Ivan Prado. Pallasos en Rebeldia-ko ordezkaria

«Erresistentzia eta errebeldia elikatzeko balio du barreak»

Zirkua bidegabekeria sozial eta politikoak salatu eta mundua eraldatzeko tresna dela azpimarratzen du Pallasos en Rebeldia elkarteak. Hainbat herrialdetan eskaintzen dituzte emanaldiak.

Ilargi Agirre.
Donostia
2013ko abenduaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gazan clown emanaldi bat egiteko prestatzen ari zirela, hirurehun metrora bonbak jaurtitzen hasi zitzaizkien bat-batean. Ikusleen artean zain zeuden haurrek txaloka eta abestuz eskatu zietenpailazoei ikuskizunarekin hasteko. Ez beldurtzeko. Halako bizipen indartsuak izan ditu Ivan Pradok, Galiziako Pallasos en Rebeldia (Pailazoak Bihurrikeriatan) elkarteko bozeramaileak, munduan egindako hainbat bidaiatan. Herenegun, Donostian Festiclown jaialdian parte hartu zuen elkarteak, Donostiako Udalarekin elkarlanean. Antzoki Zaharrean zenbait artistak ikuskizuna eskaini zuten, eta handik lortutako dirua urtarrilean Palestinan egingo duten pailazo jaialdirako erabiliko dute. Barrea bidegabekeriak arintzeko sendagaia dela uste du Pradok.

Non eta nola sortu zen Pallasos en Rebeldia?

Galizian, Cultura Activa kultur kooperatiban jarri zen lehendabiziko hazia, 2000. urtean. Gizartea aldatzeko tresna gisa ikusten zuten kultura, eta Festiclown jaialdia antolatu zen horren barruan. Pailazoek kaleak eta antzokiak hartu zituzten, eta inauteri erraldoi bat sortu zen astebetez hirian. Herrien arteko elkartasuna sendotu, eta nazioarteko lankidetza proiektuetan bultzatzaile izateko helburua du jaialdiak. Festiclownen barruan, 2004an Palestinara joan ginen Mugarik Gabeko Pailazoekin. Oso bidaia gogorra izan zen; bonbardaketak izan genituen, eta bidaia hartatik itzulita sortu genuen Pallasos en Rebeldia, 2004an.

«Gure sudur gorriak baino ez ditugu arma gisa», hori irakur daiteke zuen webgunean. Hori al da zuen leloa?

Artearen bidez, herrialdeen arteko senidetasuna bilatzen du elkarteak. Bidegabekeria sozialak eta politikoak salatzen ditugu, eta gaur egungo sistemaren aurka borrokatzen diren giza taldeekin lan egiten dugu mundu osoan.

Zein da zuen egitekoa zehazki bidaia horietan?

Lekuan lekuko zirku eta clown taldeekin aritzea gustatzen zaigu. Heziketa, prestakuntza eta elkarlana sustatzen dugu gure bidaietan. Palestinan, esaterako, Ramallaheko zirku eskolan okupazioari buruzko ikuskizun bat egin genuen. Chiapasen [Mexiko], guk hara egindako bidaia batzuen ondotik, pailazo indigenen eta zapatisten lehendabiziko taldea sortu zen.

Palestinan Festiclown jaialdia egin zenuten. Arabiar munduan egiten zen lehendabiziko pailazo jaialdia izan zen.

Bai, hala da. Hamabost egunetan berrogei artistak ehun ikuskizun baino gehiago eskaini genituen, eta 100.000 lagun izan ziren publikoan. Tailerrak ere eman genituen tartean. Esperientzia ederra izan zen. Datorren urtean berriz egin nahi dugu.

FiSahara nazioarteko zinema jaialdian ere parte hartu duzue.

Iaz joan ginen lehen aldiz, pailazo jaialdi bat antolatzeko asmoarekin, baina ez genuen horretarako beharrik sentitu, munduko zinemaldirik bereziena baita FiSahara; munduan bakarra. Basamortuaren erdian film ugari aurkezten dira, zuzendari, gidoilari eta aktoreen laguntzarekin. Antolakuntzan ibili gara; soinuarekin laguntzen, ikuskizunak eskaintzen... Denetik egin dugu. Aurten guk ekoiztutako dokumental bat ere aurkeztu dugu.

Zirku sozialaren nazioarteko foroa da elkartearen beste zutoina.

Bai. Mundu osoko jendeak parte hartzen du foroan. Zirkua mundua eraldatu eta integratzeko bide gisa erabiltzen duten elkarteak biltzen gara bertan. Aurten Madrilen egin dugu, eta hurrengo urtean Brasilen antolatzeko asmoa dago.

Hainbeste bidaia eginda, zein dira oroitzen dituzun unerik hunkigarrienak?

Momentu asko daude. Barrearen bitartez itxaropena pitz daitekeela ohartzen zara. Erresistentzia eta errebeldia elikatzeko balio du barreak, eta etorkizun hobe bat irudikatzeko. Palestinan gugandik gertu bonbak erortzen zirela emandako ikuskizun baten ondotik, amak hurbiltzen zitzaizkigun gure lana eskertzera, begiak bustirik. Esaten ziguten euren haurrek gu iritsi arte hilabeteak pasatu zituztela barrerik egin gabe. Herritarrekin izaten ditugun gertuko harreman horietan ohartzen zara benetan merezi duela gure lanak. Libanon, errefuxiatuen kanpamentuetan, ikuskizuna bukatu eta gero, makillajea kentzen ari nintzela, neskatxobat hurbildu zitzaidan bonboi bat oparitzera. Bidegabekeria ikaragarrian bizi diren lagunengandik adeitasun keinu horiek jasotzea ederra da oso. Bizitza irakasgai bat da niretzat, behintzat.

Nolakoa da Libanoko kanpamentu horietako egoera?

Rafateko [Palestina] muga itxi egin zuten, eta ohartu ginen Libanora ari zela gatazka mugitzen. Hango errefuxiatuen kanpamentu palestinarrak etengabe ari dira hazten. Beiruteko Shatila kanpamentuan 25.000 biztanle ziren orain gutxi arte, eta 35.000 dira orain. Batek leihoa irekitzen duenean pareko bizilagunak ezin du berea ireki. Kaleek arratoientzako labirintoak dirudite.

Poliziak ere izan dituzue zenbaitetan jarraika.

Israelgo tankeek jarraitu ziguten behin. Tel Aviveko aireportutik kartzelara ere eraman gintuzten, eta gau oso bat pasatu genuen han. Sona handia izan zuen nazioartean; hainbat komunikabidek eman zuten horren berri.

Barrea berdina al da leku guztietan?

Mugak gainditzen ditu barreak, eta maskarak apurtzen ditu. Irrigarri izateko materia garela gogoratzen digu, eta hiltzeko jaiotzen garela. Barreak dena erlatibizatzen du, eta -ismo guztiak suntsitzen ditu; autoritarismoa, matxismoa... Jendeak gauza ezberdinetaz barre egiten duela ikusten duzu, baina modu bertsuan. Pailazoa unibertsala da, giza ergeltasuna ere unibertsala delako.Leku guztietan egiten dute barre gure ikuskizunekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.