Errusiako eta Euskal Herriko Gabonetako musika tradizioak ezagutzeko aukera egongo da Lapurdin gaur eta bihar. Moskuko Sirin abesbatza eta Baionako Aizkoa gizon korua arituko dira bi herrialdeon errepertorioa aireratzen.
Errusiako kondairetako paradisuko hegazti bat da Sirin txoria. Andrey Kotov abesbatza zuzendariak izen hori aukeratu zuen 1989. urtean, musikari profesional batzuk elkartu zituenean herrialdeko folklore erlijiosoa lantzeko asmoarekin. Kotov urte luzez ibilia zen Errusiako bazterrik urrunenetan, tradizio zaharrak biltzen. Horri esker, errepertorio aberatsa osatu zuen Sirin egitasmorako. Errusiako Eliza ortodoxoko kantuez gain, kanta katolikoak, Serbiakoak eta Bizantzioko zein Georgiako elizetakoak abesten ditu. Aizkoa abesbatza Baionan sortu zen, hamarkada honen hasieran. Hamalau abeslarik osatzen dute, Patrick Betacheten zuzendaritzapean. Euskal Herrian, besteak beste, Iruñean, Tolosan eta Portugaleten abestu dute. Ipar Katalunian izan ziren 2005ean, eta Kaledonia Berrian bi urte geroago. Euskal Herria-Errusiako Gabonak ekitadiko ohiko gonbidatuak izaten dira. San Petersburgoko Nevski abesbatzarekin ere aritu dira.
EUSKAL HERRIKO GABONAK ERRUSIAKO GABONAK
Noiz. Gaur, 20:30ean, Baionako Santa Gurutzetako elizan. Bihar, 20:30ean, Miarritzeko Historia Museoan.
Errusia eta EHko gabon kantak
Moskuko Sirin abesbatza eta Aizkoa gizon korua arituko dira gaur Baionan, eta bihar Miarritzen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu