Errotuladore zirikatzaileak

Ordu eta erdian esku trebe batzuek egin dezaketena erakutsi dute Alvarortega eta Ata komikigileek Gasteizen, beren lanen bilduma aurkezteko ekimenaren barruan.

Ordu eta erdian, komikiak bukatu zituzten bi marrazkilariek. RAUL BOGAJO  /  ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Bi paper zuri, bi arkatz eta errotuladore sorta bat, gorriak eta beltzak. Baliabide horiekin dozenaka lagunen arreta bereganatu, eta mundua errotuladorearen puntan gordeta dagoela frogatu dute Ata eta Alvarortega komikigileek. Mundu bihurri eta zirikatzailea islatu zuten atzo eguerdian, Crash pilula ekimenaren barruan egindako zuzeneko komiki marrazketan.

Hamabietan, puntu-puntuan, heldu ziren bi komikigileak Gasteizko Ignacio Aldekoa kultur etxera. Ordura arte ezer gutxik erakusten zuen sormen ariketa bat egongo zenik bertan. Marrazkilariak agertu arte, honako hauek baino ez zeuden: bi atriletan eskegitako paper zati handi bana, arkatzez eta errotuladorez betetako plastikozko kutxa bat eta dozena erdi bat lagun. Haiek lanean hasi, eta ikusminak bultzatuta, giro polita sortu zen aretoan.

Eusko Label Bildumaren inaugurazio ekitaldiaren barruan egin zuten Alvarortegak eta Atak zuzeneko komiki marrazketa, Atiza Komiki Marrazkilari Elkarteak antolatuta. Eusko Label Bilduma hainbat komikigileen lanak biltzeko egitasmoa da, eta 32 orrialdeko bilduma TMEO aldizkariarekin batera banatuko da. Egitasmo horretan parte hartu duten lehenengo komikigileak atzoko ekimenean parte hartu zutenak dira, hain zuzen ere. Ataren bilduma azken TMEOarekin banatu zuten, eta Alvarortegarena hurrengoa alearekin banatuko dute.

«Musika apur bat jarri beharko genuke, ezta?». Hitz horiekin hasi zuen lana Alvarortegak, eta arkatzarekin lehen marrak egin zituen. Kultur etxearen behealdean bildutakoek urrutitik jarraitu zituzten lehen minutu horiek, komikigileen lana ez oztopatzeko edo. Ikusminaren poderioz, ordea, aurrera egin zuten, marrazki bakoitzaren nondik eta norakoak jarraitzeko.

Berlusconiren irribarrea

Ikusleen ikusminari eustea ez da erraza izango marrazki bat egiten ari denarentzat. Komikia bukatuta jaso ohi du irakurleak, baina gutxitan ikus dezake nola sortzen diren irudi horiek minutu gutxiren buruan. Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroaren aurpegi irribarretsua irudikatu zuen Alvarortegak, marrazten hasi eta hogei minutura. Ataren orrialdean Goiz honetan hitzak irakur zitezkeen, baita marrazki txikiago batzuk ikusi ere: tximino bat ordenagailuaren aurrean, bi euli gorotz baten gainetik hegan egiten…

«Zertan ari dira?», galdetu zuten ikusminak behartuta poliki-poliki gerturatu ziren ikusleek. Haietako batzuek marrazkiak bukatu arte zain egoteko asmo tinkoa agertu zuten. Beste batzuekezin zuten halakorik egin. 70 urte inguruko emakume bi eseri ahal izateko aulki bila hasi ziren, hamar minutuz errotuladoreen joan-etorriak ikusi ondoren, eta kultur etxeko irakurketa gelara joan ziren, gero itzuliko zirela agindu ostean.

«Kontzertuetan bezala gertatu beharko litzateke zuzenean marrazten dugunean; marra batzuk egin, buelta eman, ikusleen txaloak jaso, hurrengo marrak marraztu…», esan zuen irribarretsu Alvarortegak. Izan ere, marrazkilarien eta ikusleen artean harreman handirik ez zen gertatu, elkarren artean errespetu harresi bat egongo balitz bezala. Aretoan gora eta behera korrika ari ziren haurrek baino ez zuten harresi hori apurtzen.

Komikia haurrentzat bideratuta dagoela iritzi zabaldua izan da urteetan, eta hainbat ume zeuden marrazkilarien zuzeneko lana ikusten. «Ez dut ulertzen zergatik lotzen diren komikiak haurrekin», nabarmendu zuen Atiza elkarteko kide Iñaki Larrinbek. Bi komikigileen bildumak zeuden mahaiko ohar batek argi eta garbi berresten zuen komikigilearen baieztapen hori: Pertsona helduentzako materiala da, zioen mahai gaineko oharrak. «Umeek nekez uler ditzakete komiki horietan lantzen diren gaiak», azaldu zuen Larrinbek.

Hitzez hitzezko ideia gainditu

Esaldi horren esanahia argi gelditu zen marrazkiak bukatzear zirela. Alvarortegaren marrazkian Berlusconik, irribarretsu, Gasteizen egoteaz pozik zegoela aitortu ondoren, adinez nagusiko ragazza-k bere eskuinean jartzeko eskatzen zuen, eta adingabeak ezkerrean. «Azkenaldian hedabideetan asko agertu da Berlusconi», esan zuen komikigileak, marrazkiaren zergatia azaltzeko orduan.

Egungo gizartearen garai zailaz egin zuen gogoeta Atak bere marrazkian. Telebistako albistegi batean munduko egia guztiak esan direla aurreratzen zuen tituluak: gorotz baten gainean jarritako bi euli hegazkinen trafikoaz arduratzen dira, tximino batek David Bisbalen abestiak idazten ditu... «Hitzez hitzezko ideiekin gelditzen dira pertsona asko, baina beste mota bateko irakurketa eskatzen dute komikiek», azaldu zuen Atak.

Komikigileak beren lanak sinatzen ari ziren bitartean, goiko solairura eserleku bila igo ziren bi emakumeak itzuli ziren. Bukatutako irudiak ikusi ostean, mahai gainean zeuden bildumak hartu zituzten. «Harrigarria da marra gutxi batzuekin zenbat gauza esan daitezkeen!», zioten, harridura puntuarekin.

Jendeak aretoa utzi zuen, baina marrazkiak bertan gelditu ziren. Ignacio Aldekoa kultur etxeari eman zizkioten artistek, bertako komikien atala apaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.