Errota erraldoien aurka

Astelehenera bitarte, Bilbo Europako bideo jokoen hiriburu bihurtuko da, mundu osoko oraintxeko jokorik garrantzitsuenak lehiatuko baitira Fun&Serious Game jaialdian. Industriako enpresa handien aurrean, euskal estudioek txoko bat izango dute euren buruak ezagutarazteko.

Bilbo
2015eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Bideo jokoen denda guztiek izaten dute apalategi berezi bat. Batetik hamarrera, goitik behera, urtean gehien salduriko tituluak kokatzen dituzte, mimo handiz. FIFA 16, Assasin's Creed Syndicate, PES 2016, Uncharted, GTA V... Zerrenda hori izaten dute begiz jota kontsolazaleek. Bada, bideo joko horietako asko lehiatuko dira datorren astelehenera bitarte Bilbon egingo den Fun&Serious Game jaialdian.

Izen eta aurrekontu handiko titulu horien artean, baina, hiru bilbotarrek sortutako baroi aristokrata zoro bat dago: Von Sottendorff. Hura da Delirium Studiosek aurkeztu duen azken indie bideo jokoko pertsonaia. Indie-k independentea esan nahi du industriaren jargoian. Hau da, proposamen ezberdinak garatzen dituzten estudio txikiak, titulu komertzialetatik urrun. Jatorrizko ideia onenaren sarirako izendapena jaso du Los delirios de Von Sottendorff y su mente cuadriculada tituluak (Von Sottendorfen zorakeriak eta bere buru karratua). Pertsonaia xelebrea On Kixoterekin erkatzen du Arturo Monedero Delirium estudioko joko diseinatzaileak, «bere buruan harrapatutako baroia». Jokoa puzzle, plataforma eta buru hausgarrirekin dago osatua, eta negu honetan aterako du plazara Nintendo 3DS-k.

Beste konparazio bat ere egin du Monederok, Europako bideo jokoen Oscarrak izenez bataiatu baitu jaialdia. «Ez gaude ohituta alfonbra gorria zapaltzera, baina polita da. Garrantzitsua da zure izena nazioartean zabaltzea». Delirium estudioa Bilboko Berrikuntza Faktorian dago, beste hainbat enpresa berritzailerekin batera. BBFn elkarrekin bizi dira Mondragon Unibertsitateko ikasleak, aurreneko esperientzia profesionalak izaten ari diren enpresak eta merkatuan pauso irmoz mugitzen ari diren enpresak. Azken horien artean dago, gaur egun, Delirium. Bulegoan ordenagailuak, bideo jokoak eta telebista handi bat dago. «Lantegia» deitzen dio Monederok. «Hemen lan egiten dugu. Ideia berriak pentsatzeko kalera atera behar gara». Izan ere, inspirazioa gutxien espero den garaian eta lekuan agertzen da. Los Ríos de Alice, esaterako, Vetusta Morla musika taldearen abesti baten estrofa batetik sortu zen. «Abesti hori entzuten nengoela bururatu zitzaidan abestiarentzako joko bat egitea. Ideia asko gustatu zitzaien Vetusta Morlako kideei, eta begira, soinu banda oso bat sortu zuten bideo jokoarentzat».

Monederok argi du sormenarekin egin behar diotela aurre aurrekontu handiko jokoei. «Etxe handiek ez dute arriskatzen. Eurentzako balio txikia duten merkatu txokoak gutxiesten dituzte Call of Duty, FIFA... apustu seguruak dira, eta badakite asko salduko dutela. Baina merkatu aukera horiek espazio handiak dira gu bezalako estudio txikientzat». Aurrekontuak alderatu besterik ez dago desorekaz jabetzeko. Delirium estudioak On Kixote dirudi, Von Sottendorff pertsonaian irudikatuta, haize errota erraldoien aurka. Duela bi urteko jaialdian, esaterako, bi kategoriatan lehiatu zen Delirium estudioa Los ríos de Alice (Aliceren ibaiak) lanarekin: soinu banda onenaren sarian eta sakelakoetarako bideojoko onenaren sarian. Ez zuten deus egiterik izan GTA V, The Last Of Us, Candy Crush (500 milioi deskarga mugikorretan) titulu entzutetsuen aurrean. GTAren soinu bandako abesti baten baimenak Delirium estudioak garatutako aurreneko jokoaren ekoizpenak baino gehiago balio du, eta The Last Of Us jokoaren soinu banda ekoitzi duen musikariak, Gustavo Sataolalla argentinarrak bi Oscar sari irabazi ditu, Babel eta Brokeback Mountain filmengatik. Industriako enpresa erraldoien inbertsioak aparra bezala doaz goraka, inoiz ezagutu gabeko langak gainditzeraino. Hala, GTA V historiako bigarren jokorik garestiena bihurtu da, eta bere aurrekontua, 265 milioi eurokoa, Titanic filmarena baino %25 handiagoa da.

Indie lehiaketa

Hain zuzen ere, industriako erraldoien aurrean euskal produkzioak nazioartean ere ikusarazteko, jaialdiaren barruan AzPlay lehiaketa antolatu dute, orain arte hoPlay izenez ezagutu izan dena. Fun&Serious Festivalaren alde indiea da AzPlay. Bideo joko independenteen nazioarteko lehiaketa da eta bost kontinenteetako 158 jokok hartuko dute bertan parte. Bost kategoriatan banatuko dituzte sariak gaur 20:00etan hasitaAzkuna Zentroan egingo den galan: jatorrizko ideia, diseinu sortzailea, soinu musika, jolasteko erraztasuna eta euskal bideo joko onena.

Urte gutxiren buruan, nazioartean garatzen diren bideo joko original, sortzaile eta berritzaileenen erreferente bihurtu da. Indie jokoen alde egindako apustuaren zergatiak eman zituen atzo Jose Maria Martinez Hafo AzPlayko arduradunak. «Euskadin dauden enpresak oraindik ez dira gai lehen lerroko proiektu komertzialak garatzeko. Helburua da euskal industria sustatzea, eta, industria hori gaur egun independentea bada, zentzu handiagoa du halako lehiaketa bat egitea».

Haforen ustez, Azkuna Zentroa leku ezin hobea da gisa horretako lehiaketa bat antolatzeko. «Zentro honetan artea eta teknologia uztartzen dira. Indie bideo jokoen arima hori da: puntako teknologia erabiltzeaz gain, egiten dutena artetik gertu dago, askoz gertuago bideo joko komertzialek egiten dutenetik baino». Crystalizer, esaterako, eleberri irudikatuetan bereizitako bideo jokoak ekoitzi eta banatzen dituen plataforma da. Donostiako hiru gaztek osatzen dute lantaldea, eta, aurreko urteetan jaialdira joan badira ere, aurreneko aldiz aurkeztu dute lan bat. Jokoak Expediente X telesaileko kapitulu bat girotzen du, eta Scully protagonistaren izena darama tituluak: Dana. Hain justu ere, euskal bideo joko onenaren kategorian izendatu dute, Delirium estudioaren azken bi lanekin batera. Hautagaien zerrenda osatzen dute Santa Clara Games estudioaren 8Days tituluak, Logela Multimediaren Barbantxo-k, Zeus Soften Biomechanical Pest-ek, Ginkgoren Biopatrol-ek eta Flying Dodosen Walikal-ek.

Zita nagusia

Astelehenera bitarte jaialdiak ez du atsedenik hartuko, nahiz eta zita nagusia etzidamu iritsiko den. Orduan banatuko dituzte Guggenheim museoko atriumean Titanium sari nagusiak. Ohorezko saria jasoko dutenen artean egongo dira Tetris, Angry Birds, Assassin's Creed eta Monkey Island bideo joko ezagunen sortzaileak. Asteburua bera ere ekitaldiz beteta etorriko da. Hitzaldiak, mahai inguruak, networking eta enpresetarako nahiz publikoarentzako jarduerak dituen programa oso bat antolatu dute. Bilboko Euskalduna jauregira biltzen direnek, gaur egungo jokorik arrakastatsuenekin aritzeko aukera izango dute FunZone-an. World of Tanks jokoaren Europako ekitaldirik handiena egingo dute. Gainera, aurtengo jaialdian Youtubek eta youtuberrek protagonismo berezia izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.