Erreka bazterreko hondakinak biltzeko kamioiak errota zulatua du gaur goizean, Bankan (Nafarroa Beherea), Iturritik elkarteak antolatu Errobi garbiketa baino lehen. Kamioia ezkeralderat balantzaka ari bazen ere, Pantzo Flores elkarteko kideak errota zaharra kendu eta berria eman du berehala. Hain justu, hondakin bilketa hasi baino lehen, kamioiak nolabait adierazi du errota zahartuak aurki daitezkeela Errobi bazterrean ere.
Iturritik elkartea 2023an sortu zen; Urepelen (Nafarroa Beherea) hasi zuen Errobiren garbiketa, eta urtez urte Baigorriko ibarreko herri guzietarik pasatu nahi du, Valerie Hariñordoki elkarteko kideak kontatu duenez. Haien helburua da ibarreko herrietatik pasatu ahala Errobi garbitzea, eta jendeari ohartaraztea erreketan botatzen den hondakin kopuruaz. «Gu duela guti hasi ginen erreka bazterrak garbitzen, Pantzo ohartu baitzen, erreka ondoan bizi delako, jendeak zikinkeriak botatzen dituela batez ere bide ondoetako erreka eremuetan».
Azalpen orokorra emanik eta eguneko garbiketaren norabidea finkaturik, bi taldetan banatu du Bankara hurbildu jendea. Hamar pertsonako bi multzo abiatu dira errekara buruz; bata leku malkartsuetan ibili da, eta bertzea, berriz, leku errazagoetan hasi da hondakinak biltzen.

Bide nagusia eta Errobi lotzen dituen malda latz batetarik pasatu ondotik, Errobi bazterrean plastiko puska beltz bat atzeman du Elise Dilet elkarteko kideak, garbitzen hasi eta berehala. Usu, plastikoa, berina edota errota zaharren zatiak atzematen dituztela zehaztu du. Baina erreka bazterrean bada hondakin itsusiagorik ere. «Iaz hozkailu bat atzeman genuen erreka bazterrean, eta okerren-okerrena uste dut autoen bateria bat izan zela, jakinik bateriek zer likido kutsagarri dituzten».
«Iaz hozkailu bat atzeman genuen erreka bazterrean, eta okerren-okerrena uste dut autoen bateria bat izan zela, jakinik bateriek zer likido kutsagarri dituzten»
ELISE DILET Iturritik elkarteko kidea
Plastikoa jaun eta jabe izatea ez da kasualitatea, Dileteren ustez. Izan ere, haren erranetan, «lehengo belaunaldiek» etxeko hondakinak naturan botatzen zituzten, plastikoa agertu baino lehen. Denboraren poderioz, plastikoa etxeetan sartu eta gizartea industrializatu da, baina etxeetako hondakinak berdin-berdin botatzen dituzte kanpora. Ondorioz, haren ustez, ingurumenak «goiti botatzen» ditu hondakinak, eta lurrak xurgatu zituenak berriz botako lituzke gaur egun.

Etxeko hondakinak ez ezik, laborantzan baliatu plastiko beltz arrastoak ere aurkitu dituzte Errobi bazterrean. Uxue Arrosa eta Manu Arrosa aita-alabak elkarrekin jin dira garbiketara, eta, beste hainbat gauzen artean, hodi puskak, metalezko plaka batzuk eta errota puskak ere atzeman omen dituzte.
Uxueren lagun Lyam Emok ere jardun du garbiketan, eta elkarrekin zaku bete zikinkeriari tiraka ibili dira goiz osoan, erreka zeharkatuz alde batetik bertzera. Biak kontent agertu dira gaurko ekintzaz. «Kontent gira erreka garbiturik, ingurumena salbatzen baitugu!», kontatu dute maldan goiti hondakin zakua tiratuz hatsankatuak zirela.
Garbitzea bakarrik ez, baina garbiketa «sozializatzea» da Iturritik elkartearen xedea, Dileren erranetan. Funtsean, haurrei erakutsi nahi diete erreka bazterra ederra izan dadin hondakinak errekara baino hondakindegira eraman behar direla.