Esaera zaharrak, marrazki

Laurita Siles artista andaluziar euskaldunak 'Gogoko tokian aldaparik ez' erakusketa jarri du Getxon

Hogei esaera zaharren inguruko marrazkiak egin ditu Silesek.
Erredakzioa
2013ko abenduaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azken egunak dira Laurita Siles artistak euskarazko atsotitzen inguruan egin dituen marrazki bilduma ikusteko. Getxoko Algortan dago ikusgai lana, Abian Kultur Elkartean. Folklorea, kultura eta artearen arteko harremanak ikertzen ditu Malagako (Espainia) artista euskaldunak.

«Esaera zaharrak esperientzia kolektiboak sortu dituen adierazpenak dira; herri jakintzaren adibide argia», dio artistak. Euskara ikasteko prozesuan sortzaileak topatu dituen atsotitzen bilduma egin nahi izan du. Denera, hogei esaera zahar irudiz adierazi ditu, paperaren gaineko akuarela eta koloretako margoen bitartez.

Azaroaren 28an aurkeztu zuen erakusketa. Ikusleekin jolasa antolatu zuen, artearen alde ludikoa beti egon baita haren lanean: marrazkiak aurkeztu eta zein esaera zaharrari zegokien asmatu behar zuten ikusleek. Horrez gain, marrazkiekin eginiko postal biduma argitaratu du Silesek, edizio mugatu batean.

Siles 1981. urtean jaio zen, Marbellako Miraflores auzoan. Bilbon euskaldundu zen, eta bertan ikasi zuen txalaparta jotzen. Edurne Gonzalez artistarekin batera Komando Trini arte taldea sortu zuen, Pekinen, eta harekin batera ibili zen herriz herri Txalamobil txalaparta-triziklo egitasmoan. Folklorearen inguruko tesia landu zuen Arte Ederren Fakultatean.

ERAKUSKETA

Noiz. Abenduaren 23a arte.

Nob. Abian kultur elkartean, Algortan (Getxo, Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.