Telesailak

Erresistentzia kolektiboa, elur toxikoaren azpian

Buenos Airesen girotutako lan horretan, munduan izurrite hilgarri bat izango da, elurte toxiko moduan agertutakoa. Herritar gehienak hil egingo dira elurte misteriotsu horren eraginez, eta milaka pertsona bakartuta geratuko dira.

‘El eternauta’ telesailaren fotograma bat. NETFLIX
‘El eternauta’ telesailaren fotograma bat. NETFLIX
gaizka izagirre
2025eko maiatzaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

El eternauta, Hector German Oesterheldek 1950eko hamarkadan ondutako komikia, txertatuta dago Argentinako nortasun kulturalean, eta belaunaldi askoren irudimena elikatu du. Erresistentzia kolektiboaren, elkartasunaren eta botere autoritarioaren aurkako borrokaren ikur bihurtu da.

Obra klasiko horretan oinarritutako telesailaren trama nagusia egoera distopiko batetik sortzen den arren, ikusleek erraz ulertuko dute pertsonaiek zer sentituko duten: Buenos Aires hiria ilunpean uzten duen itzalaldi erraldoi batekin abiatuko da kontakizuna. Itzalaldiarekin batera, elurte handi batek zuriz beteko ditu kaleak. Berehala agerian geratuko da hilgarria dela eta ez dela fenomeno naturala: estralurtarren inbasio zorrotz eta isil baten parte da. Juan Salvo protagonista (Ricardo Darin) bizirik iraun duen talde baten liderra bihurtuko da, nahi gabe bihurtu ere, zientzia fikzioa, drama eta kritika politikoa uztartzen dituen kontakizun batean.

Javier Milei ultraeskuindarraren gobernua Argentinako ikus-entzunezko industria hain bortizki mehatxatzen ari den honetan, ekoizpen erabat argentinarra da, eta, El eternauta bezalako telesail bat estreinatzeak miraria dirudien arren, bada arrazoi nagusi bat: Argentinako Zinema eta Ikus-entzunezko Arteen Institutu Nazionalak proiektu berriei laguntzeko ahalmena asko murriztu da, eta, ondorioz, nagusiki streamingeko erraldoiek (Netflix, Disney+, Max...) finantzatutako filmak eta telesailak ekoizten ari dira.

Oesterhelden komikiak diktadura militarraren aurkako alegoria gisa irakurri izan dira, eta telesailak ere mezu hori du, baina ez da jatorrizkoa bezain politikoa. Inbasio estralurtarra botere autoritarioaren metafora gisa aurkeztuko da, baina bereziki herritarren elkartasuna eta erresistentzia kolektiboa azpimarratuko dira. Aldaketa narratiboak eta bisualak daude —istorioa gaur egun girotuta dago, eta rol femeninoak mamitsuagoak dira, adibidez—, baina komikiaren espiritua errespetatu dute.

AEBetako zientzia fikzioko superprodukzioen aurrekontuekin lehiatzen ez bada ere, zuzendaritza artistikoa eta efektu bereziak primerakoak dira. Elur toxikoak, jantzi inprobisatuek eta agertoki postapokaliptikoek etengabeko arrisku eta ziurgabetasun sentsazioa transmititzen dute.

Istorioaren muina indartsua da, baina gehiegi luzatzen delako irudipena uzten du, itzulinguruka arituko balira bezala. Hutsarte asko daude, eta erritmoa nahiko gorabeheratsua da; zenbait pasarte apur bat pisutsuak eta errepikakorrak dira.

Gorabehera narratiboak gorabehera, El eternauta telesaila biziki gomendagarria da, indar berezia hartzen baitu egungo testuinguruan, eta erresistentzia kolektiboaren ideia bizirik mantentzen baitu.

Hector German Oesterheld

Telesaila oinarritzen den komikia Hector German Oesterheldek idatzi zuen, 1950eko hamarkadan; Argentinan, XX. mendeko komiki modernoaren aitzindarietako bat da. Komikia zapalkuntzaren aurkako borrokaren sinbolo bihurtu zen. Gainera, egileari gertatutakoak handitu egin zuen mitoa: 1970eko hamarkadan Argentinako diktaduran desagertutako pertsonetako bat izan zen. Aurretik, Indar Armatuek lau alabak bahitu eta hil zizkioten; haietako bi haurdun zeuden.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.