Erromatar Inperioak Kantauri isurialdea bereganatu zuen garaian, bazen Urola eta Oria ibaiek marraztutako lurralde oparo bat: Menoska. Komertziorako gune bihurtu zuten berehala, bertako herritarren bizimodua betirako aldatuz. 2.000 urte geroago, garai horiek gogoratuko dituzte, baina Menoskatik joan gabe. Azken sei urteetan bezala, erromatar jardunaldiak ospatuko ditu Zarautzek, gaur eta bihar.
Zarauzko Arte eta Historia Museoak antolatu ditu jardunaldiak, eta ikusleak orduko zarauztarren bizimodua ezagut dezan, hainbat ikuskizun eta antzerki emanaldi prestatu ditu. Arrosategiko parkea eta Andre Mariaren Zeruratzea elizako museoa erabiliko dituzte ekintza guztiak egiteko.
Barduliarrak, jardunaldietako lehen antzezlana, gaur arratsaldean jokatuko dute, 19:30etik aurrera. Patxi Santamaria aktorearen zuzendaritzapean, duela hogei mendeko zarauztarren egunerokoa sortuko dute berriz hainbat herritarrek. Orduko janzkera, sinesmenak eta menoskarrek erromatarrekin zituzten harremanak ezagutaraziko dituzte.
Antzerkiaz gain, ekitaldi asko prestatu dituzte antolatzaileek, hala nola tailerrak, Arte eta Historia Museoa ezagutzeko bisita gidatuak, azokak eta arkume dastatzeak.
ZARAUZKO VI. ERROMATAR JARDUNALDIAK
Non. Arrosategia parkean.
Noiz. 12:30etik aurrera.
Erroma garaiko zarauztarrak
Zarauzko VI. Erromatar Jardunaldiak ospatuko dituzte gaur eta bihar, gladiadoreen garaiko bizimodua ezagutzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu