Escuderoren inguruko topaketa

Francisco Escudero musikagilearen omenez, topaketa bat antolatu dute gaur Donostian, Miramar jauregian

Francisco Escudero musikagilea. BERRIA.
Erredakzioa
2012ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Francisco Escudero musikagilea jaio zela (Zarautz-1912, Donostia-2002), ehun urte igaro dira, eta urte guztian hainbat kontzertu eta ekitaldi antolatu dituzte bai Escuderoren jaioterrian eta bai Donostian ere. XX. mendeko musikagilerik nabarmenetako bat izan zen Escudero, nazioartean oso ezaguna ez izan arren, eta gaur, maisuaren lanaren inguruko topaketa-omenaldi bat antolatu dute Miramar jauregian Donostiako Musika Hamabostaldiak, EHUko Udako Ikastaroek, Eresbilek eta Musikenek.

Miramar jauregiko egitaraua 10:00etan hasiko da, musikagilearen bizitza gogora ekarriko duen dokumental batekin. Jose Mari Agirrek idatzi eta zuzendu du dokumentala, Lizardi poetaren bilobak. Ondoren, 11:15ean, Itziar Larrinaga musikologoak Francisco Escudero: musika tradizionalaren igorpenaren berritzailea hitzaldia egingo du.

Eguerdi aldera, atsedenaldia egingo dute, eta 12:30ean berriz ekingo diote topaketari, mahai inguru batekin. Hauek mintzatuko dira, Francisco Escudero: modernitate musikalaren zubi gaia abiapuntu dutela: Jon Bagues (Eresbil), Ramon Lazkano (Musikene), Iñaki Alberdi (Musikene) eta Francisco M. Escudero. Topaketa 14:00 aldera amaituko da.

FRANCISCO ESCUDERO MAISUAREN INGURUKO TOPAKETA-OMENALDIA

Noiz. Gaur, 10:00etatik 14:00etara.

Non. Donostiako Miramar jauregian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.