Bilboko Aste Nagusia

Errima bete plaza Bilbon

Egunero, bertso saioak egiten dira Santiago plazan, eta gaur izango da han azkeneko emanaldia

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Aste Nagusian, errimak berebiziko zeresana izaten du Bilboko Santiago plazan. Izan ere, bazkaldu aurreko tenorean bertso saioak izaten dira egunero. Ezinbesteko ekitaldia bihurtua da askorentzat, eta horren lekuko da plazak izan ohi duen itxura bertso saioak hasi aurretik: jendez lepo, eta lehen kantuak noiz hasiko zain. Atzoko eguna ere ez zen salbuespena izan, eta ikusle ugari bildu zen bertsoari emandako plazara.

Bazen, hala ere, bertsoak ikustera inguratu ez ziren hainbat pertsona. Izan ere, saioa hasi aurretik, Santiagoko katedraletik ezkondu berri zen bikote bat atera zen, eta eurekin batera, baita hainbat gonbidatu ere. Beste era batera ezin, eta Aitor Sarriegi, Unai Iturriaga, Igor Elortza eta Uxue Alberdi oholtza gainera igo zirenean, ospakizun hori izan zuten ahotan. «Zirkua bukatuta / bertsoak hasi zain» kantatu zuen Sarriegik. Era horretan hasi zuen beasaindarrak bertsoen ikuskizuna, «gure debozioak / huts hutsean darrai / Santiagori hainbeste / zor zaio nolanahi / igual santuari ez / baina plazari bai». Bilboko jaietan plazak daukan garrantzia azpimarratu nahi izan zuen era horretan. Gaur izango da bertan jaietako azken emanaldia, puntako bertsolariekin gainera: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Sustrai Colina eta Anjel Mari Peñagarikano.

Umorea eta aldarrikapenak

Ordubete inguru iraun zuen saioak, eta bertsolariek nahiko saio txukuna osatu zuten. Aldarrikapenak umorearekin tartekatu zituzten, bietarako gaiak izan baitzituzten kantugai. Iturriagari, esaterako, euskaraz bizi nahi duela esan dio alabak, eta hari bota zizkion hiru bertso. «Zu lasai egon seguru euskaraz / biziko gara laztana / beste guztiak bizi daitezen / hori da lortu behar dena» kantatu zuen, eta saioa horrela amaitu zuen durangarrak: «Nahiz eta jakin euskara ez dela / ez salbatuko maitetik / ikastea eta hedatzea dela / gakoa esatea dagokit / badaezpada alaba egizu / zuk betiere bihotzetik».

Gai-jartzaileak, bestalde, Josu Uribetxebarria presoaren egoera eraman zuen taula gainera, Elortzari gai gisa ur botila bat eman zionean. «Badaude batzuk uraz pasatzen / aurten Aste Nagusia / beste lagun bat ospitalean / preso delako auzia / ez dakit berak daukana den / Espainiaren minbizia / baina botila erdi hustu hau / daukat ezin ikusia / bera bezala husten doa eta / pertsona baten bizia». Eta aldarrikapen horrek jarraipena izan zuen haren saioaren ondoren, gose greban dauden zenbait pertsona igo zirenean oholtza gainera.

Baina jai giroa ere irudikatu zuten Iturriagak eta Alberdik: Iturriagak Iñaki Azkuna Bilboko alkatea txosna batean lanean topatu zuen. «Orain arte zenbiltzan / egurra ematen / sententziak kikildu / egin zaitu hein batean / ez zintudan espero / zu Txori Barroten», kantatu zion Iturriagak alkateari, eta horrek erantzun oporretan bidali nahi zituzten arren euren alde xanpaina zabaldu nahi zuela.

Alberdik gainerako hiru bertsolariekin bidaian nora joan aukeratu behar izan zuen, eta saio txukuna osatu zuen. Emanaldia umoretsu amaitu zen, koplatan eta puntuka. Plaza gaur beteko da azken aldiz errimaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.