PROPOSAMENAK

Erromeria giroa Zarautzen

Euskal Jai Eguna egingo dute larunbatean Zarautzen, Euskal Astearen barruan. Alproja taldeak 'Jainkoen laratza' antzeztuko du Munoan, eta erromeria giroa izango da herri guztian

Alproja taldearen antzezlana, iazko Euskal Jai egunean. ANDONI CANELLADA/FOKU.
Ainara Otegi
2023ko irailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aurreko astean hasi zen Euskal Astea Zarautzen (Gipuzkoa). Herenegungoa izan zen asteko egun nagusia, Haurren Euskal Jai Eguna. Hainbat herritako haurrak elkartu ziren Lege Zaharren enparantzan, elkarrekin dantza egiteko. Gero, elkarrekin bazkaldu zuten. Oñatiko, Mutrikuko, Usurbilgo, Zumarragako eta Zarauzko haurrek parte hartu zuten. Haurrak izan dira orain arteko ekitaldi gehienetako protagonistak. Herenegun eguerdian emanaldi nagusia egin zuten guztiek batera, Lege Zaharren enparantzan. Aurten, Jalgi dantza taldearekin batera, Oñatiko, Mutrikuko, Zumarragako eta Usurbilgo taldeek hartu dute parte.

Gaur, jaialdia egingo dute herriko taldeek Lege Zaharren enparantzan, 20:00etan. Euria egiten badu, Modelo aretoan izango da. Parte hartzaileen artean daude Zarautz TRIK kultur elkarteko ikasleak, Jalgi dantza taldea, Goizeko Ihintza txistulariak, Arrain Zopa taldea eta Montetxio abesbatza, besteak beste.

Bihar Trikitilari Gazteen 43. Txapelketa egingo dute, Lege Zaharren enparantzan, 19:00etan. Aurreko astean aurresku txapelketa egin zuten, eta Mattin Etxebeste oiartzuarrak irabazi zuen txapela. Etzi, berriz ere, dantza txapelketa bat izango da, Lege Zaharren enparantzan,: Bikote Gazteen Dantza Txapelketa.

Larunbata izaten da egun nagusia: Euskal Jai Eguna. 07:00etan txistularien dianarekin hasi eta Goiztarrak taldearen irteerarekin jarraituko dute. Garai bateko pertsonaiak eta ohiturak irudikatuko ditu Goiztarrak taldeak, kalez kale. Talde berak antolatuta, pilota partidak, herri kirolak eta bertsolariak izango dira frontoi txikian.

Antzezlanerako momentua

Alproja taldearen antzezlana izaten da Euskal Jai Eguneko ekitaldi nagusienetakoa eta ikusmin gehien eragiten duena, klasiko bat. Taldeak 46 urte daramatza Zarauzko Euskal Jaiak alaitzen. Obra «polit-polita » prestatu dutela adierazi dute haien Instagrameko kontuan. 11:45ean kalejira bat abiatuko dute: San Inazio kalea, Kale Nagusia, Dorre Luzea eta Nafarroa kalea pasatuko dituzte, Munoa plazara iristeko. Munoa plazan antzeztuko dute Jainkoen laratza antzezlana, 12:00etan.

Hiru erromeria izango dira goiz-eguerdian Zarautzen: alde batetik, trikitilariak, txistulariak eta dultzaineroak elkartuko dira Musika plazan; bestetik, erromeria izango da Lege Zaharren enparantzan; eta, azkenik, Alproja taldearen antzezlana bukatutakoan, Iratzar taldearen erromeria Munoan.

Antzezlanaz gain, orga lehiaketa izaten da Euskal Jaietako ohiko beste ekitaldietako bat. Kuadrillek euren orgak erakusten dituzte kalez kale. Orga apaintzeko gaia librea da, baina euskal kulturarekinn edo Euskal Jaietako ohiturekin zerikusia izan behar du. Irabazleek 300 euro jasoko dituzte.

Arratsaldean, joan-etorria egingo dute, kalejiran: aurrena, Musika plazatik Iñurritzara; gero, Iñurritzatik Musika plazara eta Munoara.

Euskal Jai Astea



Larunbatera arte,Zarautzen (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.