Eskarmentutik abiatu zen psikologoa

Donostian emandako ikastaro batzuetako hitzaldiak ardatz hartuta, Antonio Blay psikologoaren irakaspenak argitaratu dituzte. Haren obrarik pertsonalena eta orijinalena da.

Miquel Marti eta Carolina Blay, Antonio Blay psikologoaren liburuaren aukezpenean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Donostia
2011ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Antonio Blay Fontcubierta psikologoa (Bartzelona, 1924-1985) iratzartzearen maisutzat hartzen da. Bere kabuz eta bere baitan eginiko ikerketen bidez obraluze eta sakona utzi zuen. Miquel Marti haren ikasle izandakoak eta Carolina Blay haren alabak aurkeztu zuten iragan ostegunean Kataluniako autorearen Despertar y sendero de realización liburua Donostiako Elkar liburu dendan.

1978an Donostian emandako ikastaro batzuetako hitzaldien transkripzioak hartu eta liburu itxura eman diote Carolina Blay eta Miquel Marti liburuaren argitaratzaileek. Hitzaldietan parte hartu zutenekin izandako eztabaidak ere jasotzen ditu liburuak. Iragan azarotik eskura daiteke psikologia transpertsonalaren aitatzat hartzen denaren lana.

Omenaldia egin nahi izan diote haren alaba eta jarraitzaileak liburuaren aurkezpenarekin. «Donostiarekin lotura handia izan zuen», adierazi du Carolina Blayk. Denboraldi batez Gipuzkoako hiriburuan bizi izan zen Antonio Blay, eta ugariak izan ziren hiriarekin eduki zituen hartu emanak.

Blayren ibilbide luzeko azken aldiko lana jasotzen du liburuak, eta giza psikologiaren izaerari buruz jarduten du. «Haurtzarotik zahartzaroraino gizakiak dituen arazoak azaltzen ditu, eta horiek nola konpon daitezkeen», adierazi du Miquel Martik. Gizakiaren egitura psikikoa azaleratzen du liburuak. «Blay maisuak giza psikologiaren barnean sartzeko abilezia izan, eta hori guztia modu erraz batean azaltzea lortu zuen», gaineratu du Martik.

Libururik pertsonalena

Autore kataluniarraren lanik pertsonalena eta orijinalena da, liburuaren argitaratzaileen arabera. Izan ere, bere buruaz hitz egiten duen liburu bakarra da. Egunerokotasunean pairatzen zituen zailtasun ekonomikoak eta laneko arazoak azaltzen ditu Blayk. «Horrek egiten du denok irakurtzeko liburua, era sinple batean azaltzen baititu eguneroko arazoak», azaldu du Carolina Blayk. Halaber, Antonio Blayk izandako esperientzia izpiritualen berri ematen da liburuan.

Blay ez zen mugatu giza psikologiari buruzko teoriak azaltzera. Erakusten zituen teoriak praktikara eramaten zituen, eta ez zuen sekula idatzi edo hitz egin pertsonalki egiaztatu gabeko gaiei buruz.

«Teoria oso argi uzten zuen. Eskarmentutik abiatzen zen azaltzen zuen teoria guztiak ulertarazteko, eta horrek oso eraginkorra bihurtzen zuen haren teoria», esan du Martik.

«Kontzientziaren mapagile» gisa gustatzen zaio Carolina Blayri aitaren jarduna deskribatzea. «Kontzientzia mailan ikusten zuena deskribatzen zuen. Hitzaren bidez azaltzen zuenez teoria dela dirudi, baina ez da hala, deskribapen bat da», azaldu du Carolina Blayk.

Liburua irakurle zabal bati zuzendua dagoela argitu du Martik. Arazo psikologikoak gainditzeko laguntza emateaz gain, giza psikologiaren azterketa sakona egiten baitu. «Autolaguntza liburu bat baino askoz harago doa, esperientzia izpiritualaren eremuari irekitzen baitio atea, eta barne mundu berri bat erakusten du», adierazi du haren ikasle izandakoak.

Barne irrika bat duen orori lagun diezaioke liburuak, Carolina Blayren aburuz. «Ikertzeko gogoa, barne ezinegona edo gehiago jakin nahi duenarentzat dago zuzendua. Blayren hitz egiteko era oso pertsonala da, eta norberaren sakoneko muinarekin konektatzeko gai da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.