguruan duen ikuspegia okerra dela. Zergatik?

Jende askok uste du jende behartsua dela, baina inondik inora ez. Grabatzen ari ginenean, beren lehengo argazkiak erakutsi, eta ikusten zenuen duela bost edo sei hilabete arte jende horrek guk bezalako bizimodua zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.