Ekonomia berdea

Errepide bazterrak garbitzeko sistema merkea eta isila topatu dute Frantzian

Janvry herriko errementariak eginiko kaiola bat erabili dute, ardiak lanean jartzeko. Leku askotan baliatzen dituzte belarjaleak parkeak txukuntzeko, eta Donostian ere saiatu ziren.

jarraia186996.jpg
Edu Lartzanguren.
2020ko irailaren 16a
16:37
Entzun

Nork maite du bide bazterrak garbitzen dituztenean ateratzen duten zarata? Diru asko gastatzen dute udalek lan horretan, eta CO2 asko isurtzen dute gasolinazko makinok atmosferara, belarrak hiltzeko gai kimiko arriskutsuak erabiltzen ez dituztenean. Frantziako Essone eskualdeko Janvry herrian (600 bat biztanle) konponbidea aurkitu dute.

Abuztuaren 28an estreinatu zuten tramankulua. Herritar batek eraiki zuen, eta moutondeuse izena jarri diote (ardibelargailu gisa ekar zitekeen euskarara). Udal langileek ardiak sartzen dituzte kaiolan, eta garbitu beharreko bide bazterrean jartzen dituzte. Ondoren, kaiola tarteka mugitu baino ez dute egin behar. Ardiak arduratzen dira belarrak eta sastrakak jateaz. Bitartean, langileak inguruko lorategiak-eta txukuntzen dituzte.

Udalak argudiatu duenez, gero eta zailagoa zaie bide bazterrak zaintzea, debekatu dituztelako belarrak galtzeko produktu kimikoak, eta, gailu mekanikoak erabiltzen, ordu eta gasolina asko gastatzen delako. Gainera, garbitzeko makina handiek errepideei zein espaloiei kalte egiten diete, esan dutenez.

Herriko errementariak eraiki du kaiola, artzain bati sare sozialetan ikusitako tresna batean oinarrituta. Errepidean arriskurik ez sortzeko, plaka islatzaileak jarri dizkiote kaiolari, eta argi keinukariak jartzeko asmoa ere badute.

Janvryko berrikuntza kaiola da, besterik ez. Izan ere, leku askotan erabiltzen dira ardiak parkeetako belarra motz gordetzeko, batez ere Erresuma Batuan. Parisen 2013. urtean hasi ziren, Tuileriesetako lorategietan ahuntzekin proba egin ondoren. Ondorioztatu zutenez, zarata, lana eta CO2a saihesteaz gain, animaliok mesedea egiten zieten parkeei, hankekin lurra harrotzen zutelako, eta, txiza eta gorotzen bitartez, lurra elikatzen zutelako. Ikusi zutenez, txori populazioak ere handitu egiten zituen sistemak, hegaztiek gorozkiek erakarritako zomorroak jaten zituztelako.

Donostian egin zuten saio bat 2015. urtean. Orduko ekainean, 15 ardiko taldea jarri zuten Ametzagainako parkean, belarraz arduratzen. EH Bilduren alkatetzak erabaki zuen sistema erabiltzea. Argudiatu zuenez, parkean belarra mekanikoki mozteak 7.000 euro kostatzen zitzaion udalari urtean, parkeak 38 hektarea dituelako. Hesiak jartzen 9.000 euro gastatu zituzten, baina, hortik aurrera, ardiak erabilita urtero 3.800 euro aurreztuko lirateke, parke horretan bakarrik, Udalaren kalkuluen arabera.

Edonola ere, ika-mika politikoak hil zuen egitasmoa. Oposizioak haren kontra egin zuen, eta, alkatetza eskuratu zuenean, ardiak kortara itzuli ziren, eta sasiak garbitzeko makina zaratatsuak, parkera.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.