Oier Zearra. Pilotaria eta irakaslea

«Erretiroa gero eta gertuago ikusten dudanez, pilotari eta irakasle ere banaiz»

2011ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Pilotari profesionala izan arren, duela bi urtetik irakaskuntza bihurtu du ogibide Oier Zearra pilotariak (Galdakao, Bizkaia, 1977).

Txikitatik amesten zuen pilotaria izatearekin eta pilotatik bizitzearekin. Haurtzaroan pilotalekuan pasatzen zituen eguneko ordu gehienak, eta, urteak aurrera joan ahala, ametsa egia bihurtzera zihoala konturatu zen Asegarce enpresarekin kontratua sinatu zuenean. 1997an, Eibarko Astelena pilotalekuan 20 urterekin lehen mailan profesionalki debutatu zuenetik, hainbat urte bizi izan ditu pilotatik eta pilotarentzat Zearrak. 1998an, bigarren mailako banakako eta bikotekako txapelduna izan zen; 2005ean, Gabonetako txapelketako txapela jantzi zuen, eta handik urtebetera, lehen mailako binakako txapelketan txapeldunorde izatera iritsi zen, bere garaipen zerrenda borobilduz. Aurtengo denboraldian, 11 partida jokatu ditu, eta horietatik seitan garaile izan da galdakoztarra.

Urte oparoak igaro ditu maila profesionalean pilotariak, baina kiroletik bizitzea gutxi batzuek lortzen duten erronka da egungo errealitatean. «Ikusi besterik ez dago kirola praktikatzen duten zenbat haur dagoen eta horietatik zeinen gutxik lortzen duen kiroletik bizitzea. Urte batzuetan bizirik irauteko balio lezake kirolak, baina etorkizunera begira jartzen hasten zarenean konturatzen zara beste diru iturri bat beharrezkoa dela». Gero eta ohikoagoa da pilotan goi mailan jokatzen duten eta beste ogibide batean jarduten duten pilotariak topatzea. Zearrak irakaskuntza eta kirola uztartzen ditu gaur egun.

Frontoitik ikastetxera

18 urte inguru zituenean, SHEE Heziketa Fisikoko lizentziatura lortu zuen, eta handik sei urte ingurura, soinketako irakasle izateko ikasketak ere burutu zituen Arabako unibertsitatean. Orduz geroztik, Hezkuntza Delegazioko zerrendetan agertu izan da galdakoztarraren izena, baina aurreko urtera arte ez zuen hortik bizitzea pentsatu. «Pilotan urte onak izan nituenean, beti uko egiten nien ordezkapen lanei». Iaz, ordea, aurrera begirako asmoei begira jarrita, irakasle lanetara bueltatzeko gogoa eta beharra piztu zitzaion pilotariari, eta Gasteizko Ibaiondo ikastetxeko Lehen Hezkuntzako ikasleen soinketako irakasle lanetan ari da aurtengo ikasturtean.

Ikasleekin harreman oso ona duela dio: «Gustura sentitzen naiz, ikasleak ere gogoz etortzen direla ikusten dudalako. Adin horretan, heziketa fisikoko ikasgaia gustuko izaten dute normalean».

Goizak pilotan entrenatzeko izaten ditu, eta arratsaldeak irakasle lanetarako hartzen ditu. Lanaldi murriztuan ari da orain; egunean bi orduz ematen ditu eskolak, arratsaldero. Pilotari eta irakasle izateaz gain, bi haurren aita ere bada, eta etxeko txikien zaintza ere bateratu behar izaten du gainontzeko betebeharrekin batera.

Duela gutxira arte, pilotaritzat zuen bere burua Zearrak. Honela dio orain, ordea: «Erretiroa gero eta gertuago ikusten dudanez, pilotari, irakasle eta aita gisa definitzen dut neure burua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.